Idazlea eta saltzailea

Bi aldiz pentsatu gabe, liburudendara sartu da Iraitz.

Idazlea da, eta hala azpimarratzen du aukera duen bakoitzean. Duela lau bat urte haurrentzako eleberri labur bat argitaratu zuen, eta berriki kaleratu du lehenengo ipuin liburua. Papera zikintzeak ez dio jateko eta lagunekin konpartitzen duen alokairua ordaintzeko ematen. Gurasoen jatetxean bazkariak zerbitzatzen ditu. 

Urte asko dira argitaratu duen liburuko lehenengo ipuina idatzi zuela. Bidean gelditu dira ehunka ideia akasdun eta makina bat ezezko argitaletxe puntakoenetan. Baina azkenean bai, lortu du.

Idazleen plazara salto egitea ez da uste zuen bezain atsegina izan ordea. Kritiken hemeroteka begiratzen du egunero eta oraindik ez dute bere liburuaz deus idatzi. Ez diote eskatu Sautrelara joateko, ez diote eskaini Berrian zutaberik, ez dute deitzen irakurle taldeetatik… Eta argitaletxean esan diotenez, salmenta datuak ez dira batere onak.

Atea ireki duenean, berehala begiratu dio Lurrek mostradorearen beste aldetik.

Idazlea eta saltzailea

Liburu-saltzailea da Lur. Saltzailea, batez ere. Dendako lehenengo baldosa zapaldu orduko identifikatzen ditu bere biktimak, eta segundu erdia nahikoa izaten du zer eta nola esan behar dion jakiteko. Hitz aproposekin, kapaza da Giri bati Xabier Mendigurenen azkena saltzeko ere. Gaztaroan Harry Poterren eleberriak irentsi zituenetik ez du hasi eta buka libururik leitu, baina irakurketa diagonalaren maisua da. Ziurtasunez mintzatzen da sekula ikusi gabeko liburuez ere. Beti gomendatzen dituen 20 bat liburu kuttun ditu, eta asmatauko istorio bana haietako bakoitzeko. Berdin limurtzen ditu bilobari oparitzeko liburuaren bila datozenak, oporretara eramateko zerbait nahi dutenak edo literaturaren sukarrak hartutako nerabeak.

Egun on, esan dio Iraitzi. Bezero guztiekin egiten duen moduan, minutu erdia itxaron du beste ezer esan aurretik.

Apalei begira, urduri dago Iraitz. Bere ipuin liburua bertan dagoela egiaztatu du, baina ez daki egun osoan buruan izan duena egitera ausartuko den. Baietz erabaki du azkenean. Jakin beharra du. Hartu du horrenbeste ordu kendu dizkion liburua, pixkanaka hurbildu da Lurrengana eta bota dio:

Aizu, barkatu. Zer moduzkoa da liburu hau?

Ez zaio Lurren erantzuna gustatu. Behar bezain borobila ez dela esan dio, koherentzia askorik gabe pilatutako ipuinak direla, gaur egun oso berde dagoenari ere uzten diotela liburua argitaratzen.

Ondoko apalera eraman du gero. Han bi liburu atera dizkio. Jada zendutako idazle poloniar batenak omen dira. Kontatu dio istorioa: bizitza guztia eman zuela idatzi eta idatzi, ez zuela hil arte errekonozimedurik jaso, oso bizitza aldrebesa izan zela berea… Bera dela literaturaren Van Gogh…

Istorioak harrapatu egin du Iraitz. Konturatzerako bere liburua ahaztu du eta idazle poloniarraren hiru eleberri nagusiak ari da ordaintzen. Dendatik ateratzear dela egin dio oihu Lurrek: “Horiek hirurak irakurrita, askoz ipuin txukunagoak idatziko dituzu, motel”.

Irrifarra ezkutatu ezinda atera da Iraitz, galtzetan ezin kabituta. Ezagutu egin du. Ez zitzaion sekula gertatu. Zerbait ongi ari da egiten. Haizea alde ari zaio jartzen.

Azkar ibili beharko da, hala ere. Laster hasiko dira gurasoen jatetxera bezeroak ailegatzen.

(Euskadi Irratiko Arratsean saiorako idatzitako testua)

Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude