Anari: “Oso zaila da niretzat hitzekin gustura geratzea”

Anarik (1970, Azkoitia) Eneko Moby Dick sortzailearekin hasi du bira. Kasualitatea edo ez, balea protagonista duen ‘Nola galdu’ kanta elkarrekin abestu dute diskoan. Baina ez da izan duen kolaborazio bakarra, lagunez inguratu baitira anaritarrak bosgarren lan honetan; Javi Manterola, Joaquin Pascual edota Karlos Osinaga ere ‘Zure Aurrekari Penalak’ diskoaren parte dira.
Anari
Argazkiak: Galder Izagirre
Testua: Leire Palacios (@AnnieSdelMono)
 …
Astelehen goiz batez elkartu gara Anarirekin zuhaitzek gordetako parkean. Aspaldiko laguna du Galder Izagirre eta besarkaden ondoren urduritasun ezagunarekin jarri da kamera objektiboaren aurrean: “Amak beti esaten dit serioegi agertzen naizela”, diosku. Beste elkarrizketa batetik dator, izan ere, interes handia piztu du ‘Zure Aurrekari Penalak’ bere bosgarren diskoak.
Ez da harritzekoa, Akauzazteko lagunekin Psych Out taldean bateria jo zuenetik, hogei urte igaro baititu oholtza gainean. Harrezkero, gitarra jantzita eta mikrofonoaren aurrean, intentsitate aldakorreko abesti gordinekin, trinkotasuna lortzea izan du xede.

 

Baieztapen borobilak ez dizkizugu maiz entzuten, baina diskoarekin gustura zaudela esan duzu. Zergatik?
Diskoen osotasunean lan handia egiten dut. Kanta guztietan arkitektura bat dago; horrek egiten du diskoa. Zure Aurrekari Penalak diskoan ere horrela dela pentsatzen dut. Azken batean letra, melodia, instrumentazioa, intentsitatea eta kantaera dena dira niretzat, eta horien bueltan ibiltzen naiz. Gustura geratu naizela diodanean, zentzu horretan ari naiz.

Adierazi duzunez, estudiora sartu aurretik ez duzu jakiten nola aterako zaren.
Diskoetara oso irekita heltzen naiz, baina badakit kanta bakoitzak zer izan behar duen. Estudioan sartzen garenean, eta disko honetan, bereziki, taldeak oinarria jartzen du ondoren kolaboratzaileek diskoa eurek sentitzen duten lekura eraman dezaten. Kanta intentsoa baldin badaukazu, kolaboratzailea ere horretara bideratzen duzu. Intentsitate horri kolorea kolaboratzaileak emango dio. Kantak egiteko eta desegiteko edota arkitektura desberdin bat aplikatzeko lekua da niretzat estudioa.

Aurkezpenean esan zenuen ‘Zure Aurrekari Penalak’ osatzen duten hitzak ez direla aurreko diskoetako abestietakoak baino sozialagoak. Irudipena daukat, ordea, bai dela ezkortasunean baikortasun handiena topatzen duen diskoa.
Saiatu naiz, bai. Egia esan, gaur bigarrena zara hori esaten didana, eta gustura entzuten dut. Bada sentimendu edo tonu bat ezin dudana jasan: malenkonia. Nik praktikatu dut. Asko damutzen zait eta nire burua zigortu dut horregatik. Eboluzio bat izaten saiatu naiz; lau aldiz azaltzen da “minez eta ederrez” diskoan, ezta? Nik uste horrek sintetitzatzen duela ideia. Triste eta gogorrak dira Anariren disko eta kantak, baina niretzat indarra ere badaukate. Gustatzen zaiAnarit horrelako lasaitasun tentso bat mantentzea.

Ematen du diskoan hitz guztiak oso ondo neurtuta daudela, dena oso kontzienteki josita dagoela. Baina, hala ere, adierazi duzu kanta berak bi hitz sorta ere izan dituela.
Bai, bai. Batez ere disko honetan gertatu da. Adibidez, Oreinak kanta goitik behera aldatu da. Lehen, bide ertzetako seinaleetako oreinen metafora zegoen kantan, eta metafora horren barruan istorioa. Buelta eman nion horri, eta orain istorio bat dago, eta horren barruan metafora bat. Gehiago ere izan dira: Hareago eta Orfidentalak kantek ere beste hitz batzuk izan dituzte.
Zer gertatzen da kantatzen ez diren hitz horiekin? Nora doaz?
Kar, kar, kar. Bada, inora ez. Hor geratzen dira. Nire artean pentsatu izan dut: “agian hemendik hiru hilabetetara beste hitz batzuk idatziko dizkiet eta kantatuko ditut”.
Zerk sortzen dizu zalantza?
Oso zaila da niretzat hitzekin gustura geratzea. Ona da? Txarra da? Niretzat kantak ez dira onak edo txarrak. Kontua da, zer esan nahi dudan eta nola geratzen den. Zer puntutaraino sentitzen dudan trinkotasuna lortu dudala.
Zure sentsazioekin edo inguruarekin lotura dauka? Esaten badizute: “Anari, ondo dago dagoen bezala, laga hortxe”; orduan zer?
Hori nik ikusi behar dut. Hitzetan nik agintzen dut, hori argi dago. Disko honetan bereziki denbora asko, gehiegi, izan dut bueltak emateko. Abenduan hasi ginen bandarekin grabatzen, otsailean kantatu nuen, eta berriz apirilean. Hainbeste denbora niretzat arriskutsua da; orain diskoa irekita egongo balitz, pare bat esaldi aldatuko nituzke agian. Are gehiago, zuzenekoetan aldatuko ditut; beti aldatu izan ditut hitzetako batzuk. Askotan gertatu izan zait, bizitzan ere, lehenago esan dudanarekin ados ez egotea.
Diskoa irekita egoteak horrela sentiarazten bazaitu, Gabonetan Garaten sartu zinetenetik zergatik luzatu da hainbeste grabaketa?
Alde batetik, working-class gara denok eta ezin ditugu nahi beste egun hartu grabatzeko. Oporrak aprobetxatu ohi ditugu. Zenbait gauzatan duda egon da, horregatik momentu batzutan luzatu gara, eta beste batzutan denboraz ondo ibili gara… pixkat martxaren kontua izan da. Baina egia da horrek ematen dizula gauzak behin eta berriz berrikusteko aukera. Dena hiru astetan kantatu izan banu horrela geratuko litzateke eta horrela entzungo nuke.
Grabazioaz ari garela, Karlos Osinagak grabatu badu, zergatik Bonberenean ez ezik Garaten ere grabatu duzue?
Kontua da bateriak, gitarrak eta baxua batera grabatzen ditugula, eta Garatek oso toki gutxik daukaten areto soinua daukala. Produkzioan bateriak bertan grabatuta daudela antzematen da. Gainera, ez dakit zenbat urte izango dituen mahai analogikoa dauka, eta soinu jakin bat ematen dio. Arrazoi praktikoa ere badago: Mikelek Garaten egiten du lan, Garateko parte da.

Alde batetik, ‘Zure aurrekari penalak’, “makrojuizio intimoak” edota ‘Ametsen eraiste neurtua’ espresioak. Bestetik, zuria edo beltza ote zen ez zekien zebra hura, dirudienez, orain oreina da. Baleak agur esaten du. “Elkar jaten duten bi arrain” izatetik, “ze animalia ginatekeen gu” galdetzera… Heldu da baretasuna eta konformatzeko garaia?
Ez dut uste pertsona konformista naizenik. Artistikoki ez behintzat. Eta bestela ere ez. Nik uste adinarekin gertatzen den gauza bat dela; ez da konformatzea, ulertzea da. Ulertzen duzu batzutan gauza txarrak onerako izan direla eta gauza onak txarrerako izan daitezkeela. Diskoan bada berrikuspen bat. Oreinak kantuan, zalantzarik gabe.

Abestien hitzekin literaturari egin diozun ekarpena aitortu zaizu. Nola ahokatzen dituzu hitzak musikarekin?
Hor dago koxka! Kantek ahalmena dute munduko gauzarik sinpleenak kristoren indarra hartzeko. Niretzat bide handi bat despoetizazioa da, modu kontziente eta aktiboan egiten saiatzen naizena.

Zer behar duzu sortzeko?
Nire metodoa asko sortu eta ondoren sailkatzea da. Orain disko honekin ari naiz, baina atzo arratsaldean idazten aritu nintzen, adibidez. Zure buruari askatasuna oparitu behar diozu, inguruarekiko, esan nahi duzunarekiko, egin nahi duzunarekiko…

Eta kasualitatez beti da bost urtetik behin?
Bai! Kar, kar, kar! Kausalitatez izango da, kasualitatez baino. Lasai hartzen dudalako, saiatzen naizelako aurrekoa atzean uzten. Sortzeko distantzia bat behar dut.

Disko berriak oihartzun handia izan du. Aurrekoek harrera ona izan zuten, baina bosgarrenarekin bestelakoa izan da. Espero al zenuen?
Ez. Irla izan-ekin bukaera aldera kontzertuetan oso jende gaztea zegoela kontziente nintzen. Uste dut Anari beste publiko batek hartu duela.

Zergatik?
Ez dakit, eta niri poza ematen dit, uste dudalako Anari ez dela entzuteko erraza. Gure diskoak ez dira irratian ipintzeko errazak. Jendeak esaten du momentua aukeratu behar duzula Anari entzuteko. Niretzat Anariren musikak ez du gauza askotarako balio.

Kar, kar, kar! Zehaztu azken hori, berez titular maltzur potentea da-eta.
Kar, kar, kar! Bai, bai, egia da! Irrati formularako ez du balio, ez du balio alderdi politikoen megafonian jartzeko, ez du balio… ezertarako! Entzuteko eta kontzertuetan kantatzeko bakarrik. Eta bat-batean ikusten duzu hogei urte inguruko jendea kontzertu batean eta esaten duzu: “Nola heldu da hori Anari entzutera?”. Gainera, etengabe ari gara analisi tremendistak egiten: zer musika entzuten du gazte jendeak… ez dute musikarik entzuten…

Ados zaude euskal musikari audientzia falta zaiola esaten dutenekin?
Nire esperientzia da, neurea, jendea kontzertuetara joaten dela. Gure kontzertuetara etortzen da jendea. Eta ni besteen kontzertuetara joaten naiz eta jendea dago. Pasatzen zaiguna da, 90eko hamarkadako super boom-etik gatozela, eta beti dekadentzi baten sentsazioa dagoela diskurtsoan.

Orokortua baino, diskurtso pertsonalean?
Bai, nire ustez bai. Baina kontziente ere izan behar gara. Askoz inportanteagoa da orain hasten den jendeak zer esaten duen eta zer sentitzen duen. Nire bosgarren diskoa da, hogei urte daramatzat honetan. Niretzat tren bat da eta batzuk bajatzen joan behar dugu, batez ere euskal kultura bezalako gauza batetan, eta beste batzuk sartzen joan behar dute. Inportanteena trena da, ez zein doan barruan.

Trenetik jaitsi beharko duzula barneratu duzu.
Kultura denetan pasatzen da jendea modaz. Ni ere pasako naiz modaz. Seguru asko laster gainera. Jendeak zure disko batzuk entzun ditu eta hor geratuko da. Ezer ez da betiko.

Irakurri elkarrizketa osoa Gaztezulo.eus-en
Egin urte osoko harpidetza 22 euroren truke eta etxean jasoko duzu Gaztezulo!

 

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.