Azalaren kolorea ez besterik
Azalaren kolorea ez besterik
Angélica Dass (Rio de Janeiro, 1977) argazkilari brasildarra da, eta “HumanÆ” du egitasmorik ezagunena; urte batzuk daramatza berau garatzen..
.
“HumanÆ” proiektuak giza azalen inbentario kromatikoa osatzea du helburu. Horretarako, artistak bular bistan diren gizakien karnet argazkiak egiten ditu, sorbaldetatik gora. Gero azal kolore edo tonu bakoitzaren Pantone kodea lortu -sudurra oinarri hartuta-, eta honekin osatzen du hondo edo atzealdea.
“HumanÆ” proiektuak giza azalen inbentario kromatikoa osatzea du helburu.
Paradoxikoki, bi azal kolore edo tonu erabat berdin ez dauden arren, gizaki guztiak berdindu egiten ditu Dass-ek, egitasmo honetan ez baitu inporta pertsona bakoitzak izan dezakeen itzal edo aberastasunak, ezta zein arraza edo sinesmenekoa den ere.
Argazki taxonomiak, egin izan direnetan -identitate erretratuak, besteak beste-, modu batera edo bestera kontrol soziala izan dute helburu. Dass-en lan infinituak ez ordea. Honek ardatz dituen Pantone gidak koloreak sailkatzeko sistemarik unibertsaletarikoak dira egun, kolore bakoitzari kode alfanumeriko bat emateari esker tonu bera edozein euskarritan islatzeko gai egiten duena.
Begia azal bakoitzaren kolore kodean jarrita -bakoitzak Pantone zenbaki edo kode bat izango du (argazkilaria bera Pantone 7522 C izango da -goian duzue-)-, oso modu sinplean berdindu egiten ditu arraza guztiak, batzuk besteekiko duten menderakuntza ezerezean utziz.
.
Egitasmo bukaezina
Argazkietan ageri direnak egitasmoa ezagutu eta bertan parte hartu nahi izan duten pertsonak dira; ez dago hautatze prozesurik. Izan ere, proiektuak “HumanÆ Work In Progress” du izen osoa. Zergatik `work in progress´? Etengabe garatzen dagoen lan globala delako -artistak ere ez dio bukaera datarik jarri-; eta munduko gizaki guztien argazki bana eginda baino ezin buka daitekeelako.
Egitasmoan parte hartu nahi izan duten boluntarioak ageri dira argazkietan; ez dago hautatze prozesurik.
Iragan azaroaren 25etik 27ra, esaterako, Angélica Dass BilboArten izan zen lanean, eta bertan egin zituen argazkiei esker, “HumanÆ” proiektuak dagoeneko jaso dituen 3.000tik gora larruazalean artean 56 bizkaitarren erretratuak ere ageri ditu.
Egitasmoaren orain arteko emaitza lau kontinenteko hogei hiritan erakutsi da, argazki-mosaiko itxuran. Egunotan, Bilbon (sei kubo handi Uribitarte pasealekuan) eta Getxon (Getxo Antzokiko fatxadan) dago ikusgai, “dibertsitatearen alde eta arrazakeriaren kontra” egiteko asmoarekin.
Azalaren kolorea ez besterik