Gazteak gaztelaniara jo beharrik ez izateko…

Gazteak gaztelaniara jo beharrik ez izateko

UEUren Unibertsitatea.net ataritik jasotako elkarrizketa:

Garbiñe Bereziartua Etxeberria ikertzaile azpeitiarrak Pedagogia ikasketak amaitzear zituela ezagutu zuen ikerketaren mundua; orduantxe sartu zitzaion galderak egin eta erantzunak bilatzeko irrika. Eusko Jaurlaritzaren doktoretza aurreko beka lortuta ekin zion tesia egiteko bideari, eta amaitu zuenetik, han-hemen aritu da lanean (Azpeitiko Euskara Patronatuan, Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultatean edo UPV/EHUren Leioako irakasle eskolan, besteak beste). IkerGazte kongresuan aurkeztu zuen “Ingurune euskalduneko gazteak eta hizkuntza idatzia” artikuluaren inguruan egin dugu solas berekin.

Garbiñe Bereziartua: “Gazte batentzat, gaztelaniara jo beharrik ez izateko, baliabide garrantzitsua da euskalki baten jabe izatea”

Gazteak gaztelaniara jo beharrik ez izateko

Zer dela eta aukeratu zenuen gai hori?

Gaur egunean hizkuntzaren idatzizko aldaera ikaragarri erabiltzen da. Gailu teknologikoez asko baliatzen gara gure pertsonarteko komunikaziorako, eta idatzizko hizkuntza oso presente dago gure egunerokotasunean. Hori horrela gertatzen da munduko hainbat hizkuntzatan eta interesgarria iruditu zitzaidan bereziki ingurune euskaldunekoak baina eleanitzak diren gazteek esparru horretan hizkuntza nola erabiltzen duten aztertzea.

.

Ingurune euskalduneko gazteen hizkuntza idatzia aztertu duzunean, testuinguru informalera jo duzu. Bide horretan, teknologiak komunikatzeko bide berriak ekarri dizkigunez, ukaezina da lehen baino askoz gehiago idazten dugula, baina zer ezaugarri dauzka gazteek esparru informalean idatziz komunikatzeko erabiltzen duten hizkuntzak?

Lehenik eta behin ikusi duguna da guk aztertutako gazteek euskalkia erabiltzen dutela esparru informalean idatziz komunikatzeko.

Aztertu dugun hizkuntzaren beste ezaugarri nabarmen bat da hainbat motatako laburdurak egiten dituztela, hala nola: hitz baten barruko zenbait hizki jatea (kxo, “kaixo” idatzi ordez), hitzak elkartzea (junber det, “joan behar dut” idatzi ordez), akronimoak erabiltzea (zmz, “zer moduz zaude” idatzi ordez) edota “h” hizkia ez erabiltzea.

Bestetik, gazteak esparru informalean idatziz komunikatzen direnean neurri handi batean hizkuntzaren ahozko aldaeran komunikatzen diren moduan komunikatu nahi dute eta horretarako hainbat estrategia erabiltzen dituzte: bokalak luzatzea intonazioa emateko (kaixooo), hizki larriak erabiltzea oihu egitea simulatzeko (EZ ETSI!), puntuazio markak errepikatuta idaztea (!!!!) edota emotikoiak erabiltzea ( 😉 ).

Horrez gain, ikusi dugu testu horietan bi motatako akatsak egiten dituztela: akats tipografikoak (iksui, “ikusi” idatzi ordez) eta akats ortografikoak (azpaldi, “aspaldi” idatzi ordez).

.

Testuinguru informalean erabiltzen den hizkuntza idatziak kalte egiten al dio testuinguru formalekoari?

Gure ikerketan ikusi dugunaren arabera ezin dugu horrelakorik esan. Alde batetik, esparru informalean idatziz erabiltzen zuten hizkuntzak zein ezaugarri zituen aztertu genuen; beste aldetik, eskolako testuinguru formalean idatzitako idazlanak aztertu genituen. Ikusi nahi genuen ea esparru informalean erabiltzen zuten hizkuntzaren ezaugarri horiek ageri al ziren esparru formalean egin beharreko idatzietan. Eta ez genuen horrelako zantzurik ikusi. Beraz, guk esan dezakeguna da gure ikerketan parte hartu zuten gazteek ez daukatela inolako arazorik testuinguru batera zein bestera egokitzeko.

.

Zer dela eta aukeratzen du gaur gazte batek euskaraz idaztea? Zer faktorek eragiten du hizkuntza bat edo bestea hautatzea?

Hizkuntza bat ala bestea erabiltzea aukeratzeko orduan eragiten duten faktoreak zenbait ikerketatan aztertu izan dira. Esaterako, Euskal Herriko Soziologia Klusterrak Gazteen erabilera. Perspektiba eta prospektiba proiektuaren baitan gazteen hizkuntza erabileran eragiten duten faktoreen azterketa egin zuen Topagunearekin (Euskara Elkarteen Federazioa) eta Gipuzkoako Urtxintxa eskolarekin. 12 eta 30 urte bitarteko gazteek eremu ez formaletan duten hizkuntza erabilera aztertu zuten. Erabileran eragiten duten faktoreak Martinez de Lunak (2001) proposatutako markoaren barruan antolatu zituzten, alegia, maila indibiduala, mikrosoziala eta makrosoziala. Martinez de Luna-ren eredu teorikoak Euskal Herriko gaztetxoen hizkuntza-egoera aztertzeko eredu orokor bat proposatzen du. Hortik abiatuta gazteen hizkuntza-aukeraketan eta erabileran eragiten duten faktoreak identifikatu eta zehaztu zituzten Gazteen erabilera. Perspektiba eta prospektiba proiektuan.

Maila makrosozialean eragiten duten faktoretzat hartzen dituzte hiztunaren testuinguru politikoa, jasotzen dituen input mediatikoak eta jasotzen duen kontsumo-eskaintza. Hiztunarentzat erreferente diren pertsona eta taldeak maila makro nahiz mikrosozialean kokatu ahal litezke. Maila mikrosozialean eragiten duten faktoreen artean honakoak zehazten dituzte: hiztunaren harreman-sareetako hizkuntza arauak eta ohiturak, gizarteak nola hautematen duen hizkuntza eta gizarteak nola hautematen duen egoera soziolinguistikoa. Hiztunaren hizkuntza-gaitasuna maila mikrosozial nahiz indibidualean koka liteke. Eta maila indibidualean eragiten duten faktore gisa aipatzen dituzte hiztunaren identitate kolektiboa, hiztunak hizkuntzarekiko dauzkan jarrera eta portaerak eta hiztunaren haurtzaroko hizkuntza ingurunea.

Gazteak gaztelaniara jo beharrik ez izateko

Gazteen hizkuntza-aukeraketan eta erabileran eragiten duten faktoreak (Soziolinguistika Klusterra, 2009).

.

Eredu hori oinarri hartuta, gure ikerketako gazteei hizkuntza bat edo bestea aukeratzerako orduan eragiten dieten faktoreak zeintzuk diren identifikatzen ahalegindu gara. Maila indibidualeko faktoreen artean familiaren jatorria eta etxean jasotzen den input-a izan dira ikasleek nahiz irakasleek gehien nabarmendu dituztenak. Maila mikrosozialeko faktoreen artean ohituren eta arau sozialen eragina eta zenbait egoeratan euskararekin baliabide faltan sentitzea izan dira nabarmendutako faktoreak. Eta maila makrosozialeko faktoreen artean input mediatikoaren (bereziki, telebistaren) eragina izan da gehien nabarmendu den faktorea.

.

Zeintzuk dira zure ikerketaren ondorio nagusiak? Nola deskribatuko zenuke, bada, ingurune euskaldunetako gazteen eta hizkuntza idatziaren arteko harremana?

Guk aztertutako gazteak sare sozialetan komunikatzen direnean euskaraz egiten dute. Hori horrela izaten laguntzen du, ezbairik gabe, testuinguru soziolinguistiko euskaldunekoak izateak. Baina bereziki nabarmendu nahi nuke euskalki baten jabe izatearen garrantzia, hori baita nire ustez gaztelaniara jo beharrik ez izateko baliabide garrantzitsu bat.

Gauza jakina da hizkuntza baten edo bestearen aukeraketan eragiten duten faktoreen artean familiaren jatorriak eta etxeko input-ak daukaten garrantzia. Baina kasu honetan hain indartsuak izan ohi diren bi faktore horiek alde zeuzkaten eta beste faktore batzuk identifikatu eta agerian uzteko aukera eman du ikerketa honek. Eta hor ikusi dugu telebistak daukan eraginaz jabetzea komenigarria dela.

Teknologiaren garapenarekin komunikatzeko bide berriak eta komunikatzeko modu berriak sortzen ari dira. Eta esan dezakegu esparru horietan komunikatzerakoan erabiltzen den hizkuntza aldaera berri bat sortzen ari dela. Ezaugarri unibertsalak dituela dirudien hizkuntza aldaera bat.

Eta idazteko modu horrek sor ditzaken kalteek sortu duten kezkaren harira, gure ikerketan ikusitakoaren arabera ezin dugu esan kalte horiek gertatzen direnik. Hala ere, horren inguruan ikerketa gehiago egiteko beharra ikusi dugu.

.

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea?

Ikertzaile izatearekin lotuko nituzke hainbat ezaugarri: interesa, kuriositatea, diziplina… gertatzen dena xehetu, aztertu, ulertu eta gure ingurua hobetzeko hondar-aleak ipintzen saiatzea… Gaztea izatearekin lotuko nuke aurreko guztia egiteko gogoa izatea.

.

Zer suposatzen du horrek?

Ikertzaile gaztea izatea eta esparru akademikoan zure bidea egiten ahalegintzea ez zait xamurra iruditzen bikaintasunaren eta lehiakortasunaren balioetan oinarritzen den mundu akademikoan. Esango nuke ez daukagula oso bide erreza.

Hala eta guztiz ere, iruditzen zait ikertzaile izateak berekin dakarrela galderak egin, erantzun moduan argitasun pixkat eta galdera gehiago jaso eta galdera horiei erantzuten ahalegintzeko gurpil zoroan aurrera jarraitzea.

Gazteak gaztelaniara jo beharrik ez izateko / Gazteak gaztelaniara jo beharrik ez izateko
Gazteak gaztelaniara jo beharrik ez izateko / Gazteak gaztelaniara jo beharrik ez izateko

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Gazteak gaztelaniara jo beharrik ez izateko…”-ri buruz

  • Gaztelaniara jo? Ez dut ulertzen. Zenbatek jo dute frantsesera?

  • Beraz gaztelerara ez jotzeko euskalki bat menderatu behar omen da,ez det uste horrela danik ezta urrutitik, euskalki jakin gabe, behar dan maila izanez, batuan egin dezakezu dena, hori ez du erran nahi, kalean batu batua egingo duzunik, gaztelera batu batua ere egiten ez dan modun.

    • Ezta urrutitik (ni de lejos) erabiltzea ez al da gaztelerara jotzea?

  • Euskalki ezagatik da hori? Ez,maila eskasa,ohitura txarra… Euskalkietako hiztunak ere egiten dituztenak.