Zinegoak, aurrez aurreko egitarauari eutsiz eta leiho digitala irekiz

Zinegoak, aurrez aurreko egitarauari eutsiz eta leiho digitala irekiz –

Zinegoak “zalantza izpirik gabe” antolatuko da martxoaren 1etik 4ra, aurrez aurreko egitarauari eutsiz eta leiho digitala irekiz.

Jaialdiak gaurkotasun handiko gaiak landuko ditu edizio honetan: identitatearen eraikuntza, amatasun lesbikoak, talde-zaintza eta abar.

Sail ofizialeko 18 pelikulak aurrez aurre gozatu ahal izango dira Golem Alhondigan eta modu birtualean Filmin plataforman. Film laburren sei zikloak Bilborocken eskainiko dira, doako sarrerarekin.

Bilborekin batera Lekeitio egoitza ofiziala izango da eta 40 udalerri baino gehiago izango ditugu ZG Hedapenean.

Zinegoak, aurrez aurreko egitarauari eutsiz eta leiho digitala irekizZinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak 18. edizioa aurkeztu du gaur, Bilborocken antolatutako prentsaurrekoan. Aurten Zinegoak martxoaren 1etik 14ra arte ospatuko da eta osasun-krisiak jaialdia baldintzatu duen arren, Zinegoakek aurrez aurreko programazioaren aldeko apustua egin du, Filmin plataforman leiho digitala irekitzen duen bitartean. Beste urte batez, beraz, Bilbon kulturaz, zineaz  eta aniztasunaz gozatu ahal izango dugu; baina Bilbora gerturatzeko aukera ez dutenek ere, Zinegoakez gozatzeko aukera izango dute Filmin plataforma digitalaren bidez. Edizio honetako leloa “Zalantza izpirik gabe” izan da, eta horrek lotura zuzena du Zinegoakeko kartelarekin eta aurtengo helburuarekin: Aurtengo edizioan, beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna duela gutxira arte kontzeptu edo ideia hutsak ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan jarri dugu begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan”.

Beste urte batez, Zinegoakek hiru sail ofizial izango ditu bere programazioan: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Hiru sail ofizialetako 18 film luze horiek Golem Alhondigan proiektatuko dira martxoaren 1etik 7ra arte, eta bertan gaurkotasun handiko gaiak izango ditugu: belaunaldi berrietan oso presente dagoen eraikuntza identitarioak, amatasun lesbikoak, talde-zaintzak eta abar. 18 film horietatik bederatzi opera primak dira, bederatzitan eduki lesbikoa lantzen da (batez ere FIK sailean) eta gehienetan zuzendariak emakumeak dira.

Martxoaren 5etik aurrera, sail ofizialeko film guztien lehenengo proiekzioa eta gero, Filminen leiho birtuala irekiko da. Horrela, Filmin plataforma beste egoitza bat izango da eta bertan jaialdiko film luze guztiak ikusi ahal izango dira. Data horretatik aurrera, egunero hiru film berri estreinatuko dira (egunero bana sail bakoitzeko) eta gehienez 72 ordu egongo dira ikusgai.

Film laburrei dagokionez, Zinegoakek gai ezberdinei buruzko sei ziklo ezberdin antolatu ditu, eta horiek guztiak Bilborocken egongo dira ikusgai, 18:00etan, doako sarreragaz. “Haurtzaroa-Nerabezaroa” edo “Emakume zuzendariak” ohiko zikloekin batera, “Drag life” eta “Erresilientziak” ziklo berriak ere izango ditugu. Halaber, “LGTBI+Nagusiak” zikloa berreskuratu da eta urtero bezala “Euskal Begiradak”, Euskal Herrian sortutako ekoizpenekin gozatu ahal izango dugu.

Horrez gain, Arriaga Antzokian hasiera ekitaldia ospatuko da martxoaren 1ean, eta bertan Jose Antonio C. Amunarriz hondarribiarraren “Red Bay” film laburraren erabateko estreinaldia izango dugu. Ekitaldirako sarrerak otsailaren 24tik aurrera eskura daitezke antzokiaren webgunean bertan.

Gainera, Zinegoakek ere ziklo berezi bi antolatu ditu BilbaoArten. Alde batetik, Sébastien Lifshitz Zinegoak 2021 Ohorezko Saridunari buruzko atzera begirakoa; eta, bestetik, “Brasil transbertsala” ziklo berezia, trans pertsonek Bolsonaroren Brasilen bizi duten egoeraren ingurukoa.

“Bilgune” jarduera osagarriari dagokionez, jaialdiak hainbat aurkezpen berezi egingo ditu. “Nola esan / izan bollera” proiektuarekin “lesbiana” hitzarentzat euskaraz dauden berba ezberdinak ezagutuko ditugu. Horrez gain, Rio Parana taldearen T.R.A.U.M.A. podcast-aren bigarren denboraldia ere aurkeztuko da, online bidez. Era berean, bigarren urtez ZG PRO ikus-entzunezko industriarekin lotutako topaketak antolatuko dira. Bertan hainbat proiekturen aurkezpenak izango ditugu, besteak beste, Izar Films eta Gehituk ekoiztutako “Ni naiz naizena”, trans errealitatearen inguruko 10 kapitulu dituen websaila, Aitzole Aranetaren protagonismoarekin.

.

40 udalerri baino gehiago ZG Hedapenean

Beste urte batez, jaialdia Bilbon amaitzen denean, Zinegoakek ibilbidea hasiko du Euskal Herrian zehar, herriz herri. Osasun-krisiak egoera zaildu duen arren, aurten 40 udalerri baino gehiago izango ditugu ZG Hedapenean parte hartzen, 50 proiekzio baino gehiagorekin. Gainera, udalerri batzuek lehen aldiz parte hartuko dute Hedapenean, besteak beste, Orio, Eskoriatza eta Aduna. Zerrenda osoa www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.

Gainera, lehen aldiz, Zinegoakek beste egoitza ofizial bat izango du Bilborekin batera. Zinegoak eta Euskal Zine Bileraren arteko lankidetzari esker, Lekeitio egoitza ofiziala izango da eta proiekzioak izango ditugu martxoaren 6tik 8ra arte: “Valentina” film luzea eta “Euskal Begiradak” eta “Emakume zuzendariak” film laburren zikloak.

.

“3, 2, 1… Zinegoak!”

Aurreko edizioetan bezalaxe, Zinegoakek hainbat jarduera antolatu ditu jaialdiaren irekiera ofiziala baino lehen. Aurten otsailaren 26tik 28ra arte izango dira. Ostiralean Guggenheim Museoan “Keith Haring. Street art boy” dokumentala ikusi ahal izango da; larunbatean Rote Zora emakumeen talde armatu iraultzaileari buruzko dokumentala izango dugu ikusgai; eta azkenik igandean “Petite Fille” Sébastien Lifshitzen azken lana proiektatuko da. Zinegile frantsesak online bidez jasoko du Zinegoak 2021eko Ohorezko Saria.

Zinegoak, aurrez aurreko egitarauari eutsiz eta leiho digitala irekiz