Aukeratuak izan dira Kimuak 2020ko katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak
Aukeratuak izan dira Kimuak 2020ko katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak –
Gaur eman da aditzera Etxepare Euskal Institutuak antolatutako eta Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatutako Kimuak programaren 23. edizioan banatuko den film labur sorta.
Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Michèle Driguez –Montpellierreko (Frantzia) CINEMED Mediterraneoko Zinema Jaialdiko film laburren saileko arduraduna–, Alfonso López –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea–, Dora Martí –Valentziako IVAC Kultura Institutuko ikus-entzunezko sustapeneko eta Curts Comunitat Valenciana film labur katalogoko arduraduna–, José Luis Rebordinos –Donostia Zinemaldiko zuzendaria– eta Nekane E. Zubiaur Gorozika –Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea–. Aurkeztutako 72 proposamenak aztertu ostean, honako film laburrak aukeratu dituzte:
• “Barbudos”, Tucker Dávila Wood eta Larry Mankuso
• “Dar dar”, Paul Urkijo Alijo
• “Ehiza”, Hauazkena Taldea
• “El ruido solar”, Pablo Hernando
• “Interior taxi noche”, Iban del Campo eta Silvia Rey
• “Quebrantos”, Maria Elorza eta Koldo Almandoz
• “Ya no duermo”, Marina Palacio
Katalogo berriak animazioa, dokumentala eta forma ezberdinetako fikzioa jasotzen ditu. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, bi gaztelaniaz, bat ingelesez eta gaztelaniaz eta beste bat ingelesez. Azken batek, animaziozkoak, ez dauka dialogorik.
Kimuak-ek euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Hautatuak suertatu diren film labur horiek nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik hasita.
Barbudos
2013ko apirilean, AEBek ezarritako blokeoagatik ere, Bob Wood estatubatuarra Kubara itzuli zen, handik alde egin eta ia 60 urtera.
Habanan ingelesez eta gaztelaniaz filmatutako dokumental hau, Tucker Dávila Woodek eta Larry Mankusok sinatu dute. Dávila Wooden bigarren film laburra da Kimuaken, 2015ean Duellum fikzioarekin parte hartu baitzuen.
New Yorken eta Madrilen trebatu eta lan egin ondoren, Tucker Dávila Woodek (Bilbo, 1976) Mankuso ekoiztetxea sortu zuen 2005ean. Etxe horretan ekoitzi ditu bere lan nabarmenenak: Los Perfeccionistas, Los 4 McNifikos edota Duellum. Orain El Comediante bere lehen film luzea garatzen ari da, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Horrez gain, askoren ustez, Larry Mankuso ekoizle handi bezain pertsona gaiztoa da.
Vimeo: vimeo.com/mankuso
Dar-dar
Paul Urkijo (1984) gasteiztarraren beldurrezko lan berriak neskato bat oinazetzen duen deabru bati heltzen dio. Udane Elosegi, Almudena Cid eta Elias García aktoreak dira protagonistak.
Urkijo genero fantastikoaren zale amorratua da. Errementari luzearekin (2017) arrakasta lortu ondoren, Irati bere bigarren filma prestatzen ari da. Bere bigarren aldia da Kimuaken, 2011n Monsters Do Not Exist fikzioarekin hautatua izan baitzen.
Vimeo: vimeo.com/user1528106
Ehiza
Hauazkena taldearen animazio berria da Ehiza. Ruth Escobar, Jugatx Astorkia, Miriam Inza, Angela Jurado, Oihana Leunda, Arrate López Apellániz, Naiara Mallabia, Uxue Reinoso, Bego Vicario eta Roberto Zabartek osatzen duten kolektiboak, 2016tik EHUn lan egin du izen desberdinekin, baina beti irakasle, ikasle eta ikasle ohien arteko elkarlana bilatuz. Kimuaken parte hartu dute Beti bezperako koplak (2016) eta Areka (2017) filmekin.
Rafael Ruiz Balerdi artista donostiarrak 1969. urtean egindako Homenaje a Tarzan. Capitulo I. La cazadora inconsciente animaziozko film labur esperimentala “continuará” (jarraituko du) hitzarekin amaitzen zen. Ehizak nolabaiteko jarraipena ematen dio film hari, eta animalien harrapaketaren analogia erabiliz, gaur egun gertatzen diren egoera lazgarriak eta giza eskubideen urraketak salatzen ditu.
Vimeo: vimeo.com/user30410745
El ruido solar
Pablo Hernando gasteiztarrak (1986) bere lehen film laburra du Kimuaken. Nahikari Ipiñak ekoizten du, Code 7 Pictures etxearekin.
El ruido solar, gertaera kosmiko ulertezin baten ondoren etorkizunaren ikuspegi labur bat izan zuten pertsonei buruzko istorioen bilduma da. Eva Llorach, Ingrid García Jonsson, Miquel Insúa, Julián Génisson, Lorena Iglesias, Vito Sanz, Alejandro Morellón, Axier Raya eta Vicenç Mirallesek osatzen dute aktore-multzoa.
Egileak hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu. 2015ean egin zuen Berserker film luzea Sevillako Europako Zinema Jaialdian estreinatu zen eta Las Nuevas Olas Sari Berezia irabazi zuen. 2016an Esa sensación idatzi eta zuzendu zuen Juan Cavestany eta Julián Génissonekin batera, eta Rotterdamgo Zinemaldian estreinatu zuten. Urte horretan bertan, Xixongo Zinemaldiak atzera begirako bat eskaini zion.
IMDB: imdb.com/name/nm4933787/?ref_=tt_ov_dr
Interior taxi noche
Iban del Campok eta Silvia Reyk elkarrekin zuzendu dute fikzio hau. Istorioa bietako baten esperientzia pertsonalean oinarritzen da, eta nolabait, “Taxicab Confessions” ezkutuko kameren telebista-saio ospetsuari eta New York hiriari egindako omenaldia da. Tanya de la Cruz eta Álvaro Ogalla ditu protagonista.
Iban del Campok (Arrasate, 1971) nazioarteko jaialdietan aukeratuak eta sarituak izan dira film labur ugari zuzendu eta ekoiztu ditu. Bere hirugarren aldia da Kimuaken: 2009an Dirty Martini dokumentala eta 2018an Espedizio handia zientzia-fikziozko lana izan ditu katalogoan.
Silvia Rey (Lorca, 1977) film labur eta luzeen ekoizlea eta zuzendaria da. Bere azken film laburra, Wan Xia (2018), film labur dokumental onenaren Goya sarirako izendatua izan zen.
Vimeo: vimeo.com/limbusfilmak
PLAT: plat.tv/authors/silvia-rey
Quebrantos
Kimuaken hainbatetan parte hartu duten Maria Elorza eta Koldo Almandoz egileek, euren talentuak batu dituzte Quebrantos izeneko “irrati-grafia” egiteko. Interferentziak, isiluneak eta arrakalak tartekatzen dira, bi emakumek tratu txarrei buruz hitz egiten duten bitartean.
Maria Elorza (Gasteiz, 1988) ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da Pompeu Fabra Unibertsitatean eta EHUko Arte Sorkuntza eta Ikerketan masterra dauka. Bakarka egindako filmez gain, kolektiboan ere lan ezberdinak egin ditu, Las chicas de Pasaik bikotearen barne edo Kalebegiak edo Zinergentziak bezalako proiektuen babesean. Azken urteetan Tabakalera Arte Garaikide zentroan egiten duen lana, Zinea.eus atarian eta Larrotxeneko kutur etxean gauzatzen dituen proiektuekin bateratzen ditu. Gure hormek (2016, Maider Fernandezekin batera zuzendua) eta Ancora lucciole (2018) dokumentalekin hartu du parte lehenago Kimuaken.
Koldo Almandoz (Donostia, 1973) Kazetaritzan eta Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna da eta zinemako gradua du New York Unibertsitateko Tisch Schoolen. Kimuaken lehen edizioan parte hartu zuen Razielen itzulerarekin (1998) eta katalogoan parte hartu zuen azken aldia 2017an izan zen, Plágan lanarekin. Bere filmografia Canneseko Semaine de la Critique, Rotterdam Film Festival, Donostia Zinemaldia, Gijón Film Fest eta Bafici bezalako jaialdietan aukeratua eta saritua izan da. Egun Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea da.
Vimeo: vimeo.com/mariaelorza | vimeo.com/user3994435
Ya no duermo
Marina Palacioren (Donostia, 1996) hirugarren film laburra da Ya no duermo. Elias Querejeta Zine Eskolaren Sorkuntza graduondoko lehen promozioan landu du eta Gariza Produkzioak etxeak ekoiztu du. Zinegile gazte hau Arte Ederretan graduatu zen Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean eta hainbat diziplina artistikotan egiten du lan, bereziki zineman eta argazkigintzan. Gaur egun, bere lehen film luzea idazten ari da Noka Mentoring 2020 programaren barruan.
Ya no duermok Miguel (12) eta bere osaba Kechus (60) erakusten dizkigu. Banpiroen pelikula bat filmatu nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko ahalegin horretan, errealitatea eta fikzioa txandakatzen dira, haurraren eta helduaren artean sortzen den harreman berezia erakusten duen jolas batean.
Aukeratuak izan dira Kimuak 2020ko katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak Aukeratuak izan dira Kimuak 2020ko katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak