Atxagak adiskideari, in memoriam

Atxagak adiskideari, in memoriam

Bernardo Atxaga Euskadi Irratiko Faktorian izan da gaur, Maite Artolarekin, eta agur idatzia irakurri dio Hasier Etxeberriari -Berria egunkarian ere egin du idatzi bat, azpian duzuena-, lagunaren heriotzaren berri jaso biharamunean; George Winstonen “December” atzetik zuela egin dio omenaldia idazle eta kazetariari.

Gero, Sautrela nola sortu zen ere kontatu du, ideiaren gauzatzean parte hartutakoa baita Atxaga, eta bukatu baino lehen Ibon Sarasola gehitu zaie elkarrizketara. Merezi du zortzi minutuko audioa osorik entzuteak. Hementxe duzue:

Atxagak adiskideari, in memoriam

.

.

Hasier Etxeberria In Memoriam

Egun batean idazten jarri eta Adanen, lehen gizonaren bizitza irudikatu nuen. Ze izan ote zen berarentzat paradisua uztea, traumarik sortu ote zion. Pentsatu nuen ezetz, paradisuko landare berak ikusiko zituela Adanek erbesteratu ondoren ere, arrosa, palmondoa eta pikua; eta eguzkia beti betikoa irudituko zitzaiola, eta ilargia berdin, eta izarrak ere paradisuko gau orskarbietan ikusitako berberak.

Pentsatu nuen, gainera, ondo joan zitzaiola gero, paradisuaz kanpo ere sagarrak eta bizitzeko behar zituenak aurkitu zituelako. Eta soilik egun batean ikaratu zela, eta larritu, gripea harrapatu zuen aurreneko aldian, lehen aldiz gaixotu zenean.

Atxagak adiskideari, in memoriamAdanen heriotzaz pentsatu nuen azkenez, eta irudikatu, soseguz irudikatu nuen, Evarengana burua giratu eta esanez: “badakit Eva, hainbat gorabehera eta ezbehar izan ditugula, baina zer da benetako bizitza Eva, guk ezagutu duguna ez bada, paradisuaz kanpokoa ez bada”. Halaxe irudikatu nuen Adan, hitz haiek ezpainetan, bizitzarekin bakean, egindako lanarekin pozik, hurbilekoak inguruan zituela.

Hizkuntza batzuetan, Turkian esate baterako, Adan izenak gizona esan nahi du. Gaurkoan esan nahi du Hasier Etxeberria. Bere heriotza Adanena bezala irudikatzen dut, bizitzarekin bakean, egindako lanarekin pozik, hurbilekoak inguruan zituela. Egon bedi, bizi bedi Hasier Etxeberria gure gogoan.

.

.

Errektangelua (Berria egunkarian)

Atxagak adiskideari, in memoriamLehengo batean, telebistan, galdera egin zioten itsu gelditutako Maialen Solaun neskatilari, gogoratzen al zituen munduko gauzak, eta berak erantzun zuen batzuk ahazten ari zitzaizkiola, “esate baterako errektangelua, ia ez dakit nolakoa den”.

Hasier Etxeberria hil dela jakin orduko neskatilaren erantzuna etorri zait gogora, Euskal kulturari zegokionez errektangelu bat zen bera, gure puzzleko pieza sendo eta seguru bat, edozer eraikitzeko unean oinarria eskaintzen zuena. Gainera, ahots bat zuen, hizkera nahastezina. Artista eta idazleek, beti kolokan, hutsunea sumatuko dugu orain.

Ahaztu egiten da ikusten ez dena. Errektangelua nolakoa den ere bai. Ez dezagun ahaztu Hasier Etxeberria eta berak egindako lana.

.

* Margoa, Jim Boden-en “Out of paradise” sortatik.
Atxagak adiskideari, in memoriam Atxagak adiskideari, in memoriam

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.