Atahualparen hil-kantua

Atahualparen hil-kantua –

Ustekabean, Iñaki Martiartu adiskide bakiotarrak bere aitak Mexikotik ekarritako “El reverso de la conquista”  izeneko liburu hunkigarria irakur nezan utzi zidan. Miguel Leon Portilla da egilea, eta Ameriketako jatorrizko herrien ahozko literaturan gelditu diren testigantzak itzuli eta aztertu ditu. Gogorrak benetan, a zer nolako hilketak eta bihozgabekeriak! Urre goseak gidatu zituen konkistatzaileen pausoak, eta lur haietako biztanleek haien krudelkeria jasan behar izan zuten. Lekukotasunak oso gogorrak dira, edonoren bihotza negarrez jartzeko modukoak. Inkek, maiek, aztekek… euren penak islatu zituzten kantu eta olerkietan, zoritxarrez, askotan gure mintzairetara itzuli gabe direnak.

Badira kitxuaz konkistaren berri ematen diguten kantu eta olerki ederrak. Apu Inca Atahualpaman  izenekoa dugu ederrenetako bat. Jose Maria Arguedas-ek espainierara itzuli zuen eta itzulpen hori izan da, nik euskarazko moldapen libre hau egiteko erabili dudana.

Ez dakigu nor izan zen egilea eta zein urtetan egina da, baina kitxuen artean ahoz aho hedatu zen eta gaurko egunetaraino bizi-bizirik iritsi da. Gaur egun, kitxuen jai eta elkarretaratzeetan maiz entzuten omen da. Olerkariak desagertzera kondenaturik den zibilizazioa bihotzez kantatzen du, suntsipenean eta esklabutzan eroritako herriaren berri samina dakarkigu gogora. Sentimenduz eta etsipenez beteriko olerki honek, espainiarrek 1533ko uztailaren 26an Cajamarcan, lepoa bihurrituta, hil zuten azken inkaren heriotza ekartzen digu gogora.

Izan dadila euskal moldapen hau Ameriketako jatorrizko herriei eskaintzen diedan oroitzapen eta sentimenduz blaituriko omenalditxo xumea.

Atahualparen hil-kantua

 

Atahualparen hil-kantua

Zer da zeruan agertu den ortzadar beltz hori?

Cuzcoren etsaien gezi beldurgarri goiztiarra.

Kazkabarrak tarrapataka eta nonahi jotzen du indarrez.

Ene bihotzak, heriotzaren berri ematen duen euli urdina ikustean,

oinaze eta zorigaizto ikaragarri txarrak sumatzen ditu.

 

Eguzkia horitzen ari da, gaua goiz datorkigu ustekabean,

Atahualparen gorpua azken bidaiarako prestatzen ari dira.

Inkaren heriotzak garai tristeak iragartzen ditu.

Etsaiak hil du inka handia eta bere odola

bi ibai handietara uharka isurtzen da.

 

Atahualparen ahoa itxi da betiko

eta bere begiak etengabeko bideetatik barna

galdu dira, gerorik gabe, esperantzarik gabe.

Bihotz handia gelditu zaio inkari

eta lau herrialdeetako gizon-emakumeen negarra entzuten da.

 

Zeruetako hodeiak ilundu dira arrunt

eta ilargi amandrea goibel dabil, penak itota,

den-dena, dagoen guztia,  ilunpeetan sartzen ari da,

ama-lurrak ez du oraindino bere semea ehortzi nahi,

herri oso baten bukaeraren hastapena izanen baita.

 

Lurra ikaran dago, haitzak eta amildegiak dardarez,

hil-kantuak ozen entzuten dira nonahi eta noiznahi,

errekak eta ibaiak marruz eta marmarrez ari dira,

gizon-emakumeen negarrek ibaiak betetzen dituzte.

Nork ez du negar eginen, halako hondamendian?

 

Gure bihotzak arras kolpatuak dira, biziki zaurituak.

Nork ez du negar eginen inka handia hil dutela jakinik?

Usoek eta oreinek ere gogoan izanen dute egun beltz hori.

Odolezko malkoak ari gara erreketara  isurtzen,

Atahualpa handia hil dute, baina denok dugu gogoan.

Atahualparen hil-kantua

Alarguntsa tristeen modura negar egiten dugu,

inkaren hegalak, haren babesa desagertu dira betiko.

Gure emakumeek doluzko arropak jantzi dituzte,

denok gara hondamendiaren garretan eroriak,

gizon guztiok haren hilobia bisitatu dugu.

 

Ama-erregina tristura handian sartua da,

eta haren malkoek inkaren gorpua bustitzen dute.

Zurbil da haren aurpegia eta bere ahoak honela dio:

“Nora joan zara, gu hemen abandonaturik?

Nire bihotza txikituta dago, penaz mukuru”

 

Zure askatasunaren ordainez eman genien urreaz

espainiar zitalak dira aberastu.

Haien bihotz gaiztoa pozik dago

eta boterearen sukarrak gidatzen ditu haien urratsak.

Ez dute hitzik, bihozgabeak dira, eta erail zaituzte.

 

Cajamarcan erail zaituzte, inolako lotsarik gabe.

Eskatzen ziguten guztia eman genien,

baina ez zen nahikoa izan, eta bizia kendu dizute.

Odola bukatu zaizu zainetan, zure begietan argia itzali da

eta izarretara joan zaigu zure begirada ederra.

 

Uso zuria, negar egizu, hegan egin ezazu norabiderik gabe!

Inkaren heriotzarekin batera bihotza hautsi digute.

Ez zaitugu gehiagotan ikusiko, jadanik urrun zaude,

mugarik gabeko lurraldeetan barna zoaz hegaka,

agur betiko gure maitea, agur betiko gure inka laztana!

 

Hemen dugu hutsik zure urrezko erret-aulkia,

baita sortu zinen sehaska ere, hutsik eta tristeziaz beterik.

Urrezko zure edalontziak ere ebatsi dituzte,

dena eraman dute, dena kendu digute,

askatasuna zapuztu eta katea lepoan digute ezarri.

 

Arrotzek gure herriak, gure lurrak, gure jendeak dituzte gatibu,

hil dituzte betiko gure herriaren itzala eta zeruko izarren argia,

eldarniotan gaude denok, zer egin eta nora joan ez dakigula.

Negar malkotan ditugu begiak, bihotzak itxaropenik gabe,

Iraunen al du gure bihotzak? Iraunen al du gure herriak?

 

Galdu dugu herria, galdu dugu esperantza,

kate motzez lotu gaituzte denok, harrokeria dute nagusi.

Ez dago bizimodurik guretzat, arrotzen hatzaparretan erori gara.

Zanpatuak gara, umiliatuak, gizatasuna galduta,

horrela ahal da bizi, luzaz?

 

Atahualpa, ireki itzazu berriz zure begiak!

Zabaldu itzazu berriz zure besoak!

Indartu itzazu gure bihotz kolpatuak!

Eta horrela, modu horretan,

agurtu zaitez gutaz betiko!

Atahualparen hil-kantua Atahualparen hil-kantua Atahualparen hil-kantua Atahualparen hil-kantua

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude