ASTOLA urtekariaren hirugarren alea aurkeztu da
Gerediaga Elkartea da argitalpen honen sustatzailea. Durangaldeko bizitzako arlo ezberdinei buruz egin diren lanen eta artikuluen zabaltzailea izateko helburua dauka Astolak.
Historia, arkeologia, etnografia, folklorea, literatura, musika eta bestelako gaieta zientzia batzuk dute lekua Astolako orrialdeotan. Ikerketa lanak dira. Kasu askotan sekula argitaratu gabeak edota kaxoi batean ahaztuta geratzen diren horietakoak. Historialari eta teknikari adituek idatzitako lanak, baina, gai horiekiko interes handiegirik ez dutenentzat ere erakargarri egiten dira aldizkariak daukan aurkezpen zainduari esker. Argazkiek eta irudiek protagonismo handia hartzen dutelako.
Hirugarren alea, aurreko biekin alderatuta, potoloagoa da, 180 orrialde ditu. Zortzi lan berri jasotzen ditu (euskaraz eta gazteleraz) eta sail berria argitaratzen du. Eskualdeko pertsona ezagunek haurtzaroan zein gaztaroan arrastoa utzi zieten lekuak aurkeztu dituzte “Barruko ibilbideak” izeneko sail berrian.
Astola aldizkariaren aurreko zenbaki biak agortuta daude. Horregatik 3.zenbakiaren tirada handitu egin dute. Guztira 1.200 ale argitaratu dira.
Datorren astetik aurrera, Durangaldeko liburudendatan salgai egongo da (prezioa 5€) eta Durangoko Azokan, Gerediaga Elkartearen erakusmahaiko nobedade nagusia izango da.
Hona hemen Astola aldizkariko lan nagusien zerrenda:
Hegazkinak eta artasoroak: Iurreta eta abiazio eremuak (Egilea: Jose Mari Uriarte) Eskualdean, eta batez ere Iurretan, 1910 eta 1919. urteetan hegazkinak protagonista zirela izan ziren gertaera anekdotiko eta historiko bi gogoratzen ditu egileak. 1910. urtean abiazio jaialdia egin zen, baina matxinada handi batean bihurtu zen. 1919an, berriz, bidaiarien hegazkin baten derrigorrezko lurreratzea bizi izan zuten iurretarrek.
Urkiolak 20 urte. Natur parkearen argi-ilunak Urkiolako Parke Naturala sortu zenetik 20 urte pasatu dira. Gaur egunera arte izan duen bilakaerari buruz teknikari eta eragile sozial batzuek duten iritziak jaso dira. Agerian geratu dira hobekuntzak eta alde onak, baina oraindik natur parkearen arriskuak ere bistan daude.
Durangoko Lurra (Egilea: Gregorio Monreal) Durangaldeak Erdi Arotik izan duen antolaketa, horretan izan duen berezitasuna eta izan dituen gobernu-organoak azaltzen ditu katedratikoak. Besteak beste, Astola eta Gerediagako Batzak zein Durangoko Merinaldearen eta Bizkaiko Jaurerriaren arteko harremana ere azaltzen du.
Etorkinak, auzoko berriak Azken urteetako migrazioak erronka berriak ekarri dizkio gizarteari. Lan honetan etorkinen integrazioari buruzko oharrak eta jarraibideak eskaintzen ditu besteak beste Xabier Aierdi Euskadiko Inmigraziorako Behatokiko zuzendariak.
Astxikiko gaztelua (Egilea: Armando Llamosas) Erdi Aroan Abadiñoko Astxiki gailurrean gaztelu bat egon zen. Asko izan dira tontorrean aurkitutako armak zein aztarnak. Baina sakoneko indusketarik ez da sekula egin, eta Armando Llamosasek Eusko Jaurlaritzako arkeologo teknikoak eta gazteluen ikerlariak Astxikin izan zen gazteluari buruzko hipotesia plazaratzen du.
Gaita dultzaina Durangaldean (Egila: Jon Gaminde) Gaita edota dultzaina musika tresna honen berezitasunak azaltzeaz gain,Durangaldeko gaitero-dultzainero nagusienei erreferentzia egiten die Jon Gaminde Bizkaiko gaiteroak.
Funcor: 1955-1970 (Egilea: Iñigo Agirre) Elorrioko Funcor kooperatiba sortu eta indarrean izan zen urteetan sozialki eredu aurreratua zuen. Euskal gizarteari egokitutako industria-ekoizpeneko eredu berrirako esperientzia izan zen. Baina proiektuaren amaiera bera ere iragarrita zegoan lan honetan Iñigo Agirre egileak zehazten duenez.
Pilotarien Amerikako abentura (Egilea: Jose Mari Etxaniz) Jose Mari Etxaniz kazetaria euskal pilotariek itsasoz bestaldera egindako bidaia askoren lekuko izan da. Itsasoz bestalde pilotariak nola egokitu ziren eta bizi izandako esperientziak kontatzen ditu. Izan eta ohiartzun handia izan zuen grebak eta IJAPAren sorrera ere gogoratzen ditu.
Barruko ibilbideak Astola aldizkariaren atal berria da, Durangaldeko pertsona ezagunek haurtzaro eta gaztaroko leku kutunak aurkezteko. Ale honetan, honek dira gida: Balendin Lasuen, Jasone Agirre, Felix Arkarazo, Eskarne Aroma eta Juanito Gallastegi.
Porfolio – Luis Madina “Elorrio, harrien mintzaira” izeneko argazki-bilduma erakusten du elorriarrak. Beltzetik kolorera, Elorrioko harri adierazgarrienak iruditan bildu ditu.