Hildakoen alde otoitz egin?

www.tabira.org
www.tabira.org

Hildakoen aldeko otoitzak eurekaz dogun maitasunaren ezaugarri dira. Otoitzaren bitartez gure laguntasuna emon gura deutsegu, heriotzaren orduan, Jainkoaren aldeko aukerea egin dagien.

Joseph Ratzinger-ek heriotzak ez dauela gure maitasuna mugatzen dino, eta horretan oinarritzen dau otoitz hau: “Kristauontzat laguntzeko eta oparitzeko aukerak ez dira heriotzagaz amaitzen ”.

Gure otoitzak, heriotza baino harago laguntzen deutsegula hildakoei esan gura dau. Holan, Kristogaz bat egiten dabenean, bere aldeko aukerea eginaz, berak garbitu eta eraldatuko ditu. Hildakoekin dogun maitasun eta alkartasun ezaugarri da otoitza. Holan ez deutsagu bakarrik ixten heriotzaren ate iluna igarotzerakoan. Gure maitasunaren laguntasuna dabe egiaren Jainkoagaz bat egiteko orduan. Leonardo Boff-ek: “Une horretan bertan dagoz, euren argi eta laguntzaz, zerua eta lurra, Jainkoa eta bere Santuak, Eleizea eta Kristoren gorputz mistikoa”.

Juan Mari Lekuona:

“Jaunaren nahiez aurkitzen gara

agurtzera behartuak.

Baina zeruko pozak daizala

sikatu negar-malkuak.

Honen bidera

beitez atera

Aingeru eta Santuak”.

Hildakoen aldeko otoitza euren oroipena dogu, gero eta argiago. Otoitzean eurekaz gogoratzen naz, eta, holan, hildakoen eta bizidunen artean dagoan loturaz jabetzen naz. Holantxe ulertu eban Karl Rahner-ek Domu Santu egunean egindako homilia baten. “Bihotz barruan, isil isilik, betikotasunetik santu biziek esaten deuskun maitasunezko hitzaren oihartzun dira” hildakoen aldeko gure otoitzak, Karl Rahnerren berbatan.

Gure aita otoitza egin daigun hildakoekin komunioaz jabeturik. Jainkoagan eukien fedea azaltzeko eurek erabilitako berba bardinak erabiliko ditugu, eta, horrez gainera, eurak orain Jainkoa adoratzen daben fede bardinagaz egingo dogu, eurek argi argi ikusten dabe Jainkoa orain eta.

Tabira eskualdeko Pastoral Kontseilua 48200 Durango Bizkaia