Aste honetan, Artefaktua Durangoko Azokarekin bat!
Aste honetan, Artefaktua Durangoko Azokarekin bat! –
Hizkuntza, kultura, identitatea… Zenbakiez haratago, handia da Durangoko Azokaren balio immateriala, ukiezina. Eta inoiz baino ukiezinago da aurtengoa, egoera berezia medio. Horregatik, ahal den neurrian, idazle eta irakurlearen arteko hartu-eman hori mantentzen saiatuko gara gaurkoan. Aste honetan, Artefaktua Durangoko Azokaren bat!
Lau idazle gonbidatu ditugu gurean parte hartzera: Jon Alonso, Aitziber Etxeberria, Peru Magdalena eta Yurre Ugarte. Azokarako liburu bana atera dute, beraz, hauetaz arituko da Yolanda Mendiola beraiekin.
Hauek dira hizpide izango ditugun liburuak: Jon Alonsoren ‘Naparra. Kasu irekia’ (Elkar), Aitziber Etxeberriaren ‘Olivetti’ (Erein), Peru Magdalenaren ‘Tantaka’ (Balea Zuria) eta Yurre Ugarteren ‘Lilurabera’ (Alberdania).
Astelehenetik hasi eta ostegunera bitartean, gaueko 21:20 inguruan, lau idazle hauen hamar bat minutuko iraupendun elkarrizketa txikiak emango ditugu, ETB1en, aipatutako ordenan. Larunbatean, berriz, hauek guztiak, Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzailearekin batera, saio berezi bat osatuko dute larunbateroko Artefaktuaren ordutegian.