Aho hutsik

Aho hutsik –

Astebete daramagu Euskaraldian murgildurik, baina, pandemiak asko zaildu du euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egiteko ariketa soziala. 
Aho hutsik
Telebistan ikusitakoak harritu nau. ETB2 katean ahobizi txapak agertu dira zenbait saiotako aurkezleen eta kazetarien paparrean, baina gaztelania ahoan. Iduritu zait ETB ez ote zen ari eman beharreko mezuaren kontrakoa zabaltzen. Berdina gertatu da osoko bilkuretan aritu diren politikari askorekin. Txapa harro erakutsi arren, ez diete lan askorik eman itzultzaileei.
Izan ere, euskararen alde egotea da orain arte askok hartu duten jarrera, edo euskararen alde egitea. Ez aitzitik euskaraz egitea. Eta garrantzitsua da euskararen alde kañak zerbitzatzea, txandak egitea, kartelak paratzea, paretak margotzea, manifestazioetan ibiltzea, sinadurak biltzea, kamisetak erostea, mezuak idaztea, mozioak babestea… Baina ez da orain eskatzen ari zaizkiguna. Euskaraldia ez da hori, eta batzuei kostatzen zaie ulertzea.
Erakunde, enpresa eta elkarte handien babesarekin, Euskaraldiaren irudia ikusi dugu nonahi, baina txapak ez du euskara ikusgarriago egiten, aho biziek baizik. Euskararik gabe, aho hutsik dabiltza.
Adibidez, Euskaraldia izan liteke aitzakia edo abiapuntua ETB2n bi astez programazioa euskaraz emateko, azpidatziekin nahi bada. Edo hautetsi euskaldunen hitzartze oro euskaraz izateko. Eta gero segi, 24/7.

Prest al zarete? Esan!

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko azaroaren 27koa]

Aho hutsik

BARDO GORRI NAFARRA