Askoa Etxebarrieta ‘La Pulga’: “Hemendik hamar urtera flamenko pila bat egongo da Euskal Herrian”
Gasteizko lokal okupatu batean ezagutu zuen flamenkoa. Maletak hartu eta Andaluziara jo zuen gehiago ikasi nahian; hamar urte egin zituen bertan. Jaioterrira itzuli denean gaztetxeetan tailerrak ematen hasi da. Eta emanaldiak tabernetan, antzokietan, kalean… Sekulako sua eta joa dauzka taulatu gainean, eta pixkanaka flamenkoa ezagutarazi nahi luke inguru hauetan.
Kasik bera baino handiagoa den maleta ekarri du altzoan. Soinekoak, txalekoak, zapiak, takoidun zapata mardulak ekarri ditu argazki saiorako. Internet bidez erosten omen ditu, garestiak omen dira. “Honek ia hirurehun balio zituen, honek berrehun” kontatzen digu arropaz aldatzen den bitartean. Zarauzko Gaztetxean egin dugu zita, gero kalean emanaldia eskaintzeko asmoa duelako. Kalekoari itxaron gabe argazkilariaren aurrean ere sekulako dantza saioa eskaini digu, ordea. Takoi soinua, esku-zartak, oihuak, birak, izerdia. Gaztetxean azteazken arratsalde buru zuri honetan dauden bizpahiru lagunek txaloka hartu dute Askoaren ikuskizuna. Bukatu dutenean, zerbeza batzuren bueltan hasi dugu elkarrizketa. Aulkia ere eskaini diogu, baina alferrik; galderei erantzun bitartean denbora gehiago egin du tente eserita baino. La Pulga, ondo jarri zioten ezizena.
Lokal okupatu batean eskaini zuten tailerrean ezagutu zenuen flamenkoa. Nola izan zen hori?
Gasteizko Zaramazulon Rosa Lahoz eta Angelucho deituriko perkusionista bat klaseak ematen hastekoak zirela komentatu zidaten lagun batzuek. Niri betidanik gustatu izan zaizkit ijitokeriak, Los Chichos eta horrelakoak, eta animatu egin nintzen. Gogoratzen naiz korroan jarri, Rosa dantzatzera atera eta, denok esku-zartaka, sekulako girotxoa sortzen zela. Gero banan-banan animatzen zen jendea… erritmoa, ‘soniketea’, konpasa… uau! –esku-zartak jotzen hasi da azaltzen duen bitartean–. Gainontzekoei egiten diezun opari moduko bat da erdira aterata eskaintzen duzun dantza, eta aldi berean energia pila bat jasotzen duzu guztiengandik… Oso polita iruditu zitzaidan.
Ballet klasikotik zentozen, Victor Ullateren eskolan klaseak emandakoa ere bazinen… Sei urte egin nituen umetan dantza klasikoa ikasten Guridiren eskolan, Gasteizen. Eta gero ikastaro batzuk ere egin nituen Bilbon Lefortekin eta Madriden Victor Ullateren eskolan. Dantza betidanik gustatu izan zait… Baina hamabi-hamahiru urterekin, badakizu, adin horrekin nahiago duzu zarata pixka bat, zerbait kañeroagoa, nik behintzat bai, eta balleta utzi eta bateriarekin hasi nintzen, taldetxo baten edo bestearen jiran. Eta horrela egin nituen sei edo zazpi urte, flamenkoarekin topo egin arte. Izatez, tailer horietara perkusioa ikastera gerturatu nintzen, baina hor dantzak harrapatu ninduen berriro. Agian flamenkoa, azken batean, dantzaren eta perkusioaren arteko nahasketa bat bezala ikusi nuelako.
Irakurri ELKARRIZKETA OSOA eta ikusi BIDEOA gaztezulo.com-en
Flamenkoa eta euskalduna hitz antonimoak zirela pentsatzen nuen!
Euskalduna eta jazz musika antonimoak ez badira, zergatik behar dute izan flamenkoak eta euskaldunak? 😉
Kultura euskalduna da euskaraz ekoizten den edozein kultura, jatorria non duen axola gabe. Euskal kulturak milaka urtez biziraun baldin badu (eta badakigu euskal herriak Auñamendien albo bitan gutxienez hiru mila urte badaramatzala) kanpotikako kultur eraginak bere egiten jakin duelako da. Badakigu keltiarren bidez euskal leinuek metalak edo zenbait metal lantzen ikasi zutela, horren adibide argia dugu euskaraz “zilar” deitzen diogula ondoko erdara latindarrek “argent” edo “plata” deitzen dioten metalari (“zilar” hitza alemanierazko “silber” eta ingelerazko “silver” hitzekin loturik dago, dirudienez denak keltiar jatorriko hitzak). Erromatar inperioaren menpean, euskaldunek bere egin zituzten erromatar kulturaren elementu asko, asteko egunen izenetatik hasi (“ortzeguna” erromatarren “Jovis dies” da, hau da, “Urtzi jainkoaren eguna”), legezko hitzekin jarraituz (“lege, errege, erregin, bake, kode, eskuizkribu…) erligiotik igaroz (zeru, inpernu, abendu, bazko, erretore, erretaula, erromes, meza, aldare, domeka…) eta eguneroko hitz arruntekin amaituz (doministiku, errota, soldata, oilo, olio, erramu…) Gerora ere, Donejakue Bidea kultur-trukabide etengabe izan zen Ertaro osoan zehar, erromesek ideia eta tresna berriak zekartzatelako Europa erdialde eta iparraldetik Donejakuerako erromesaldian. Berriki ere, trikitia italiarrek ekarri omen zuten gurera, hemeretzigarren mendean trenbideak eraikitzen hasi zirenean italiar injeniari eta langileek soinu-txikia jotzeko ohitura omen zutelako. Oraintsu bertan, euskarazko erroka (“rock-a”), hip-hopa eta bestelako musika mugimenduak gure egin ditugu, beraz, flamenkoa ere gure egingo dugu (eta gure egin beharko genuke), euskaldunoi atsegingarri eta erakargarri gertatuko zaigun eran.
Iñakirentzat: Ez delako Jose Luis Moreno azaldu, ETB-2 katearen programa batetan, “el jazz, lo más nuestro, lo más genuino de nuestras entrañas, lo más de lo más….” esaten.
Ez zirelako jazz musikariak San Markoseko erromerira etorri, urte batetik bestera, bertakoa ordezkatzera.
Espainiar kulturarekiko dugun sentimentua beste ezein kulturarekiko dugunarekin parekatzeko askatasuna da ezinbesteko baldintza, nahiz horrek gure parte bat ere mutilatu, izan ere, mundu latinoa gure kulturaren parte ere bazen, zapalkuntza politikoa pairatu baino lehen.