Norteko Ferrokarrilla irratsaioaren denboraldi berria hasiko da Euskadi Irratian

PO113-Norteko1Elhuyar Fundazioak ekoizten duen zientzia eta teknologiari buruzko saio hau berrikuntza ugarirekin dator. Besteak beste, “Haurdun gaude” izeneko atala estreinatuko du, eta haurdunaldi bati jarraipena egingo dio astez aste. Saio hau, asteartearo emango da Euskadi Irratian 21:00etatik aurrera.

Elhuyar Fundazioak Euskadi Irratiarentzat ekoizten duen Norteko Ferrokarrilla irratsaioak bihar ekingo dio denboraldi berriari. Hamaseigarren denboraldia hasiko da bihar, eta saioa Guillermo Roa kimikariak gidatuko du, Elhuyar Zientziaren Komunikazioa saileko kideen babesarekin. Asteartero emango dute, 21:00etan (igandeetan, 22:00etan, errepikapena emango dute), ordubetez. Denboraldi berriaren nobedadeen artean, azpimarratu beharra dago “Haurdun gaude” izeneko atala izango duela saioak, haurdunaldi bati astez asteko jarraipena egingo dion atala. Beste bi atal berri ere izango ditu Norteko Ferrokarrillak: bata geologiari buruzkoa, eta bestea matematikari buruzkoa, Euskal Herriko Unibertsitateko adituekin egingo dena. Iraupenari dagokionez, ordu-erdi irautetik ordubete irautera pasatuko da programa. Azkenik, Norteko Ferrokarrilla Facebook-en ere estreinatuko da, uhinetatik sare sozialetara saltoa emanez.

Norteko Ferrokarrillaren biharko saioaren gai nagusia saguzarrei buruzkoa izango da, Joxerra Aihartza biologoaren laguntzarekin landutakoa. Izan ere, 2011-2012 Saguzarren nazioarteko urtea izendatu dute.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Zer duzu buruan “Norteko Ferrokarrilla irratsaioaren denboraldi berria hasiko da Euskadi Irratian”-ri buruz

  • Inaki Irazabalbeitia 2011-09-07 09:22

    Oso poztekoa da ‘Norteko’k beste denboraldi ekitea. Zientzia gizarteratzea komunikabideetan horren ‘cool’ ez zenean hasi zen emititzen Pili Kaltzadaren gidaritzapean. Elhuyarrekook ibili ginen zirikatzen eta garai hartan Euskadi Irratian ardurak zituen Julian Belokik hartu zuen erronka, zientziak irratian berariazko txokoa izan zezakeela sinistu zuelako. Euskadi irratia aintzindari izan zen.