Artzeren poema argitaragabe bat

Artzeren poema argitaragabe bat –

Markos Zapiainek eskegi du bere blogean, eta bertatik jaso du salabardoak.

 Joxan Artzek poema hau Lizardiren jaiotzaren mendeurrenaren karietara antolatu ziren kantaldi-errezitaldi bitan irakurri zuen, biak larunbatez eskainiak; Artzez gain, Xabier Lete, Imanol eta Antton Valverde izan genituen agertokian. Lehenbizikoa, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 1996ko apirilaren 19an; eta bigarrena, apirilaren 26an, Zarautzen, ez naiz oroitzen non, beharbada Parrokian.

Hona:

maita ezazu
duela urte asko
zugan maitasuna
piztu zuen hura

maita ezazu
aspalditxoan etxean duzun hori

ez aspertu
egunero ondoan duzulako

maitatu
beragan maitatu zenuen
zugan maitasuna piztu zuen
lili hark
hor dirau eta
bizi-bizi
oraindik gordin
beti ximeltezin

maita ezazu gaur
aldean duzuino

maitatu gaur
agian bihar ez duzu izango eta

hor

nor maitatzeko
zugan maitasuna pizturik
iraunarazteko
joana izango duzu eta
ustekabean
agurrik ere egin gabe

maitatu
lehenengoz ikustera bazindoaz bezala
azkenengoz ikustera bazindoaz bezalaxe

maitatu
ezin baduzu ere

maita ezazu
desesperatuki bederen

maitasunik gabeko bizitza baino
ezer gogorragorik
ez dago eta munduan

maita ezazu zeure maitea
bera bakarrik balitz bezala munduan
besterik ez balitz bezala inguruan

eta maitatuko dituzu beste guztiak
hurbilekoak nola urrunekoak
zeure maitea balira bezala

Artzeren poema argitaragabe bat

Artzeren poema argitaragabe bat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Artzeren poema argitaragabe bat”-ri buruz