Arte[faktua] 90: Igor Estankona, “Moskito”, Enrike Solinís, Xabier Sukia
Arte[faktua] 90: Igor Estankona –
Igor Estankona idazle arteagarra elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak aste honetako Arte[faktua]-n. Tolosan elkartuko gara berarekin, bertan bizi baita aspaldian. Moskito da argitaratu duen azken poema liburua, Susa argitaletxearen eskutik. Hamaika urte igaro dira aurrekoa kaleratu zuenetik. Olerkietako gai nagusiak aitatasuna, bikotea, nazioa eta heriotza dira. Erreferentzia ugari topa ditzakegu, gainera: literarioak, musikarienak, bertsolarienak… Liburua bost ataletan dago banatuta, nahiz eta hori ez zen hasierako ideia.
Zuzenbidea ikasi zuen Estankonak, Deustuko Unibertsitatean. Oso goiz hasi zen idazten, eta Arratiako Zantzoa literatura fanzinearen sorreran parte hartu zuen. Ordutik, hainbat komunikabidetan kolaboratu du: Euskaldunon Egunkaria, Euskadi Irratia, Deia… Azken horretan, literatur kritikak idazten jarraitzen du. Azken poema liburutik orain argitaratutakora arte igarotako hamaika urte hauetan literaturarekiko lotura kritikaren bidez mantendu duela dio. Literaturari dagokionez, poesia landu du, batik bat.
Enrike Solinís musikaria gonbidatuko du Estankonak elkarrizketara. Euskal Barrokensemble musika taldeko sortzaile eta zuzendaria da. Lagun handiak dira, baina, horrez gain, asko gustatzen omen zaio haren musika. Bera bezala, Tolosan bizi den bizkaitarra da Enrike. Tolosan bertan, kalean ezagutu zuten elkar, umeekin zebiltzala. Gitarra eta lautea jotzen ditu Enrike Solinísek, eta antzinako musika lantzen du batez ere. Igorrek, bere poemetan, hizkuntza magikoa duela dio Solinísek. Estankonari, berriz, lasaitasuna transmititzen dio Enrikeren musikak. Saioan zehar, Solinísen lautearen soinuaz lagunduta, Estankonaren poema baten errezitala oparituko digute.
Xabier Sukia bertsolari eta Euskadi Irratiko Hitza jolas saioko zuzendari eta esatariak bere liburu kuttunen berri emango digu Apala[egia] tartean.
Bestalde, Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako Eneko Zabaleta irakasleak Amets Arzallusen Miñan liburuaren gomendioa egingo digu.
Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Patxi Zubizarretak, Garazi Kamiok eta Erika Elizarik, astero bezala, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.
Horretaz gain, Azkoitiko antzerki eskolako Naia Duro eta Garazi Inchaurrondo izango dira aste honetako Booktuber ataleko protagonista.
Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.