Arte[faktua] 46: Juan Martin Elexpuru ‘Euskararen aztarnak Sardinian?’, Ibon Serrano, Ana Galarraga
Arte[faktua] 46: Juan Martin Elexpuru –
Nondik dator euskara? Litekeena al da bakarrik eta isolaturik sortu eta garatu izana beste hizkuntzekin harremanik gabe? Galdera horien harira idatzi du Juan Martin Elexpuruk (Bergara, 1950) Euskararen aztarnak Sardinian? (Pamiela) liburua. Italiako estatuko parte den uharte horretan aspaldi mintzatu zen paleosardinieraren eta euskaren arteko antzekotasunak erakusten dira liburuan. Hainbat ikertzaileren teoriak bildu ditu Elexpuruk. Hipotesi nagusia da Mesolito eta Neolito garaian migrazioak izan zirela Euskal Herritik Sardiniara, eta hortik datorrela bi hizkuntzen arteko senidetasuna.
Filosofia eta Letretan lizentziatua da Elexpuru eta Euskal Filologian doktorea. Nagusi zein haur literaturako hainbat liburu idatzi du. Itzuli ere bai zenbait, Moliereren Tartufo eta Zekena (Alberdania, Elkar) eta Makiaveloren Printzea (UPV/EHU), besteak beste. Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak liburua idatzi zuen 2009an.
Ibon Serrano Lasa, 48 urteko eibartarra izango da Elexpururen gonbidatua Arte[faktua]ren bigarren zatian. Historiarekiko eta literaturarekiko zaletasun handia daukan Serrano Ingeniaritzan doktorea da eta Zentro Teknologiko batean egiten du lan. Unibertsitateko irakasle ere izana da hainbat urtetan.
Irakurlearen tartean, Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa (Susa) gomendatuko digu Lurdes Sudupe azkoitiarrak.
Galdetegia sailean, beren gustuko liburu bana aurkeztuko digute Hiromi Yoshidak, Karlos Linazasorok eta Mariasun Landak.
Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak azalduko digu, ‘Apalategia’ sailean, zein liburu ari den irakurtzen, zein duen idazle kuttuna eta zein liburu den oparitu duen azkena.
Galtzagorrik antolatutako Booktuberboom lehiaketarako Amona Doloxek Miren Agur Meaberen Zer da, ba, maitasuna? (Elkar) liburuaz egin du bere booktubea.
Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu denden gomendioek osatuko dute saioa.
Hau guztia, larunbatean, 13:30ean, ETB1en.