Arte[faktua] 45: Karlos Cid Abasolo ‘Keinu konplizeak’, Ana Pérez Cabanes, Klaudio Landa
Arte[faktua] 45: Karlos Cid Abasolo ‘Keinu konplizeak’ –
Karlos Cid Abasolo idazle madrildarra da aste honetako gonbidatu nagusia Arte[faktua]n. Oso noizean behin etortzen da Euskal Herrira, eta etorrera horietako bat baliatu dugu berarekin elkartzeko. Topaleku Iruñeko Zezen Plaza egin dugu, eta bertan egin dugu elkarrizketa ere. Aitzakia nagusia Keinu konplizeak izenarekin plazaratu duen bere lehen poema liburua izan da.
Cid Abasolo Filologia Hispanikoan lizentziaduna da, eta hizkuntzalaritzan doktorea. Euskal Filologiako irakasle titularra da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Horrez gain, itzultzailea ere bada, eta txekieratik, batik bat, hainbat autoreren lanak itzuli ditu, Milan Kunderaren Izatearen arintasun jasanezina, esaterako. Literatura eta hizkuntzalaritza lotuz hainbat artikulu idatzi ditu: esaterako, euskarazko “omen” partikulaz eta Anjel Lertxundiren obran izenen hautaketak duen garrantziaz.
Bere gonbidatua Ana Pérez Cabanes madrildarra da. Cid Abasoloren euskara ikaslea izan zen, eta duela zazpi urtetik Iruñean bizi da. Iruñeko Orfeoian soprano gisa aritu zen, eta, egun, musika eskolak ematen ditu.
Irakurlearen tartean, Iruñeko Santi Leoné historialari eta euskaltzaleak Aingeru Epaltzaren Izan bainintzen Nafarroako errege liburuaren aipamena egingo du.
Galdetegian, Aitor Arregik, Sonia Gonzalezek eta Aritz Brantonek euren liburu kuttunen berri emango dute.
Aste honetako “Apalategia” ataleko protagonista Klaudio Landa da, ETBko aurkezlea.
Galtzagorrik antolatutako Booktuberboom lehiaketako Pablo Bilbao getxotarrak Fernando Morilloren “Zonbia San Mamesen” liburuaz egin du bere booktubea.
Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu denden gomendioek osatuko dute saioa
Hau guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en.