Arte[faktua] 41: Katixa Agirre ‘Amek ez dute’, Estitxu Garai, Olatz Beobide
Arte[faktua] 41: Katixa Agirre ‘Amek ez dute’, Estitxu Garai, Olatz Beobide –
Katixa Agirre (Gasteiz, 1981) idazlea elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak aste honetako Arte[faktua]n. 2018an argitaratutako euskarazko eleberririk salduenetarikoa izaten ari da Katixa Agirrek idatzitako Amek ez dute. Amatasunaren eta literatur sorkuntzaren artean sortzen den gatazkaz gogoeta egin du Agirrek.
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak euskal literatura sustatzeko antolatzen duten Zubikarai Beka irabazi zuen Katixa Agirrek 2016. urtean. Diru laguntza horri esker, sei hilabeteko eszedentzia harturik, burutu izan zuen liburua idazteko egitasmoa.
Gertakari tragiko bat da eleberriaren abiapuntua: ama batek bere bi ume txiki bikiak hil ditu baineran itota. Saiakera ezaugarriak antzematen zaizkio zenbait unetan liburuari, baita nobela beltzaren eta thriller judizialaren ukituak ere.
Oraingoaren aurretik, Atertu arte itxaron eleberria argitaratua zuen, eta baita Sua falta zaigu eta Habitat ipuin liburuak ere.
Katixa Agirrek deituta, Estitxu Garai (Gordexola, 1985) izango da Arte[faktu]ko solaskide. Agirre bezala Euskal Unibertsitatean irakaslea da Estitxu Garai. Euskarazko publizitatea da bere ikergai nagusia.
Garaik kontatuko digu publizitatearen arloan euskara oso maila baxukoa erabiltzen dela, batez ere publizitate etxe handiek ez dutelako ikusten euskara publizitatea egiteko tresna egokia.
Olatz Beobide aktore-zuzendariak bere Apalategiko liburuez hitz egingo digu. Eta, besteak beste, kontatuko digu Sigmund Freud-en Ametsen interpretazioa dela amaitu ezin izan dituen liburu klasikoetako bat; eta idazle kuttunen artean, Ana Frank dela bere kuttunenetakoa.
Irakurlea sailean, Miren Gorrotxategi idazle azpetiarraren 33 ezkil eleberria gomendatuko digu Onintza Ezeanyim gasteiztarrak.
Euskal idazleei Arte[faktuak] egiten dien Galdetegian, Iban Zalduak argitu digu Slavenka Drakulic idazle kroaziarraren Han ez banengo bezala liburua dela aspaldian gehien hunkitu duena. Jaroslav Seifert txekiarraren edozein lan gustura irakurriko luke euskaraz Iñigo Astizek. Eta Xabier Gantzarain idazle azkoitiarrak aitortu digu Harkaitz Canoren Twist eleberriaren egile izan nahiko lukeela.
Lekeitioko Miren Bego Aboitizek Isabel Allende idazlearen “La casa de los espíritus” liburua gaitzat hartuta egingo du aste honetako booktubea.
Asteko nobedadeek eta argitaletxeen gomendioek osatuko dute larunbat arratsalde honetako Arte[faktua].