Kanta bakoitza garaipen bat

Kanta bakoitza garaipen bat –

Berri Txarrak taldeak etenaldi mugagabea eta Ikusi Arte izeneko bira iragarri zuenetik neurriz gaineko asalduraz bizi da zalea. Hamar hilabetez luzatuko den agurraren lehen atala abiatu berritan, Beude, Bilboko Kafe Antzokian izan da hirukotea, bi gauez. Bertako zimenduak eta gure gorputzak oraindik dar-dar direla, bart bizitakoa dakargu lerrootara; kanta bakoitzeko garaipen bat.

Kanta bakoitza garaipen batAstearte eta asteazken buruzuri batean burutu arren, bi kontzertuok askoz aurretik abiatu zirela esan beharra dago, hasteko, ordu eta erdian agortu ziren sarrerak lortzeko Uribitartera arte luzatu zen ilaran edo, are, Nafarroa Arenarako bat lortzekotan ordenagailu aurrean blokeatuta emandako orduetan; horregatik, eta taldeak eskatu bezala, ospakizun erraldoi bat bihurtu zen zuzenekoa. Alta, zerbaitek esaten digu bertaratutako askorentzat ez dela taldea zuzenean entzungo duten azken aldia izango.

Gure aldetik, ezin esango dugu hasiera-hasieratik jarraitu dugunik taldea, eta zuzenean entzun ditugun guzti-guztietan txunditu gaituzten arren, Berri Txarrakek ez gauzka erabat pozoitua, metalaren aurkako txertoa nerabezaroan jarri ziguten-eta. Alegia, rock&roll-etik bigarren partea dugula maiteen, burua baino gerria astintzera zaramatzana. Laburtuz, oso gogorra egin zaigu saioa, Gezur bat mila aldiz jotzetik aurrera, bortitza. Gure burua zuritzen bukatzeko, esan publikoari taldeak eragiten dion zirrara (edo sukarra) aretoak ematen digula, gure kasuan Kafe Antzokiarekin dugulako lotura afektiboa. Gau berezietarako jantzita dagoenean, bart bezala, ez du parekorik.

.

Bego musika

Albia lorategira hurbildu ahala, kasik Sabin Etxearaino luzatzen den ilarak iragartzen digu berezia dela hitzordua. Ilaran, haurra amonarekin utzi duen lehengusina agurtu dugu; atarian, aspaldi ikusi gabeko bikote bat -neskak jada pijama jantzia zuen etxean, mutilak sorpresaz sarrerak dituela esan dionean-, eta Biarritzekoan egondako lankide ohiak. Jakin-minez dira guztiak, zirraraz. Areto barruan, euskal eszenako musikari batzuk aurkitu ditugu atzeko aldean, eta zale sutsuenak lehen ilaran irmo. Ematen du bateren batek bertan egin duela lo, astearteko argazkietatik ezagutu dugu-eta. Eskailerak ere argazkilariz lepo dira, Dena Flow, Eider Iturriaga, Pablo Cabeza… eta ez dago tokirik guretzako. Iragarritakotik ordu laurdenera agertu da hirukotea oholtzan, 21.45ean, eta hasi dira jo eta su!

Jo eta su, deabruak bezala, sekulako kalipuarekin. Gorka Urbizuk esana zuen, agur birako prentsaurrekoan, gehien gustatzen zitzaiena zuzenean jotzea zela, eta horrela frogatu du, alafede! Ikusi Arte birarako 80 kanta prestatu dituztela jakinarazi bazitzaigun, Kafe Antzokiko bi hitzorduetan 40 kantatik gora jo ditu hirukoteak, bi gauak Astrakoa bezala Beude-rekin hasi eta, kasik Katedral bat joz bukatuta. Gainontzeko setlist-a, oso-osorik ezberdina, taldeak bilbotar harrokeria harrotasunarekin gaur bertan iragarri bezala. Horretarako ere badira sare sozialak, ze demonio!

Asteartean 21 kanta zeuden kanta zerrendan idatzita, eta 24 kanta asteazkenean, Beude baino ez amankomunean, kanta bakarra. Bart, zaleek bigarren aldiz oholtzaratzera derrigortu zuen taldea, eta beste hiru jo zituzten, tartean aurreko gauean jotako Katedral bat -bai, kontua errepikatzen ari gara, ondo uler dadin-. Honek, gure aburuz, taldeak duen sekulako gaitasunaz gain, aparteko zintzotasuna ere erakusten du, entzulearekiko; betiko zalea du buruan hirukoteak, eta bi gauetarako sarrerak lortu zituena pozik egongo da.

Kantak gorabehera, aparteko imintzio eta azalpenik gabeko gaua izan da, arnasa hartzeko betarik apenas utzi diguna, ezin grinatsuagoa. Argi joko ezin ikusgarriagoa lagun dutela -elurrezko superilargia bada kanpoan, izarrak dira barruan, tarteka gau oskarbiko izar-azpia irudi baitu-, hirukoteak alturitetara jolasteko plataformatxoa du aurreko aldean. Aizkora eskuan hartuta mikrora lotu samar dago Gorka -soinua ona da, baina estimatuko genuke ahotsa ozenago balego-, publiko artera sartu irtenak egitera ausartu bada ere. Bitartean, David eta Galder erasora ari dira, eta ez dira gau osoan gelditu, hori da hori astindua! Saka eta saka, une batean errailetatik ere irten zaie lokomotora, eta bateriaren pedala konpondu behar izan du Berri Txarraken talde tekniko arretatsuak.

.

Zein da gai

Oholtza mila bider zapaltzeak ematen duen eskarmentuarekin, arazo teknikoak Curt Cobain ahotan hartzeko baliatu ditu Gorkak, otsailaren 20koa baitzen, eta Heart-shaped box kantaren hasiera joz Nirvanari keinua egiteko. Aurretik, Joxeangel Irigaraiz ere oroitu da Urbizu, berak egiten baitzituen, aspaldiko sasoietan, Kafe Antzokiko kontzertuen aurkezpenak. Guk lausoa dugu oroimena, baina gure aldamenean bada Lekunberriko taldeak lehen aldiz bertan jo zuenekoaz akordatzen denik: “Judast Priest-en bertsio bat jo zuten”; bai ala? Gainontzean, denok ez geundela ere aipatu da, eta publikoak Kalera, Kalera! kantatu du bisak baino lehen.

Kanta bakoitza garaipen bat

Setlist-aren arabera, gauari Ikusi Arte aproposak eman behar zion bukaera, baina bai zera. Hirukoteak beste hiru jo behar izan ditu azken aldiz desagertu baino lehen, Eskuak, ikubilak, Katedral bat eta Oihu. Argiak piztu eta jotzen hasi orduko karaoke bihurtutako zuzenekoan, jada pogoak dira publikoaren artean.

Gauak aurrera egin ahala, kanta berri bakoitza garaipen garrantzitsu bat balitz bezala ospatu da, akaso azken aldia izan zitekeelakoan. BTX zuzenean entzungo genuen azken aldia.

La Pollak itzulera iragarri duen egun berean zapaldu du Berri Txarrakek azken aldiz Kafe Antzokia; argiak itzali direnerako taldeak 27 kanta jo ditu laburra egin zaigun ordu eta hiru laurdenetan, c`est fini.

Lekunberrin orain 25 urte abiatu zen abentura helmugatik hurbil dela-eta, hauek mututzearekin batera ez bide da euskal rock-zalea apur bat umezurtz geldituko? Berri Txarrakek erakutsitako ereduak balioko bide du eszena bere osotasunean indartzeko, talde irudimentsuak sor daitezen, baldintza duinetan jotzeko aukera izango dutenak, eta aurrean entzuleria osasuntsu eta ugari bat adi; hala bedi! Bitartean, zein da gai atzoko eztanda neurtzeko, bart eragindako kalipua jasotzeko eta, batez ere, energia horrek eragindako gogobetetzea neurtzeko?

Kanta bakoitza garaipen bat Kanta bakoitza garaipen bat Kanta bakoitza garaipen bat Kanta bakoitza garaipen bat Kanta bakoitza garaipen bat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude