Arte[faktua] 39: Irene Aldasoro ‘Gailur ekaiztsuak’, Arantzazu Royo, Zuhaitz Gurrutxaga
Arte[faktua] 39: Irene Aldasoro –
Irene Aldasoro (Idiazabal, Gipuzkoa, 1955) itzultzailea elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak aste honetako Arte[faktua]n. Euskadi Saria irabazi berri du Aldasorok, Emily Brontëren ‘Wuthering Heights’ (Gailur Ekaiztsuak) eleberriaren euskarazko itzulpenarekin. Bigarren aldiz irabazi du goierritar itzultzaileak Euskadi Saria. Lehena 2.000. urtean eskuratu zuen James Joyce idazle irlandarraren Dublindarrak liburuarekin.
Gailur Ekaiztsuak umetatiko lehen amodio ero eta menderaezin baten historia da, baina hori baino gehiago ere aurkituko du irakurleak eleberri honetan: amodio gutxietsiak eragindako mendeku baten kontakizuna, pasio menderaezin batena, baretu ezineko min sarkor batena.
‘Wuthering Heights’ (Gailur Ekaiztsuak) eleberriak egokitzapen ugari izan ditu irrati, telebista eta zinerako. Bertsiorik estimatuena Willian Wyler zinema-zuzendariak egin zuen 1939an.
Irene Aldasorok itzulpengintzaren alor ugari jorratu ditu bere lan-ibilbidean. Ikus-entzunezkoetan, ETBrako telesail eta filmak itzuli zituen bost urtez, eta zortzi urtez izan zen National Geographic-eko dokumentalen itzulpenaren gainbegirale. Hiztegigintzan ere aritutakoa da, eta zenbait lege itzuli ditu Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren arteko ‘Legeak-Leyes’ proiektuaren barruan.
Arantzazu Royo (Hernani, 1967), izango da Arte[faktuko] solaskide saioaren hondarrean. Itzulpen eta Interpretazioan lizentziatua da eta EIZIEko bulegaria. Arabiera ikasi zuen, eskola partikularretan lehenik eta bidaiatuz gero Egipton, Tunisian, Marokon eta Sirian. Euskadi Saria irabazi zuen 2012an Alaa Al Aswani idazle egiptoarraren Jakobian eraikina eleberria itzulita.
Arantzazu Royok eta Irene Aldasorok itzulpengintzaren garrantziaz hitz egingo digute, eta ohartarazi itzultzaileen lanari esker jaso ditzakegula euskaraz munduko literaturaren lanik ederrenak, film arrakastatsuenak edota dokumental interesgarrienak.
Zuhaitz Gurrutxaga, telebistako aurkezlea, bere liburu eta egile kuttunez mintzatuko zaigu: zein liburu ari den irakurtzen, saiatu arren zein liburu klasiko ezin izan duen amaitu.
Galdetegia tartean, Rikardo Arregi idazleak azalduko digu zein den, bere ustez, euskarara itzuli beharreko liburuetako bat. Zein libururen egile izan nahiko zukeen argituko digu Aitor Arregi zinegileak, eta Ekaitz Goienetxea idazleak Katedrala izenburudun eleberria gomendatuko digu.
Idiazabalgo Inma Aranburuk Ibon Martin idazle donostiarraren “La jaula de sal” liburuaren gomendioa egingo digu.
Galdakaoko Elexalde institutuko ikasleek Andrew Norrisek idatzi eta Usoa Wyssenbachek itzulitako “Jessicaren itzala” liburuaren booktubea bidali digute aste honetan.
Argitaletxeen gomendioek eta asteko nobedadeek osatuko dute larunbateko Arte[faktua].
Hau guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en.