Arte[faktua] 231: ‘Subcampeon’ Zuhaitz Gurrutxagaren bizipenak Ander Izagirrek eta biek lau eskutara idatziak

Arte[faktua] 231: ‘Subcampeon’ Zuhaitz Gurrutxagaren bizipenak – 

Ander Izagirre idazle donostiarra da aste honetako gonbidatu nagusia Arte[faktua] literatur saioan. Donostiako Txomin-enea auzoan elkartu da Ilaski Serrano aurkezlearekin, Subcampeon’ (Libros del K.O) Zuhaitz Gurrutxagarekin batera idatzi duen lanaz hitz egiteko. Izagirrerentzat ezusteko handia izan zen Gurrutxaga joan zitzaionean esatera bere bizitza kontatu nahi zuela eta bion artean egitea nahi zuela. Erabat txundituta geratu zen Izagirre, eta bere asmoen artean futbolaz idaztea ez bazegoen ere, 2023rako planak goitik behera aldatu zituen liburu hau idatzi ahal izateko. Izan ere, oso istorio berezia da liburu honek kontatzen duena, Zuhaitz Gurrutxagaren bizitza futbolari profesional izan zen garaian. Nola bizi izan zuen hori guztia, eta mundu horretan jasan behar izan zuen presioak eragin zizkion beldur, kezka eta osasun mentaleko arazoak. Gurrutxagak tragedia modu komikoan azaltzeko duen gaitasunak erakarri zuen Izagirre hasiera-hasieratik. Izagirre kazetaria eta idazlea da. Zutabegile hainbat hedabidetan, eta literaturari dagokionez bidaiei buruz zein kirolari buruz idatzi du batik bat. Irabazitako sarien artean 2017an Euskadi Literatura Saria jaso zuen Potosí saiakeragatik.

Albaola Itsas Kultur Faktorian elkartuko da saioa Xabier Alberdirekin, Itsas Museoko zuzendaria izateaz gain Albaolako ikerketa departamenduko zuzendaria ere badelako, eta itsasoarekin lotura duten liburuez arituko da bertatik.

Aste honetako liburu gomendioa Jesus Pino pasaitarraren eskutik etorriko da, eta horretarako aukeratu duen liburua: Iñigo Redondo idazlearen Todo existe

Booktubea, bestalde, Alaine Mendia gazteak eginikoa izango da. Miguel Anjel Mintegiren Heriotza zuriz jantzita (Ibaizabal) liburua hautatu du bere bideorako.

Hori guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, 11:00etan, ETB1en.

artefaktua

aurreko saioan…

Arte[faktua] 230: Lizar Begoñaren ‘Mundu zitalaren kontra’, Benidormeko kiosko bat ardatz duen fikziozko eleberria

Arte[faktua] 231: ‘Subcampeon’ Zuhaitz Gurrutxagaren bizipenak Ander Izagirrek eta biek lau eskutara idatziak

Arte[faktua] literatur saioa ETBn

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude