Arte[faktua] 215: Juan Kruz Igerabideren ‘Ura saltoka’ kantu bat naturari eta bizitzari
Arte[faktua] 215: Juan Kruz Igerabideren ‘Ura saltoka’ –
Juan Kruz Igerabideren ‘Ura saltoka, natura eta kultura jolasean’ (Alberdania) liburua izango du hizpide larunbat honetako Artefaktua saioak. Natura eta artea jarri ditu elkarrizketan ‘Ura saltoka’ izeneko saiakera honetan Igerabidek. Izan ere, naturak sortua da aspalditik datorkion jakinmina, txikitatik naturarekin harreman estuan bizi izan delako, eta naturak berak sortu izan diolako betidanik jakiteko grina zein gogoa. Hala, gaur egungo kezka sozialak, nondik gatoz eta nora goazen gai unibertsalei ekin die bertan bere biografiarekin batera uztartuta. Edertasuna eta hizkuntzaren lanketa dira darabilen idazmen estilo aberatsaren ezaugarriak.
Juan Kruz Igerabide Sarasola (Aduna, 1956) Idazle eta ikerlariak, magisteritza ikasketak egin zituen, eta Euskal Filologian doktore da. Lanbidez Lehen eta Bigarren Hezkuntzan irakasle izandakoa da, eta EHUn Euskara Teknikoko irakaslea. 2003an euskaltzain urgazle izendatu zuten.
Alkizara hurbildu da aste honetako ‘Artefaktua’ saioa, Igerabidek laguna duen Koldobika Jauregiren Ur Mara Museoan elkartuko baita Ilaski Serranorekin.
Jon Umerez adiskidea batuko zaie solasaldira. Adiskide duelako eta, laguntza eman diolako liburuan ageri diren hainbat gai eta alderdi filosofiko eta zientifikotan. Umerez Zientziaren filosofiako irakaslea da EHUn.
Eta Alkizatik Usurbilgo Baratza parkera egingo du salto saioak, Jakoba Errekondok Apalategian gordetzen dituen liburu zenbaiten berri eman diezagun. Errekondo paisajista eta agronomoa da lanbidez, eta ahots ezaguna Euskadi Irratiko entzuleen artean, bertan baitabil kolaborazioan Arantxa Arzarekin batera ‘Landaberri’ saioan.
Iñaki Irazabalbeitiaren eskutik dator aste honetako liburu gomendioa. Alkizarrak Mikel Alvarez Sarriegiren ‘Euskalia’ liburua aukeratu du horretarako.
Galdetegia tartean, Olatz Mitxelenak, Goiatz Labandibarrek eta Pako Aristik euren gustuko liburu batzuk aipatuko dizkigute.
Sakanatik dator aste honetako booktubea Eider Jimenezek eta Ainhoa Carabiasek dira egileak eta aukeratu duten liburua: ‘Harry Potter eta suaren kopa’ (Elkar) J. K. Rowling/Itz.: Iñaki Mendiguren.
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en