Arte[faktua] 111: ‘Ene baitan bizi da’, Maddi Ane Txoperenaren estreinako ‘artefaktua’
Arte[faktua] 111: Maddi Ane Txoperena . ‘Ene baitan bizi da’ –
Maddi Ane Txoperena idazle, kazetari eta bertsolari lapurtarra izango da larunbat honetako protagonista ‘Artefaktua’n. ‘Ene baitan bizi da’ da bere estreinako liburua, Elkar argitaletxearekin plazaratu duena. Bertan, 1950eko hamarkadan, herria utzi eta neskame joan ziren emakume gazteen bizipenei eleberri forma eman die. Egun bizitoki duen Lesakan elkartuko da Yolanda Mendiolarekin, Pikukoborda landetxean, zehazki.
Ane Labaka bertsolari eta sortzailea batuko da Txoperena eta Mendiolaren arteko solasaldira. Anek Txoperenaren liburuaren inguruan duen iritziaz edota biek konpartitzen duten genero ikuspegi antropologikoaz arituko dira, besteak beste.
Aste honetan, ‘Artefaktua’n, Letren bidaia izeneko erreportajeen atalean, Maite Larburu musikari eta biolin jotzaile hernaniarra izango da protagonista. Maitek liburu batekin bidaiatzen du beti, beraz, irakurtzearen plazeraz eta balioaz hitz egingo dugu berarekin.
Bestalde, Kepa Sarasola UEUko zuzendariaren apalategia ezagutzeko aukera izango dugu.
Horretaz gain, Armentia Ikastolako Iker Iruretagoienak Fernando Morilloren ‘Iheskorrak’ liburuaren iruzkina eskainiko digu.
Hau guztia, saioa osatzen duten Galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en.