Arigato

Arigato –

Arigato

Zuihitsu japonierazko hitza da, “entsegua” edo “saiakera” esan nahi duena. Saiakera, izatez, saiatzea da, ahalegintzea alegia. Zertan ahalegindu? Zaharberritzen, berritzen, egokitzen, eraldatzen, sortzen, ezen eraldatzen ez den tradizioa usteltzen da betiko. Japoniatik ekarritako kamishibai, haiku, haibun eta beste aipatzen da Zuihitsua izeneko saiakera-liburuan.

Zuihitsu ez da gaur goizeko generoa: Sei Shonagon izeneko emakumezko idazle batek sortu zuen duela mila urte, eta Heian gortean bizitutakoak, hausnarketak eta iruzkinak jasotzen zituen idatziz.

Saiakera gutxi irakurtzen omen da, eta are gutxiago saltzen… Haatik, badugu zerikasirik, badugu zerpentsaturik, zeresanik eta horregatik, biziki eskertzeko modukoa da Txalaparta argitaldariak berea ez den eta beste argitaldari baten Zuihitsua liburuaz mintzatzeko unea eta gunea eskaintzea. Izan ere, Zuihitsua izeneko liburua Zarautzeko Dakit argitaldariko Sabin Oregi editorearen ausardia eta erabakimenari esker dugu esku artean. Liburuaz mintzatzeko hitzordua asteazken honetan,  zazpietan,  Txalapartak Iruñeko Kale Nagusian duen egoitzan.

Bihoakie Euskalerria Irratiaren bidez bai editoreari, bai Txalapartako lagunei, nire eskerrona: japonieraz esanda, Arigato.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2024ko maiatzaren 14koa]
Arigato

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude