‘Arantzazu’ dokumentalaren estreinaldi instituzionalak babes zabala izan du

‘Arantzazu’ dokumentalaren gaurko estreinaldi instituzionalak babes zabala izango du –

Arantzazulab-ek sustatutako ‘Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat’ lana ofizialki aurkeztu zen atzo, azaroak 28.

‘Arantzazu’ dokumentalaren gaurko estreinaldi instituzionalak babes zabala izango duArantzazuko ekarpen sozial, kultural eta espiritualei buruzko irakurketa intimoa jaso duen ‘Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat’ dokumentalaren estreinaldi instituzionala egin zuten atzo arratsaldean (17:00etan) Arantzazun kokatuta dagoen Gandiaga Topagunean (Oñati). Arantzazulab-Arantzazu Gaur Fundazioak sustatuta, Pello Sarasuak (Amasa-Villabona, 1969) zuzendu du lana; eta Arteman Komunikazio Agentziaren ekoizpen lanarekin, EITB zein Berria komunikazio taldeen babesa eta bultzada ditu dokumentalak. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko asmoz, prentsa agerraldia eskaini dute gaur goizean Tabakalera eraikineko Ruiz Balerdi aretoan Naiara Goiak (Arantzazulab-eko zuzendari nagusia), Joxe Mari Arregik (Arantzazuko Frantziskotarren ministro probintziala) eta Pello Sarasuak (dokumentalaren zuzendaria).

Ikus-entzunezko lana Arantzazuko ondarea ezagutzera emateko Arantzazulab fundazioak abiatu duen etapa berriaren parte da. Zenbait ekimen eguneratu zein egungo beharretara egokitu dira dokumentalarekin batera, esate baterako:  Arantzazuko Egutegia, “Takoa”, edukietan gaurkotzeko lan bat egin da (genero ikuspegia txertatu da Linking Ideas erakundearen lankidetzarekin), egutegiaren digitalizatze prozesua ere abiatu da, bere edukiak ikerketa gai izatea ahalbidetuko duelarik horrek; edota Frantziskotarrekin batera “Euskozenoa” egitasmoan parte hartu da (Arantzazuko fraideak eta euskal gazte erreferenteekin etorkizuneko euskal nortasunari buruzko hausnarketa partekatuan). Arantzazu “ireki” egin da erantzun gaurkotuetara iristeko, beti egin duen bezala, aurrera egiteko, eta ‘Arantzazu Irekita Dago’ kontakizunaren markoan, hain zuzen ere, kokatzen da dokumentala.

Arantzazutik urtetan egin den ekarpena ezagutzera emateko, dokumentalak hainbat testigantza eskaintzen ditu, elkarrizketa eran jasoak. Fraide frantziskotarrek 500 urtetik gora daramatzate Arantzazun, Andra Mariaren irudia aurkitu zenetik. Beraien motibazio erlijiosotik, ondare immaterial baliotsua eman diote herriari, frantziskotarrentzat Anaidia, komentua ez ezik, gizartea ere badelako, Euskal Herria, mundua. Horregatik ari dira herrigintzan, modu etengabean, berrikuntza sustatuz, ausardiaz. Arantzazuko frantziskotarrek herriarekin duten lotura, egindako ekarpenak alor ezberdinetan eta hori beren espiritualtasunarekin nola lotzen den ezagutzera emateko, 70 minutuko dokumentala ondu da bi urteko lanaren ostean:  zazpi frantziskotarren parte-hartzearekin (Joxe Mari Arregi, Juan Miguel Dorronsoro, Juan Ignacio Larrea, Anjel Txabarri, Manolo Pagola, Paulo Agirrebaltzategi) eta Arantzazurekin modu batean edo bestean harreman esanguratsua izan duten hainbat pertsonen testigantzekin (Joseba Intxausti, 1936-2023, dokumentala edizio fasean zela zendua; Lorea Agirre, Jon Sarasua, Izaskun Andonegi, Miguel Angel Alonso del Val, Jose Ramon Beloki, Miren Elgarresta, Xabier Euzkitze, Marije Goikoetxea eta Alazne Guridi).

Arantzazulab fundazioaren egitekoen artean Arantzazuko ondarea sustatzeko eta eraberritzeko prozesua bultzatzea, dinamizatzea, kudeatzea eta koordinatzea dago. Jakina da ondarea forma ezberdinetan aurkeztu ohi dela, baita era immaterialean ere, esate baterako, herri-testigantzen bidez, balio sozial eta historiko izugarria dituztenak. Fundazioak horiei erreparatu, eta frantziskotarren bizi-istorioak, inoiz jaso gabekoak, jasotzeko egitasmoa abiatu zuen. Frantziskotarrekin elkarlan estuan, entzute ariketa sakona egin zen, testigantza-sorta gordailu gisa jasota gera zedin, irudiz nahiz soinuz. Kristau espiritualtasuna, Humanismoa, Artea, Natura, Euskara eta Kulturaren gaiek egituratu zuten 2021en izandako solasaldiek. Jasotakoaren balio handiaz jabetuta, 2022an artxibo-lana dokumental gisan gizarteratzeko erabakia hartu zen, arestian aipatutako frantziskotarren eta gainontzeko elkarrizketatuen bizipenak uztartuta.

.

Partaideen eta herri-agintarien balorazioak

Guztira, dokumentalari bide emateko grabatutako testigantzak 25 ordutik gora izan dira. “Frantziskotarrek harreman oso estua izan dute herriarekin eta ekarpenak egin dituzte arlo espiritualean, kulturalean eta sozialean. Hori ulertzea zaila izan daiteke fraide batzuetaz izan dezakegun ikuspegi estereotipatu batetik. Hori dela eta, dokumentalean bi begirada uztartzen dira: Batetik, barrura begirakoa, alegia, komentu barrura, beraien bizi-aukera hori ulertzeko; eta bestea, kanpora begira, herrian eta herriarekin egin duten lana ulertzeko”, azaldu du Pello Sarasua dokumentalaren zuzendariak. Halaber, aipatu ikus-entzunezkoaren aurre-estreinaldia ZINEBI- Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian izan dela hilabete honetan bertan Bertoko begiradak izeneko sailean; eta ikusleek harrera goxoa eman diote dokumentalari.

‘Arantzazu’ dokumentalaren estreinaldi instituzionalak babes zabala izan duBestalde, gaur goizean Tabakaleran egin den hedabideen aurreko aurkezpenean, frantziskotarren artean esperientzia nola bizi izan duten azaldu du Joxe Mari Arregi, Arantzazuko Frantziskotar Probintziako ministro probintzialak: “Emaitza gustatu egin zaigu. Hasieran pentsatu genuen: Kontatu beharrekoa ez da luze joango, ordu erdirekin nahikoa izango da. Baina elkarrizketak solasaldi luze bilakatu ziren, 3 ordukoak-edo. Ondorengo lan-prozesuaren ere lekuko eta partaide zuzenak izan gara, eta orduan bai, hor bazegoen zerbait dokumental eran gizarteratzeko. Jende askorentzat Arantzazu erreferentzia izan da eta da oraindik ere. Baina beste askok ez dute asko ezagutuko Arantzazu eta berarekin lotura dituzten hainbat ekarpen. Dokumentalak horretarako balio badu, ondo”.

Era berean, Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak nabarmendu du:“Pozik gaude egindako lanarekin.  Arantzazutik egin den ekarpena ondare immaterial eran jasotzean balio sozial eta historiko handia duela uste dugu, eta euskal gizarteari ezagutzera ematea garrantzitsua da, gure historiaren eta izanaren parte baita. Eskerrak eman nahi dizkiot Frantziskotar komunitateari bere eskuzabaltasunarengatik, eta baita dokumental honen parte izan diren guztiei ere. Bakoitzak beretik egin duen ekarpena oso esanguratsua da. Orain, ikus-entzunezko hau Euskal Herriko txoko ezberdinetara zabaldu nahi dugu”.

Dokumentalaren sustatzailea den Arantzazulab fundazioaren patronatuko kide diren instituzio publikoetako ordezkariek ere proiektuaren balorazioa partekatu nahi izan dute. Arantzazuk euskal gizarteari egiten dion ekarpena balioan jarri du Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusiak. “Arantzazuko frantziskotarrek Euskal Herriarekin izan duten harreman estua honela ulertu daiteke; beti egon dira herritik oso gertu eta baita herria Arantzazutik ere. Berritzaileak izan dira, eta beti aurrera egin dute. Herritarrekin batera, garaian garaiko erronketan eragile izateko gaitasuna izan dute eta elkarlan horrek bere fruituak eman ditu”. Arantzazurentzat, eta baita Oñatirentzat ere, ingurune honek duen balioaz mintzatu da Izaro Elorza, Oñatiko alkatea. “Arantzazu, Oñatiren parte da. Herritarrek, auzotarrek, alor desberdinetan jardun duten euskal herritarrek…esangura handia izan dute Arantzazuren iraganean. Eta Arantzazuk esangura handia izan du haiengan. Herria eta Arantzazu beti egon dira elkarloturik. Garrantzitsua da, beraz, ikuspegi bat edo beste oinarri, Arantzazuren iraganaz jardutea. Egungoa ulertzeko, funtsezkoa da atzera begirakoa ezagutzea”.

.

Arantzazun emanaldia eta hedapen plana

Gandiaga Topaguneko gaur arratsaldeko emanaldiari dagokionez,  Pilar Kaltzadak aurkeztuko du Oteiza auditorioan izango den ekitaldia. Bertan dokumentalean parte-hartu duten elkarrizketatu gehientsuenak izango dira erreferentziazko eragile askorekin batera: erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, unibertsitatea; edota herrigintzaren, euskal pentsamenduaren, kulturaren zein euskalgintzako hainbat erakundetako kideak ere. Hitzorduak ordezkaritza zabala bilduko du, eta emanaldira bertaratuko dira, besteak beste, Arantzazulab-en gobernantza organoetako kideak: Patronatua eta Zuzendaritza Batzordea osatzen duten erakundeetako ordezkariak: Gipuzkoako Foru Aldunditik: Eider Mendoza, Diputatu nagusia, eta Irune Berasaluze, Gobernantza diputatua; Oñatiko Udaletik: Izaro Elorza, alkatea; Eusko Jaurlaritzatik: Asier Aranbarri, Berrikuntza Sozialaren Zuzendaria; Mondragon Korporaziotik, Zigor Ezpeleta, Kudeaketa Sozialeko zuzendaria; Kutxa Fundaziotik, Ander Aizpurua, zuzendaria; eta Arantzazuko Frantziskotarren Probintziatik, Joxe Mari Arregi, Ministro Probintziala. Horiekin batera, laborategiko Aholku Batzordeko ordezkariak ere izango dira: Xabier Riezu (Deustuko Unibertsitatea), Agustin Erkizia (UPV/EHU), Nagore Ipiña (Mondragon Unibertsitatea), eta Auxkin Galarraga (Eusko Ikaskuntza).

Gainera, lehen emanaldi honetan izango da Mikel Aizpurua (Kultura Ondarearen zuzendaria), Eusko Jaurlaritzako ordezkari bezala. Proiektua babestu duten komunikazio taldeen ordezkariak  ere Maite Goñi (EITB Audio eta Digitaleko zuzendaria) eta Amagoia Mujika (Berriako zuzendaria) Gandiaga Topagunean izango dira, Arantzazuko Santutegiko ekosistemako eragileekin batera (Gomiztegi Artzai Eskola, Arantzazuko Parketxea, Arantzazuko Turismo Bulegoa -Debagoiena Mankomunitatea- edota Arantzazuko denda, jatetxeak eta ostatuak).

Arratsaldeko aurkezpen instituzionala eta gero, Arantzazuko dokumentalaren hurrengo hitzordua Durangoko Azoka izango da,  abenduak 6ko emanaldiarekin (Irudienea–Zugaza; 17:00 – 18:30). 2024ean, dokumentalak euskal zinemetan eta herri-antzokietan egingo du bere bidea. Lanaren hurrengo emanaldiak eta informazio guztia www.arantzazudokumentala.eus atarian aurki daiteke.

‘Arantzazu’ dokumentalaren estreinaldi instituzionalak ‘Arantzazu’ dokumentalaren estreinaldi instituzionalak

Gizarte Berrikuntza Laborategia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude