Aranbarrik utikan esan du: zer egin Euskadi Sariarekin?
Iñigo Aranbarrik uko egin dio Euskadi Sarietako finalista izateari.
Azkoitian jaiotako idazleak finalista zela esanez gutuna jaso zuen, eta seigarren egunean, Utikan manifestuaren sinatzailea zela esanez, uko egin zion Euskadi Saria irabazteko aukerari.
Aranbarri, Zulo bat uretan nobelarengatik hautatu du epaimahaiak finalisten artean.
Utikan
2007ko otsailaren 16an hainbat idazlek, Utikan manifestuarekin, Euskadi Sariak auzitan jartzen zituzten, hauek “egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat” sortzen zutela egotzita. Horrez gainera, aurreko urtetan epaia ematerakoan egondako irregulartasunak salatu eta irakurlego eta iritzi publikoan “Euskadi Sariek literaturaren kontzeptu murritz bat” hedatzen zuela esaten zuten.
37 idazlek sinatu zuten agiria orduko hartan.
Agiria argitaratu ostean, iazko Euskadi Sarien ekitaldian, Eider Rodriguez eta Uxue Alberdik finalista izateari uko egin zioten, manifestuarekin bat egiten zutela argudiatuta.
Aranbarrik erabaki berbera hartu du aurtengoan..
Zer egin?
Zalaparta piztu zuen agiriak eta Miren Azkarate azalpenak eman eta ordura arteko epai-mahaikoen lana ohoratzera agertu zen (“Azken egunetan argitaratu dena ez da justua, ez pertsona horiekiko [epai-mahaietan jardun dutenekiko], eta ez urte hauetan sarituak izan diren idazleekiko ere. Nik hori nabarmendu nahi dut: epaimahaikideen lana, batetik; eta, bestetik, urtez urte sarituak izan direnen merezimenduak)
Euskadi Sariek berean jarraitzen dute ordea, ukoarekin manifestua sinatu dutenak finalista direla oharraraziz eta salaketen oinarri direnak aldatu gabe. Bere horretan jarraitu behar ote dute, hainbat idazlek (37, zenbait euskal literaturan oso garrantzitsuak), publikoki, sariari uko egiten diotela adierazi ostean ere?