Hitzetik Hortzera Txapelketa Nagusirako prest!

Hitzetik Hortzera, euskarazko telebistagintzako programa dekanoa (1988an agertu zen aurrenekoz, hogeita batgarren denboraldia du aurtengoa), pantailara itzuliko da ostegunean. Larunbatean Zestoan abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusia eta horren guztiaren lekuko izan nahi du aurtengo programak. Kanporaketa den-denak grabatuko ditu eta kroniketan, bertsoaldi bikainenez gain zaleen inpresioak, bertsolariei egindako elkarrizketak, eta oholtza atzean gertatzen dena ere erakutsiko du. Bertsozaleek jakin nahi duten guztia, etxeko eserlekutik mugitu gabe.

Txapelketa Nagusia dela-eta ordutegi aldaketa izango du Digitalak ekoiztetxean sortutako programak. ETB3n ostegun gauetan, 22:00etan, izango da hitzordua. ETB1eko emisioa, berriz, larunbatetan emango da, 13:00ean, ez igande bazkalostetan orain arte bezala.

Eneko Dorronsoro, erredakziorako fitxaketa izarra

Dezenteko bihurritua hartuko du programa aurkezteko eiteak, platorik ez baitu izango aurrerantzean. Gainera, Eneko Dorronsoro fitxatu du Hitzetik Hortzerak erredakziorako. Dorronsorok (Zumaia, 1978) ikastolan “xeoxe” ikasi omen zuen bertsotaz, hori esaten du berak. Gainera ikusentzunezkotan badu eskarmentu puxka bat: Betizun eta Noaoan gidoigile izan da; arlo teknikoan aritu da, berriz, zenbait telesail eta filmetan. Bigarren urtez jarraian Jon Artano izango da zuzendaria eta Izaskun Bernedo errealizatzailea.

Bertso surrealistak

Iazko moduan ordubeteko iraupena izango du programak (baita ETB1eko errepikapenean ere) eta atal ugari izango ditu: elkarrizketak, reportajeak, zuri-beltzeko bertsoa, artxibo errepasoa, bertso jarriak… bertso surrealistentzako tartea ere izango da.

Aurrenekoan Patxi Etxeberria eta Alaia Martin

Lehendabiziko alea bete-betekoa prestatu dute. Alaia Martinek Argentinatik bidalitako bertso-jarriak eta Hernanin izandako bertso-saio umoretsu bateko entresaka emango dute. Txapelketa Nagusiaren aurkezpen jaian ere izango dira, Tabakaleran. Gainera Hitzetik Hortzerak Mintzola Fundazioaren ganbaran, Villabonan, estreinatu duen erredakzioan Patxi Etxeberria bertsolari handia hartuko dute bixitan. Hitzordua, ostegunetan 22:00etan ETB3n, eta larunbatetan 13:00etan ETB1n.