Arabako Arkeologia Objektuak VII: Axkoetako gerriko krisket xafladuna
Axkoetako gerriko krisket xafladuna –
Bibat Arabako Arkeologia Museoan dagoen objektu berezi bati buruz hitz egingo dizuet, Axkoetan landa lanetan zebiltzala bertako nekazari batek aurkitu zuen gerriko krisket xafladunari buruz ari naiz. Etxean gorde zuten urtetan, zerbait berezia zelakoan, baina balio historikorik zeukan eta zer zen jakin gabe. Arkeologiarako Arabar Institutuko arkeologo batzuk ikusi eta zer zen esan zioten, gogotsu eman zioten museoari.
Gerriko krisket hau edota antzekoak dira Antzinate Berantiarra deitzen dugun garaiaz, VI-VII. mendeez, geratu zaizkigun aztarna esanguratsuetako batzuk. Ia gehienak hilobiratzeetan agertu dira (esan behar da, garai horretatik iritsi zaizkigun aztarnategi gehienak nekropoliak dira) eta garai horretan adituak diren historialarien arabera, bertako eliteek beren agintea adierazteko erabiltzen zuten objektuetako bat ziren: Erromatar inperioaren amaieran armadako buruek cingulum izeneko gerriko bat zeramaten agintaritzaren ezaugarri eta horretan oinarritzen da. Erromatar agintea erori eta bertako biztanleek burujabe egitean, boterearen erreferentziatik kopiatutako ezaugarria beraz; horrez gain, Europako Mendebaldean ohikoa zen bezala, armekin batera hilobiratzen ziren boteretsuak zirela adierazteko. Garai hau da ere, adituen arabera, euskara gure hizkuntza akitaniera edo protoeuskaratik bilakatu zen garaia.
Axkoetako hau gerriko krisket xafladuna da. Brontzean egina dago eta xafla zurruna du (alegia, ez zeukan mugitzeko bisagrarik) eta orratza falta zaio. Seguruena larruari iltzeez-edo lotuta joango zen. Apainduta ageri da, puntuz egindako irudiak ditu (Akitaniako eragina adierazten duen teknika da) eta bi animalia fantastiko ageri dira, bata bestearen aurrez aurre.