[Kafe Aleak] Antton Iturbek Nick Cave

[Kafe Aleak] Antton Iturbek Nick Cave –

[Kafe Aleak] Luistxo Fernandezek The Smiths

.

Nick Cave

“The Good Son” (Mute, 1990)

.

Nola da posible zure diskoaren azalean piano baten aurrean, traje zuria jantzita eta balleteko dantzariz jantzitako neskatxez inguratuta aurkezten bazara txantxa edo eldarnio moduan hartua ez izatea? Are gehiago, nor da gai The Ship Song bezalako abesti eder bat hartu eta estetika  dekadente berberaz baliatuz amesgaizto maltzur eta goxo baten munduko bideoklip bat grabatu eta oraindik eta ederrago eta mozkorgarriagoa egitea?

Nick Cave jauna, noski. Nor bestela? Gehiago esango nuke, garai jakin hartako (1989) Nick Cave bakarrik. Berlingo urte ilunak atzean utzi eta Sao Paulora etxez aldatu berria zen Nick Cave hura. Diskoaren barne argazkietan dotoreenetan dotoreen aurkeztuz Blixa Bargeld, Thomas Wydler, Kid Congo Powers, eta Mick Harvey hazi gaiztoek osatzen duten laukote magikoaren laguntza jaso zuena. Hori laukotea! Inspirazio eta senaz bere jakituria musikal guztia erabili behar izan zuten hemen, diskoak planteatzen duen nahasketa benetan baitzen arriskutsua: orkestra konponketa hunkigarriak eta aingeru pianoak alde batetik, eta Caveren lirika ekaiztsu eta irmoa bestetik. Baina goitik behera asmatu zutela iruditzen zait. Sortu zuten musikak, aurreko garaietan intsinuatu besterik egiten ez ziren erreferentziak jaso (Elvis Presleyren In the Ghetto-ren bertsioa edota Mick Harveyk Serge Gainsbourgengan beti azaldutako atxikipena) eta handituta bueltatzen baititu. Bere eraginpean, argitasun bare batek inguratzen ditu Nick Caveren ahotsa eta imajina. Sao Paulon aurkitutako maitasun berriaren eta droga desintoxikazio prozesu baten eraginez beharbada, ia espektro baten itxuran agertzen zaigu, beste dimentsio batetik kantu egiten digun izpiritua bailitzan, aingeru eta deabrua aldi berean. Nickek bere pertsonaia beti gogor landu du baina nire ustez disko honetan bihurtzen da inoiz baino handiago eta eskuraezinago. Eta horrexegatik hain zuzen ere, produktu bakan eta errepikaezina (baita bere sortzaileentzat ere) izatearen kutsu horregatik edota punk makabroa, bluesman lizuna, oinazez beteriko crooner-a eta baladista erromantikoaren artean ematen den gurutzatze ezin hobe horregatik, disko hau lehen unetik nire arimaz jabetu zela onartu behar dut, nire adimena erabat lainotuz.

Objektiboa izatekotan, ez dakit disko hau onena denik esan daitekeen. Baliteke ez izatea. Baliteke pittin bat irregularra izatea, abesti batzuen distira indartsuak (Ship Song, Wheeping Song) beste kantu batzuk itsutzea. Baliteke ere, abesti handi horien aurrean beste edozein txikituta eta kikilduta sentitzea. Egia esan, argitasuna falta zait erabaki bat hartu ahal izateko. Entzuten dudan bakoitzean, maitemindu baten moduan nahastuta sentitzen bainaiz, Foi Na Cruz-eko koruaren lehen bertsoak niregana datozen bakoitzean, trantzean sartzen naiz eta zentzumenak galtzen ditudala sentitzen dut.

.

.

Antton Iturbe (1971, Urretxu) musika kazetaria

 [Kafe Aleak] Antton Iturbek Nick Cave