Ispilua

Ispilua

Nerea Ibarzabalek autokritikarako tartea hartu du Bizkaiko Hitzan.

Lagun batekin elkartu naiz aste honetan, eta kontatu dit pertsona batek min egin diola. Zer egin dion ere kontatu dit, eta nik, kafe baten bueltan konbokatutako edozein lagunek bezala, bere aldea defendatu dut, eta “pertsona gaiztoarena” justifikaezina dela esan, nola egin diezazuke hori? Erdi zoratuta egongo da edo arazoren bat izango du. Ze, kasualitate guztiz frogagarriz, gu eta gure ingurukoak beti gara mina pairatzen duen jende zintzoa. Baina oraingoan lagunak ispilu bat jarri dit begien aurrean, eta hor ikusi dut neure burua, solomo pintxoa antsietatez jan eta buruarekin baietz baietz egiten, bere istorioko “pertsona gaiztoaren” paperean neu ere egon naizela esan edo ez erabaki bitartean.

Gerra pertsonaletan ere errelatoak daudelako, eta bakoitzak berea aurkezten du ingurukoen aurrean, historiak argi izan dezan nor den biktima, erreparazioa behar duena, eta nor arrazoirik gabe min egitea gustatzen zaiona. Eta horrek pentsatzera zaramatza oso posible dela Euskal Herriko txokoren batean —agian kanpoan ere bai— beste bi lagun zu larrutzen aritzea pintxoak —edo tapak, edo kebabak— jan bitartean. Beldurgarria, ezta? Zu zaren pertsona jatorra izanda! Ez zaituzte ondo ezagutzen —eta gaitz erdi—. Inbidia dizutela esango duzu hasieran, eta agian bai, baina aizu, baliteke zuk ere hanka sartu izana noizbait, eta mindu dituzun pertsonen lagunek eskubidea dute zuri mania apur bat izateko.

Eta kaletik agurtu ez zenituen horiek ere bai, eta erantzun lehor bat eman zenion hark ere bai, eta atzetik kritikatu zenuela jakin zuen hark, zer esanik ez. Imajinatu makina bat esango dizuna zenbat jendek ez zaituen jasaten munduan; 21ek uste dute borde bat zarela, 18rentzat faltsua, 7rentzat zeurekoia, 22k burutik jota zaudela, 11ren ustez harro bat zara. Gorroto zaituztenen %90 euskaldunak dira, %5 espainiarrak, %4 frantsesak eta %1 marokoarrak. Jakin nahiko zenuke? Eta, behin jakinda, jakingo zenuke kudeatzen eta onartzen —ultzerarik sortu gabe— gainerakoek ere zure erraztasun —eta krudeltasun— bera dutela edonor kritikatzeko?

IspiluaGainera, ez da aski Bordearen eta Jatorregiaren/Faltsuaren bitarteko baremotik ez mugitzea, ze hori lortuko bazenu ere, zure jarduera profesional eta artistikoa kritikatuko genuke. Edo zure fisikoa, keinu bat, txio bat. Zuk egiten duzun bezala, maja. Gorrotoa neurtzeko makinarik ez dago, eta ez zara aldatuko orain. Nik ere zutaz hitz egiten jarraituko dut horregatik, baina ispilutxo batekin poltsikoan, pintxo eta pintxo artean neure buruari begiratzeko.

Ispilua
autokritika, ispilua, kritika, Nerea Ibarzabal
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude