Antolaketa, arte ikusezina
Antolaketa, arte ikusezina –
Iratiko oihanak zenbat inspiratzen duen. Ederra da edozein urtarotan, blaitzen zaitu. Nolanahi dela, udazkenaren atarian hartzen dituen koloreak eta sortzen diren orbel estaldurak esperientzia txundigarriak dira gure sentimenak zorrozteko. Pagadi baso eder horretan Organbidexka lepoa dago gain batean. Bertan udazkenero natura ehiztariak biltzen dira. Argazki kamera, prismatikoak eta teleskopioak aldean dituztela, hegazti migratzaileen mugimenduak behatzen dituzte.
Guztira 9.000 hegazti espezie inguru bizi dira munduan eta horien erdiek, gutxi gorabehera, migratu egiten dute. Hegaztiek elikagai eskasiatik ihes egiteko migratzen dute.
Migratzea ez da gauza erraza. Hegaztiek energia asko erabili behar izaten dute migratzeko eta, gainera, mota askotako arriskuei aurre egin behar izaten diete. Haien hegoak eta gorpuzkerak moldatu egin dira eta estrategia oso bat garatu dute zeharkaldirako. Era berean, ahalik eta energia gutxien gastatuz ahalik eta distantzia luzeena egiteko, bi parametro kontrolatu behar dituzte: abiadura eta altitudea.
Gutariko askok hegazti multzoekin asoziatzen ditugu hegazti migrazioak. Abantaila posibleetako bat, garrantzitsuena seguruenik, energia aurreztea da. Multzoan hegan egiteak lehenengo aldiz migratzen duten aleek migrazio bideak ikasteko ere balio lezake. Beste abantaila posibleetako bat orientazio gaitasuna hobetzearena litzateke. Harraparien esku hiltzeko arriskua ere txikiagoa da multzoak osatzen dituzten hegaztientzat.
Hegazti migratzaileek ikuskizun paregabeak eskaintzen dizkigute. Alabaina, ez da borondatezko fenomenoa, beharrak eraginda gertatzen da. Beren kanpo dauden faktoreei aurre egiten diete (elikagai eskasia, eguraldia, korronte termikoak, giza jarduera…) eta milaka kilometroko zeharkaldiak egiten dituzte; estrategia, teknika eta antolaketa izugarriaz baliatuta.
Hegaztien metaforarekin jarraituz, euskal kulturgintza muda garaian dagoela esan genezake, lumak berritzeko garaian, hain zuzen. Aldaketaren beharra bolo-bolo dabil eragileen ahotan aspaldi honetan. Azken garaiko bi adibidetara jo dezakegu froga gisa. Egunkari honek argitaratu berri duen Euskararen 2022ko urtekaria-n irakur daiteke hainbat elkarrizketatan. Era berean, Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari izendatu berriaren adierazpenak ditugu aldaketaren ildotik hizketan.
Hazi eta indartzeko estrategiak garatu behar ditu euskal kulturgintzak, eta antolakuntzari arreta berezia jarri behar dio, bere edertasuna erakutsi ahal izateko. Euskal kulturaz, euskaraz, hezkuntzaz, hedabideez, unibertsitateaz, ikus-entzunezkoez… gogoeta egitean, antolaketa eta zuzendaritza erak barne hartu beharko lirateke eztabaidatan. Horien inguruan gogoeta sakona egin eta bide berriak marraztu beharko lirateke.
Era berean, heldu dira proiektuak eta pertsonak erakundeen gainetik egon behar duten garaiak, harreman erak eraldatzeko garaietan baikaude. Euskal kulturgintzako proiektuen arima pertsonak dira, eta xede garrantzitsua dute: komunitatea sortzea.
Antolaketa zientzia da, eta era batekoa edo bestekoa izan, oso desberdina da emaitza. Zein eratan antolatzen den proiektua, nola banatu eta hartzen diren ardurak, zer parte-hartze duten pertsonek erabakietan eta nolako harremanak sustatzen diren proiektuaren zuzeneko eta zeharkako parte hartzaileen artean (arduradunak, teknikariak, hornitzaileak, helburu publikoa…), horrek guztiak berealdiko eragina du emaitzetan.
Proiektuaren xedea argi izanik, eta parte hartzaile guztien artean partekatua berori, antolaketa bera da estrategia.
Frogatuta dago: aldaketa sakona izan dezakete pertsonek, eta ondorioz, proiektu eta erakundeek, beren benetako potentzialaz jabetzen direnean, eta beharrezkoa den eginkizun jasangarri eta zentzuzko batera bideratzen dutenean potentzial hori. Energia biderkatzailea sortzen da.
Horrek guztiak baliabidez ongi hornitutako proiektu sendoekin orekatuta joan behar du. Irabazi asmorik gabeko jardueretan baliabideak (ekonomikoak eta gainerakoak) proiektuaren mesedetan jartzen dira, eta dirua ez da helburu, bitarteko baizik.
Horiek horrela, proiektuen zuzendaritzatik gidaritzara pasatu behar dugu. Gidaritzak bat etorri behar du ezaugarri horiekin guztiekin. Gidaritza irmoa, irekia, malgua eta talde lanean oinarritutakoa izan behar du ezinbestean. Pertsonak hazten eta ikasten jarraitzeko ereduak sortu behar dira. Eredu horiek pertsonengan konfiantza osoa jarri behar dute eta haien gaitasunak eta sormena proiektuaren mesedetan jartzeko bideak eskaini behar dituzte.
Sabino Ayestaran maisuak —lidergoan, lankidetzan eta lantaldeen psikologian aitzindari— utzi dizkigun gogoetak eta irakaspenak jarraitu dituenak ezagunak izango ditu lerro hauetako baieztapen ugari.
Beraz, eta amaitzeko, euskal kultura aldaketa palanka gisa irudika dezagun, gizarte hobeagoa, irekia eta oparoa izateko. Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da kulturgintzak modu argi, sortzaile, arduratsu eta konprometituan erantzunak ekartzea euskal jendarteari.
Ale hau jarri nahiko nuke urte berriko asmoetarako.
…
BERRIArentzat egindako kolaborazioa