Arrakastaren errezeta etika faltan datzanean

Arrakastaren errezeta etika faltan datzanean –

Ez naiz ni Arabako Merkataritza Ganbarako webgunearen zaletua, hain zuzen ere, zertarako kontrakoa esan. Areago esango dizuet, ez nekien webgune hori existitzen zenik ere, harik eta duela hilabete inguru ezagun batek bertan argitaratutako deialdi bat whatsappera bidali zidan arte. Iragarkiak enpresarien erakundeak antolatutako jardunaldi bitxi baten berri ematen zuen: Israel, enpresarien sorlekuaren arrakastaren errezeta. Eta jarraian argitalpenak aurreratzen zuen Israelgo merkatuarekiko interesaren zergatia. Antolatzaileen esanetan, Israel, munduko potentzia teknologiko handietako bat izanik, berrikuntzaren abangoardian dago, eta aukera paregabeak eskaintzen ditu merkataritza-elkarlanerako, teknologia arloan batez ere.

Arrakastaren errezeta etika faltan datzanean

Jardunaldia egin egingo zuten, itxuraz, azaroaren 8an. Itxuraz diot, deialdia argitaratu zenetik ordu gutxitara, desagertu egin baitzen ditxosozko webgunetik, eta erakundeko arretarako telefonoan ukatu egiten baitzuten horrelako topaketarik antolatuko zenik. Pentsatzen dut gai gatazkatsua izan zitekeela jakitun, ezkutuan egitea erabakiko zutela, azkenik.

Nolanahi ere, pasadizoak nabarmen uzten du enpresa sektoreko eliteen artean interes handia dagoela Israelekiko merkataritza-harreman horiek esploratzeko, elkarlan horrek ekar litzaken inplikazio etikoei ezaxola.

Aurrekari inportanteak izan ditugu herri honetan; horietan entzutetsuena, akaso, CAF trengintza enpresarena. Beasaingo konpainiak Israelgo merkatuaren aldeko apustu estrategikoa egin zuen duela urte batzuk. Eta ez nolanahikoa. Nazioarteko legedia urratuz Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hornitzen dituen trenbide sarea eraikitzeko lanetan dabil. Nazioarteko zuzenbidearen arabera gerra krimentzat har dezakegun proiektuak konpainiaren irudi korporatiboa kaltetu lezake nazioarteko merkatuetan eta beste balizko kontratu asko galarazi liezazkioke, bestalde, Israelen beste hainbat kontratu eskuratzeko ateak ireki liezazkioke… horra hor apustuaren arriskua.

Gauzak horrela, ez da harritzekoa eskrupulu moralik gabeko beste enpresari asko CAFek irekitako bideari jarraitzeko tentatuta egotea, areago Beasaingoek Eusko Jaurlaritzaren babes esplizitua jaso dutenean, Lakuako Gobernuak hirukoiztu egin baitu trengintza enpresan zuen diru-partaidetza publikoa, konpainia Palestinako eremu okupatuetan lanean hasi denetik.

Ez diet eskatuko enpresa-buru txit goren horiei jokabide etikorik, ez diet erregutuko giza eskubideekiko gutxieneko begirunerik, alferrikakoa litzateke, gauza jakina baita denak balio duela kapitalismoaren logikaren barruan, eta bihozgabeko horiek ama ere salduko luketela etekinak areagotzeagatik. Nire exijentzia erakunde publikoak eta haien dirua kudeatzen duten politikariei zuzenduta dago, eta ez etika gehiago aurreikusten diedalako. Baliteke enpresak, entitate pribatuak izanik, giza eskubideen nazioarteko itunak betetzeko behartuta ez izatea, baina erakunde publikoak bai, behartuta daude estatuek sinatu dituzten legediak betetzera, eta gerra krimen nabarmenetan esku hartzea duten konpainiei diru-laguntza publikoak ematea prebarikazioa da, ilegala… edo ilegala beharko luke, behintzat, kapitalismoaren logikaren barruan ama saltzeak ere balio izango ez balu.

Arrakastaren errezeta etika faltan datzanean Arrakastaren errezeta etika faltan datzanean

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

Zer duzu buruan “Arrakastaren errezeta etika faltan datzanean”-ri buruz

  • juan inazio hartsuaga 2022-12-27 18:09

    Edukian debatea pizteko moduko datuak dauden arren izenburua arrunt bidegabea da, bistan delako CAFek ez diola bere arrakasta zor, auzian dagoen Israelgo proiektu horri, aurretik egindako beste hainbat eta hainbati baizik. “Arrakastaren errezeta etika faltan datzanean” esan dakioke esate baterako bere jarduna esklabu-lanean oinarritzen duen enpresari, miseria gorriko soldatak ordaintzen duenari, edota bezeroak engainatzen dituenari, izan ere badirelako horrelakoak. Aitzitik, enpresa usaina duen guztiari Txerren bailitzan irizten badiogu kapitalismoaren logikaren barruan ama saltzeak ere balio duelako, egileak dioskunez, ez gara inoiz taxuzko azterketa egitera iritsiko. Inoiz kirofano batean suertatzen banaiz sendagilea eskuetan bisturia duela ikusi nahi nuke, ez motozerra. Ekonomiaren azterketaz beste hainbeste esan daiteke. Motozerra etxean utzita bisturia eskuetan gabiltzanean, orduan gertatzen dira batzuetan eztabaida interesgarri aberasgarriak.