[Kafe Aleak] Ander Lipusek Tom Waits

[Kafe Aleak] Ander Lipusek Tom Waits

[Kafe Aleak] Ander Lipusek Tom Waits.

Tom Waits

“Swordfishtrombones” (Island, 1983)

.

Tronboiezpatarraina

TON WAITS. Azkoitiko MATADEIXEN. 2008 uztailak 12. 20:00. Patata ta ketxupa. Garia ta Maria. Sagardoa ta txalaparta. Sarrera 1´08 euro. Bukatu artean prezio herrikoiak. Egitaraua Tonen gogoen arabera abiatuko da. Berandu etor zaitezke. Azkenak, eman SU.

TON WAITS kontzertuaren karteleko testua

[Kafe Aleak] Ander Lipusek Tom Waits

Kontatuko dizudan istorio hau, Azkoitiko Matadeixen hasten da. Liburu honetan parte hartzea eskatu didan pertsona bertan ezagutu bainuen. Ez da erraza disko bat aukeratzea, baina kasu honetan, aitzakia perfektua daukat.

Madrilen bizi nintzen garaian, ohitura nuen Alphaville eta Renoir zinema geletara joateko (filmak jatorrizko bertsioan ikus eta entzutea maite nuen). Bertan entzun nuen lehenengo aldiz Tom Waits. Jim Jarmushen Night On Earth pelikula ikusten, hain zuzen. Bere ahots zakar eta doinu malenkoniatsuek harrapatu egin ninduten. Hortik aurrera hasi nintzen Tom Waitsen musika eta lana deskubritzen.

Madrilgo garaia pasa eta Bilbon kokatu nuen nire egoitza berria. Garai hartan, Bilbo post-industrialak  zer esanak eta zer eginak transmititzen zizkidan. Nola ez, San Francisco auzoan alokatu nuen etxebizitza. Eta garai hartan sortu genuen Mina Espazioa. Guggenheim museoa inauguratzen zen egun berberean zabaldu genituen Mina Espazioko ateak. Bertan, Antzerkiola Imaginarioaren 8 olivetti poetiko lana plazaratzen genuen bitartean, Anderground deitu nuen trilogia osatu nuen.

“(…) Aitortu behar dut ordea, ‘8 Olivetti Poetiko’ lanak ikusmin guztiak asetzen dituela. Tom Waitsen errenkarnazio bizkaitarra den Ander Lipus kandelargiarekin eguneroko bizitzak isuritako labezomorroen bila dabilen arren, zortzi olivetti poetiko hauek ez dira sekretaria lotsatiek gutun erromantikoak idazteko erabiltzen dituzten horietakoak. (…)”

Kultur kronika, Harkaitz Cano

.

Esaera batetik jaio zen proiektua: “Egiarik handienak undergroundean izkutaturik daude”. Hala, hiru pertsonaiatan gauzatzen zen: mozkorra, umea, eta eroa, egia handi horien esatariak, alegia. Lau idazle garaikideen testuez baliatzen ziren bakarrizketa antzezlanak: Josu Lartategi (Ardoaz), Sara Saghi (Minutu bakarra), eta azkena Peru C. Saban eta Pedro Blanco (Mis rarezas dirías tú). Hiru bakarrizketa hauek osatzen zuten Andergrounden Trilogia. Eta, hiru bakarrizketak, Tom Waitsen Swordfishtrombones diskoko Underground abestiarekin hasten ziren. Bakarrizketak, nahiko krudelak ziren eta pertsonaia nahiko marjinalak antzezten nituen.

“Zaborrean bizi gara, ados, konpaiok, baina zabor artean harribitxiak ere egon daitezke: putetan ibiltzea, kasu. Nik ez daukat lagunik, baina eukiz gero, seguru hortxe hasiko zirela moralkietan. Jendea ez da konturatzen gizon ugarirentzat helduke bakarrenetarikoa dela. Kaguen dioro! Bakarrik bagaude eta gainera itsusiak bagara zergatik ez dugu hiru mila edo bost mila pezeta ordainduko puta bategatik? Txortan egiteagatik? Amodioa telebistako asmakizun dugu batzuok, maitetxo polit bat ondoan izan dezakegula pentsatzea fartsa penagarri baten partaide garela aitortzea da.

Zoazte guztiok akerraren ipurdia miazkatzera, jode, hipokrita halakook, eta utz gaitzazue bakean. Gu bakardade mingarrian bizi garen gizon-emakumeak baikara, itsusiak gara, higuingarriak jende goapoaren begietarako, gehiengoaren iritzi garbietarako.

Orain, adibidez, ederto batean nabil puta brasildar honekin. Txupaka egiten dit gogor txorta-txortatik. Maite-hitzak xuxurlatzen dizkit belarrira talegoak behin jasotakoan. Eta bere barruan korritzen naizenean haren maitetxoa naizela botako dit, sekula ez duela horrenbeste goxatu, eta niri bost bezero guztiei gauza bera esaten badie, nik dakidan gauza bakarra hau da, itsusia izanagatik ederra naizela esango didala, ene baitako esne miragarria edango duela poza antzean eta nik haren belarrien atzealdeari musu egingo diodala. Maite haunat, esango diot euskaraz, berak piperrik aditu ez arren, segi zan horrela, xurga nazan dena, amante, politte, laztana… eta gero talegoak emango dizkiot eta Erandioko nire ostatura joango naiz, eta ohe hotzera sartuko putaren perfume merkearen usaina soinean. Eta ametsetan hasiko naiz txikitako ametsekin, txikitako txakurtxoa imaginatuko dut, eta akordatuko naiz haren jolaseko grinaz eta behin izan nintzen ume koxkor harekin ere akordatuko naiz, iñuxentea.

Rubyrekin ere akordatuko naiz. Rubyrekin ere bai. Ruby…”.

Ardoaz, Josu Lartategi

.

Denbora joan ahala, Waitsen disko guztiak erosi edota entzunak nituen. Hainbat filmetan parte hartzen zuen, baita aktore gisa ere, eta Bob Wilson antzerki-zuzendariarekin ere lana egin zuen, beste hainbat proiekturen artean.

Azkenean, Euskal Herrira zetorrela eta pozik hartu nuen berria. Donostiako Kursaalen jo behar zuela eta bizkor joan nintzen sarrera hartzeko ideiarekin. To! Prezioa ikusi nuenean, ez zidan batere graziarik egin. Ehun ta pikuko sarrera ordaindu? Ezta pentsatu ere! Mitoa erori zen.

Ez dago egiarik, eta, izatekotan, orainaldian eta gerundioan jokatutako aditzetan gordeta dagoena da. Gainerako guztia zentzu bako asmazio luminoteknikoa baino ez da. Egia kontrastatuak: kontsentsu hori ez da batere sentsuala. Barruan fruiturik ez duten oskolak, edo hiltzea txarra da eta pum! Galde diezaiotela ehiztariaren miran den txoriari. Horrelakoak dira gure egiak: negoziazio doilorren bidez iritsitako itunak; gainera, gehien-gehienok ez genuen negoziazio horietan parte hartzeko gonbitik jaso. Irabazteko aukerarik ez dutela jakin gura gabe jokoan dihardute gizabanako gehienek. Begiak estalita, Justizia bera bezalaxe. Egoitza finkorik gabe, Justiziz bera bezalaxe. Esku batekin trukatutako balantza bat eusten, Justizia bera bezalaxe, beste eskuan inoren odolez zikindutako ezpata zahar bat daukatela, Justizia bera bezalaxe, Justizia bera bezalaxe. Zenbat argi-txakur izenik gabeko soldaduengatik, eta azkenean zer eta ez diegula deus ere zor, ez direlako gure gerrak izan, ez direlako gure iraultzak izan. Oso-oso duina iruditzen zaigu, bai, baina nire minutua neurea da, eta ez museo batean gordetako baionetarena, eta ezta ezein izar gorrirena, are gutxiago edozein bake-planena. Eta zera esango dizute: bai lagun, baina badakizu, horrelakoa da politika… Politika. Politika rol-joko handia baino ez da, denik eta handiena, denik eta drakoniarrena, denik eta izugarriena. Guk sinetsi egiten dugu, minutuaren nerabeak garen heinean. Inor hil behar dugula esaten badigute, ba, pum!, eta hori eginda gaizto izateari uzten diogu. Inor kolpekatu behar dugula badioskute, ba, danba!, joka hasten gara. Eta isildu beharra badago, ba… Zein itsu gauden, erromes sedentarioak. Historia ofiziala sinetsi dugu, letra larriz idatzitako hori, bestea (historia sekretua, letra xehez idatzitakoa) bilatzen saiatu beharrean. Duintasuna une oro berrasmatuz duin egoten jakin izan zuten txorien gisako izaki magikoen historia. Momentu bakoitza duinki berasmatzen: alkimia erotikoa. Ez dago zertan punk, dadaista edota Cheren kolore gorridun fotokopia izan: bakoitzak istorio bat, bere istorioa berrasma dezala, eta izan dadila goizero eguzkia esnarazteko gai (ilargiaz ahaztu gabe, hori bai). Izan gaitezen likido, ilargi urrun, poesia, iruzur eta amarrurik gabeko espresio huts, izan gaitezen gerundio zirkular, instanteen artista. Momentu ezti zein mingotsak gure izan daitezela. Zureak, nireak: edonorenak eta denonak. Baina geureak izan daitezela. Ez bitza inork asma geure miseriak, ez bitza inork idatz gure pozak. Ahantz gaitzatela.

Minutu bakarra, Sarah Saghi

.

Bat-batean, Azkoitiko Matadeixetik deitu zidaten. Ia prest egongo nintzan Ton Waitsen kontzertu alternatibo bat egiteko. Pentsatu gabe, baiezkoa eman nuen. Waits Kursaalen jotzen zegoen bitartean, etxean egon baino hobe nuen, bera izan eta bertan izan.

Jakina, ez zen jende askorik agertu. Baina, lagun artean partekatu genuen Kursaaleko kontzertuan egon ez izana. Bere kanta batzuk kantatu nituen, piano erraldoi bat, ketchupa eta whiskya lagun nituelarik.

Estoy colgado sobre el sonido inminente de tu mano acercándose a los labios para decirme…

Bala bat pistolatik atera eta bidaia bat hasten duenean helburua du helburu, hori da garrantzia daukan bakarra. Balaren norabide zuzen horretan ez dago bidaiarik, ez dago paisaiarik inguruan, ez dago denborarik tarte horretan ezertan pentsatzeko, ezta goxatzeko ere. Lekualdatze subitum bat baino ez da balaren bidaia. Balaren etorkizuna, balaren oraina bera da, hain da azkarra dena.

Estoy colgado sobre el sonido inminente de tu mano acercándose a los labios para decirme…

Nitaz salba nazazue.

Hasi bezain laster bukaeraren bila ibili naiz bizitza deitzen diogun bidaia honetan. Bidaiaren bukaera gorputzaren heriotza eta arimaren usteltzea izateak ere ez nau atzera bota. Etorkizuna bihurtu izan dut nire orainaren funts. Hiritarra izatea izan da beti ere nire gogoa. Sutondoa. Telebista elkarrekin ikusten duen familia zoriontsu bat eraiki.

-Juan Nadie!

-Presente!

Horixe bakar-bakarrik. Hain handinahia ez nintzen ba!

Eta nire lekutxoa bilatu dut gizarte deitzen dugun horretan, nonbaiten nire izen-abizena, edo nire zenbakia, daraman eserlekuren bat aurkituko nuelakoan. Niretzat esklusiboki gordetako lekua. Laukitxo bat lurrean. Beste guztiek ni hiltzen naizen orduan nonbaiten eserleku hautsi bat aurkitzea, edo espaloiko losa bat altxatuta. Norbaitentzat behintzat garrantzitsu sentitu.

Estoy colgado sobre el sonido inminente de tu mano acercándose a los labios para decirme

Munduan leku bat aurkitu nahi izanez gero lana bilatu behar nuela irakatsi zidaten berehala. Hau kalamidadea! Aintzina esklabuek egiten zuten lana. Orain, berriz, hiritar zintzoa izateko lan egin behar! Zer aldatu ote dugu!

Hala, neure buruaren jabe izan bezain laster sutsuki hasi nintzen ikasten. Bi karrera egin nituen aldi berean: etorkizuna zalantza izpirik gabe bermatzen duten horietakoak. Eta nota onak atera nituen bietan, lana aurkitzeko lasterketan. Ingelesa, alemana eta euskera ikasi nituen ere. Baina lan espektatibak aldatu egin ziren karrerako urteetan, eta ikasketak amaitzean etorri zitzaidan lehen aldiz hutsune itogarri hura lepotik gora.

Fogeozko bala ote nintzen?

Mis rarezas dirías tú, Peru C. Sabán & Pedro Blanco

.

Horrez gero, mitoa sutara bota nuen baina Tom gustura entzuten jarraitzen dut. Bere abestiek badute xarma berezi bat. Ukaezina. Hala ere, egun, Kubara asko bidaiatzen dut, eta hango jendeak hala esaten dit. “¡Asere! Eres igualito a Elton John. ¡Ya tu sabes!”. Zer egingo diogu ba!!

Tomek Swordfishtrombones abestian esango lukeen bezala: “And if think that you can tell a bigger tale, I swear to God you´d have to tell a lie”.

 

Ander Lipus (Markina-Xemein, 1971) aktorea

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Ander Lipusek / Ander Lipusek / Ander Lipusek / Ander Lipusek / Ander Lipusek