Sautrela 374 aurrerapena (Ana Malagon)

Ana MalagonAurreko astean opera primei buruz aritu baginen erreportajean, aste honetan opera prima bat izango dugu protagonista elkarrizketan. Izan ere, Ana Malagon-ek bere estreinako liburua argitaratu berri du, Lasai, ez da ezer gertatzen izenekoa. Genero ez oso ohiko batekoa dugu gainera, mikroipuinez osatzen baita. Ez dira ugari genero horretan lan egiten duten autoreak, bigarren mailako generotzat jotzen dute zenbaitek, baina Malagonek estreinaldi azpimarratzekoa egin du Lasai, ez da ezer gertatzen obrarekin. Desolamendua, bakardadea, ilusio galduak, azaltzen dira maiz bere ipuinetan, han-hemenkako umore printzekin batera. Ale mordoak osatzen badute ere liburua, unibertso propio bat ageri zaigu osotara, ongi taxututako giro bat.

Honakoa bada ere Malagonen lehen lan argitaratua, ibilbidea egindakoa da eskolarteko literatur lehiaketetan eta, batez ere, Interneteko hainbat bazterretan. Egiatan, liburuak bere blogean idatzitako testu batzuk ditu neurri batean abiapuntu. Parada ederra izango dugu, bada, larunbatean idazle berri honen lana ezagutzeko.

Erreportajean idazle eskolei buruz jardungo gara. Uste aski zabaldua da idazketa lanketa autodidakta dela funtsean, idazle bakoitzak jorratu behar duela bere kabuz literatur ibilbidea. Alabaina, batez ere mundu anglosaxoian, badira hamarkada batzuk sorkuntza idazketa eskolak ugaritu direna. Unibertsitateetan txertatu dira gainera horietako asko, titulu ofizial bihurtzeraino. Haietatik igarotakoak dira, gainera, egun ezagunak diren idazle estatubatuar zenbait. Gurean, ordea, bakanak dira halako esperientziak. Inguruan dugun tankera antzekoa duen eskola Bergarako Idazle Eskola dugu.

Azkenik, BeƱat Sarasolak Edorta Jimenez-en 1993ko nobela bat berreskuratuko digu: Azken fusila. Gerraostean kokatutako istorioa, makisen erresistentzia du hizpide besteak beste. Estilo fin eta biziaz idatzia, garai haietako gristasuna ezin hobeki ekarri zuen paperera mundakarrak pertsonaia ez-heroiko baten bidez.

Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.