Amuriza: “60ko hamarkadan olatua arin eta bizi hazi zen, idealismo handiagaz”


60ko hamarkadan garatzen da liburua. Beti aipatu izan duzu zuk bizi eta ezagutu izan duzun hamarkadarik esplosiboena izan zela. Horri egiten dio erreferentzia olatuak?
Olatuaren eta kuartelen arteko kontrasteak ondo definitzen du sasoi hartako gorakada. Gauzak arin eta bero irauli ziren. Frankismo luzeko ilunpearen ondoren, pizkunde bat izan zen. Olatua denpora laburrean hazi zen, eta gauza asko aldatu zituen; ez politikoki bakarrik, olatu moralari buruz ere banabil, besteak beste. Orduan ez zegoen ez alderdirik eta ez ezer. Mugimendua nahiko batera zetorren. Bateratasun hori, nik eta nire sasoikoek, apur bat amets utopiko legez bizi dugu. Orduan ere izango ziren desadostasunak, baina sentsazioa horixe zen: dena batera zetorrela, idealismo handiagaz. Gero, kartzelako urteen ondoren bueltatu nintzenean, olatua apurtuta zegoen. Dena dela, horrelakorik ez dut neure bizitzan berriro ezagutu, eta ez dakit Euskal Herriko historian hain denpora laburrean antzerako kasurik eman den.

Hamarkada hari bildumako liburu bi eskainiko dizkiozu.
Edozein hamarkadatan aurkitu daitezke motibo literario asko, baina hamarkada hartan hainbeste bizipen eder eta motibo literario handi ikusten nituenez, liburu bakarra barik bigarren bat ere eskaintzea erabaki nuen. Gainera, mintzagai dugun liburua “ni”-an idatzita dago; eta horrelako liburuak, intimistak esatera ez naiz ausartzen, baina apur bat barrurakoak dira. Hurrengoa kolektiboa izango da; ez da izango “nik ikusi nuen”, “ni joan nintzen”… Gertaerak liburu bietan dira kolektiboak, baina oraingoan ispilu indibidualetik ikusitakoak dira. Itxura literarioa diferentea da.

Zenbat dauka autobiografiatik?
Oso identifikagarriak diren zati batzuk badaude, baina beste batzuk, ordea, ez. Azkenean, idazle batek idazten duen guztia da zelanbait autobiografikoa, berea ematen duelako. Ni abade egon nintzen Gizaburuagan, Amoroton, Lekeition… Bai, badaude jenteak identifikatzeko moduko kontuak, baina horrek ez du esan gura nire autobiografia denik. Hortik kanpora genero eta kontakera literario bat dago.

Gertaerak motibo edo aitxakia bat direla aipatu izan duzu. Irakurlea sasoi hartan barik liburuan barneratzea gura duzula.
Sarritan entzuten da “Sasoi ha bizi ez ebenek zelan ulertuko dabe…” topikoa. Eragozpen inozo edo kokolo samarra da, horrek ez daukalako zerikusirik. Irakurleak ez du garai hartan sartu behar, liburu honetan sartu behar du. Aro bat derrigor bizi izan beharra balego, ez legoke literaturarik irakurtzerik. Beste kontu bat da liburu honek lortzen duen irakurlea sasoi hartan sartzea. Gertaera batzuk ezagutu izan dituenak eta irakurleak modu diferentean biziko ditu, hori bai; baina irakurleak ez du hau holan edo bestera izan zen planteatuko. Liburu honetan sasoi baten eta motibo batzuen espresio bat dago. 

Marcel Prousten ‘Denbora galduaren bila’ bildumagaz badauka lotura ‘Joan ziren’ bildumak. Liburutegi batzutan galdetu dut eta Prousten liburuak almazenean gordeta dituzte. Ahalegin intelektuala eskatzen duten liburuek ez gaituzte antza hainbeste erakartzen, eta zure bildumak ere ahalegin hori eskatzen du.
Jenteak gauza arinak gura ditu; entretenigarriak direnak, esan daigun. Proust hemendik ehun urtera gaur bezain geniala izango da. Irakurle arinek ez dutela nahi? Hala ere, gaur egun irakurle asko daude Proust estimatzen dutenak. Ni ez nabil jendearen entretenimendurako idazten; ni hamarkada horren eta aukeratutako motiboen garapen indartsu bat egiten nabil. Konbintzentea eta sendoa izan gura dut. Egongo dira egoera horretan sartzen direnak, eta horientzako idazten dut.

Lankuren bitartez argitaratu duzu oraingo obra.
Lehenengoa neure kabuz argitaratu nuen; bigarrena dohainik eskuratu zitekeen Interneten. Baina norbere kontura eta erdi bakarrik ibili behar hori… Hirugarrena ere Interneten ipintzeko asmoa neukan, Lankuren proposamena heldu zitzaidanean. Gaztelerara itzultzea ere gustatuko litzaidake, baina arrakasta minimo barik zaila da.

Ez dator harira, baina Mirenen txapelketaren gainean ere galdetu gura dizut.

Ez berak, ez nik, ez inork ez genuen pentsatzen horrelako txapelketa egingo zuenik. Edade horretan txapelketa biribila egin du, eta Mireni ere olatu txiki bat etorri zaio gainera. Finalean sartzea larregi izango zen. Egia esan, nik ez dut bere saiorik zuzenean ikusi. Berak ez zuen gura, eta neuk ere ez.

Xabier Amurizak 'Jon ziren' bildumako hirugarrena kaleratu du

Irudia | Xabier Amurizak 'Jon ziren' bildumako hirugarrena kaleratu du | Joseba Derteano | LGPL

AbadiƱon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria