Hika egiteko metodologia propioa proposatu du Ritxi Lizartzak

Hitanoa kalean gero eta gehiago erabiltzen dela garbi dauka Ritxi Lizartzak, baina irizpide falta nabarmena sumatu du, bai Euskaltzaindiak oinarri batzuk bakarrik arautu dituelako, bai jendeak zenbaitetan ez dakielako zergatik esaten dituen gauzak esaten dituen bezala. Hutsuneak betetzeko eta betiere Euskaltzaindiaren arauetan oinarrituta, metodologia propioa landu du, jendeak hika txukun erabil dezan. Horixe azaldu du gaur Donostian, kaleratu berri duen Mintza hadi, lagun! eskuliburuaren aurkezpenean (Maramara argitaletxea). Eredu estandarra proposatu du, bakoitzak gero bere euskalkira eraman dezan. Liburua gizartean hitanoari buruzko eztabaida sortzeko abiapuntutzat jotzen du Lizartzak, “apaltasun osoz”, Euskaltzaindiak berak ere bide luzeagoa egin dezan.

Eskuliburuaren iturburu nagusia Goenkale telesaila izan dela aitortu du Lizartzak. 1994an hasi zen eta oso ongi etorri zitzaien urte bereko urrian Euskaltzaindiak hikako moldeko adizki taula onartzea. Baina Lizartzak hutsune bat nabaritu zuen: “Ikusita bakoitzak nola egiten zuen hika, bai aktoreek, bai gidoilariek, eta estandarrak zer proposatzen zuen, sumatu nuen ezagutza falta handia zegoela. Orduan, nire aurreneko lana, teoria lana izan zen: erabilera desberdinak biltzea, zer testuingurutan erabiltzen zen ikustea, Euskaltzaindiak zer proposatzen zuen ikustea eta, horren arabera, denontzako esparru egokia osatzea. Kontua da Euskaltzaindiak arautu duen bakarra adizki taula hori dela eta beste gauza guztiak gomendio moduan eman dituela. Ez dago araututa ez harreman sozio-afektiboetan nola erabili behar den hitanoa, ez zein den hitanoaren esparru morfosintaktikoa eta ez teoriaren eremutik kanpo dauden hainbat erabilera. Eman dezagun hiperitanoa, horren barruan hiper-hiperitanoa, hiperzuzenketa, neutralizazioa eta beste hainbat fenomeno”. Mintza handi, lagun! liburuaren helburua da horiek guztiak mahaian jartzea, jendeak txukun erabil ditzan.

Beraz, ez da azalpen liburu hutsa. Lau zati ditu: azalpenak, bi lagunen arteko elkarrizketa sorta batez lagunduta; ariketak; trebetasun lanketa (mintzamena, entzumena eta irakurmena); eta, ariketen erantzunak. Horrekin batera, liburuak ariketa liburuaren erantzunen liburuxka eta DVD bat dauzka osagarri gisa. DVDan, hainbat audio eta bideo grabazioz gain, Euskaltzaindiaren arau guztiak eta hitanoarekin zerikusia daukaten hainbat web orritako loturak agertzen dira.

Durangoko Azoka, eskuliburua, hika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude