Ametsak aintzakotzat hartu

Ametsak aintzakotzat hartu –

Xabiroik urtero Durangoko Azokarako plazaratzen duen albuma aurkeztu berri du,
«Amets alokatuak»
, Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadoren elkarlana
.

Ametsak aintzakotzat hartu
Harkaitz Cano eta Iñaki Holgado, “Amets alokatuak” aurkezten.

Aurtengoa 12. albuma du Xabiroik, “sortu zenetik hutsik egin gabe plazaratu baitu urtero bat, eta halaxe jarraitzeko asmoa du”, Ikastolen Elkarteko Koldo Tellituk adierazi zuenez, euskarazko komikigintzaren pizkundean aletxoa jarri izanaz pozik.

Bide beretik, 2005ean aldizkaria sortu zutenean basamortu batean ari zirela gogoratu zuen Dani Fano arduradunak, harrezkero hainbat “ekarpen” egin dituztela-eta, harro. “Hoberena, izan dugun jarraitasunari esker, egile sare errotu bat dagoela aldizkariaren inguruan, sortzaile berriei ere ateak zabaltzen dizkiona”.

Euskal Herrian komikigintzak inoiz izan ez duen osasun maila ei du egun, eta bereziki urte aipagarria datorkigu gainera, berritasun esanguratsuekin, Tobacco Days liburudenda fineko aurkezpenean Fanok esandakoaren arabera. Orain hamarkada bat elkarrekin lanean hasi zirenetik Harkaitz Canok (gidoia) eta Iñaki Holgadok (marrazkia) plazaratzen duten laugarren albuma da “Amets alokatuak” -aurretik egindakoak hauexek: “Piztia otzanak” (2008), “Zebra efektua” (2013), “Museo bilduma” (2016)-; “borobilena”, Fanoren aburuz, “ondo harilkatua eta suspentsez betea. Asko gozatu dut bai atalez atal bai album bezala jarraian irakurrita”.

Izan ere, Holgado eta Cano 2015ean hasi ziren “Amets alokatuak” atalka argitaratzen Xabiroi aldizkarian, eta ordutik lau urte joan dira. “Horixe izaten dugu borroka -onartu zuen Canok-, Fanok kapitulu autokonklusiboak baina harilkatuak eskatzen dizkigula, jarraipena izan dezaten, eta kosta egiten zait, lotura hori konplikatua da”.

.

Onirikrazia

«Etorkizun hurbil batean, jendeak bere gau horretako ametsak alokatuko ditu, orain hoteleko gela bat hartzen duenak bezala…» dio albumaren kontrazalak, eta hipotesi horretatik abiatzen da komikia, Canok azaldu zuenez. Istorioak zientzilari ausart eta zoro bat du protagonista, ametsak erautsi eta berrerabili, manipulatu eta merkatu beltzean saldu eta kontsumitu daitezkeen gizarte batean, gidoilariaren esanetan. “Eta badago etika eta moralari buruzko hausnarketarik ere. Badirudi komiki retrofuturista batean ez dagoela horretarako lekurik, baina beharbada toki onena da gauza horietaz hitz egiteko”.

Fina baina mamitsua, lana erreferentziaz josia dago, giroari dagokionean. Eta besteak beste badu, adibidez, Zapara tribuaren oihartzunik ere. “Asier Mendizabal artistak eman zidan haien berri. Ametsak aintzakotzat hartu eta gizartea egindako ametsen arabera antolatzen duten bakarrak dira munduan. Amesten duten pertsonak dira aberatsak, eta amesten ez dutenak pobreak”.

Marrazketari dagokionez, grafikoki gehien landu duen albuma ote den galdetu zion Fanok Holgadori, eta orrialde oso batzuk, esaterako, aldizkaritik albumerako bidean berriro berregin zituela adierazi zuen marrazkilariak, argiaren erabilerarekin errealitatea eta ametsak bereiztea beharrezkoa ote zen zalantza eginez. “Bukaera aldera bereizketa hori hain argia ez izatea komeni zitzaigun, irakurketari laguntze aldera”. Koloreen garapenean, duten esanahiagatik bi kolore dira oso garrantzitsu: laranja eta urdina.

.

Azaleko argazkia: Adur Larreak.

Ametsak aintzakotzat hartu

Ametsak aintzakotzat hartu Ametsak aintzakotzat hartu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude