Euzkaraz ez zekien larraundarra

Euzkaraz ez zekien larraundarra –

Euzkaraz ez zekien larraundarra

Euskara lehen hizkuntza? Lehen, gerra ondoren eta, Euskal Herriko herri anitzetan euskara zen lehen hizkuntza. Eta euskaraz mintzatzen ziren haurrak karrikan, gazteak halaber eta lanean hasten zirenean ere zenbaitzuk bere lan lekuetan euskaraz egiten segitzen zuten. Lehen hizkuntza zuten euskara eremu anitzetan eta adin diferenteetan.

Eta orain? Ba, orain berriki gertatu zitzaidana kontatuko dizuet: gure herriko eliz atarian nengoen, itzalpean, ekaineko egun bero eta idor batean. Irakurtzen, bakardadean, egun guzian ere nekez pasatuko baita bertatik inor. Halako batean, non sumatzen dudan gizon baten ahotsa, Larraungo doinua antzeman nion, ustez behintzat euskaraz ari zen. Eta honi jarraiki beste bi haurren ahotsak, baina batez ere batena, txintxoa baino txintoagoa eta doinu erabat erdalduna. Okaztagarria!

Hurbildu ahala, ene baitan, euskaraz ari ote duk? Eta bai, bai, euskara gisako batean ari zen umeetako bat ardiak kaka bezala; atertu gabe ari zen mutiko hura. Harrigarria, nolako erreztasuna zuen esaldiak bata bestearen segidan korapilatzen. Ez dut inor ikusi horrelako ziztuan mintzatzen. Baina, sinestezina, ez zuen esaldi bat ere euskara sintaxiaz tajutzen. Ezta bat bakarra ere. Esaldi guziak atzekoz aurrera. Zinez, ez dut horrelakorik ikusi… (1)

Iritsi dira eliz atarira, adineko gizaki bat eta bi muttiko dira, 10-11 urtekoak gutxi gora-behera.
Elkar agurtu dugu.

– Bazaudela!

– Bai, bai, hemen gaude, eliza zaintzen! Zuek ere bazabiltzate ba.

Eta asko luzatu gabe elkarren ezagutzak egin eta ikasi ahal izan dut bai bera eta bai haurrak Larraungoak direla. Aitaxi bi ilobekin. Eliza ikusteko gogoa azaldu, eta barnera sartu eta erakutsi diet; azalpen laburren bat eman ere bai. Bukatutakoan, eliz atarian bertan, honela eman diot segida jardukiari:

– Aizu, eta haur hau euskaraz… (batez mintzo natzaio, ez baitut bestea ia entzun ere egin)

– Bai, euskaraz gehiago daki erdaraz baino.

– Zer ari zara esaten? Horrexengatik galdetzen dizut ba! Euskaraz hola-hola; erdaraz hobeki jakinen du!?

– Ez, ez, euskaraz ikasi zuten ttikitatik eta erdaraz gaizki. Hauek dena euskaraz!

– Bai, baina, erdaraz dakiena ongi jakinen du.

– Ez, ez, hauek dena euskaraz!

– Bai, baina, erdaraz dakiena ongi jakinen du.

– Ez, ez, euskaraz erdaraz baino hobeki!

– Baina euskarazko esaldi guziak aldrebes jartzen ditu eta!

– Bueno, hori bai, hala egiten du, bai.

Horrela uztea erabaki nuen gaia, ez nuen mindu nahi gizaki hura, gutxienez azaldu nion pentsatzen eta sentitzen nuen nahigabea. Ez, ez nion aipatu nahi, inola ere, nolako erdal azentua zuen haur hark. Aski! Jendeari erakustea ongi dago, zertxobait estutzea ere bai, baina ez zapaltzea eta gutxiago on eta zintzoa den bat. Errua ez da berea.

Eta jakin dezazuen, haur horren gurasoak euskaldun peto-petoak dira, etxean berak erran bezala euskaraz ari direnak… eta hala ere zer ikusten dugu?

Haur horren hizkuntza zein da? Euskara hala gaztelera? Nik dudarik ez dut. Eta bere eskola lagunak? Etxean erdaraz ari diren haur horiek? Horiek anitzez gehiago baitira Larraunen gure protagonista ttikiaren tipokoak baino.

Arnasgune batean, eskolak euskaraz, familian euskaraz eta hala ere gaztelera lehen hizkuntza duten haurrak ari gara sortzen. Gaztelera, ttiki-ttikitatik lehen hizkuntza. Koxkortzearekin bakarra izanen dute, lehena eta azkena!

Non da konponbidea? Orain bezala segitu behar al dugu herritar, guraso, eskola, euskal teknikari… alderdi politiko, udal. Itsu eta mutu? Baikortasunez gainezka?

Amildegian behera goaz, kaka bezala. Oraindik poliki xamar, laster ziztu bizian.

(1) Aipatu dut nola ez dudan inor ikusi haur hori bezala hizketan, isildu gabe, esaldiak esaldiari jarraiki izugarrizko ziztuan. Baina ez da egia. Orain 40 urte euskaraz ikasteko igorri ziguten iloba bat Espainiatik, eta etxean eta egunero ikastolara joanez, poliki antzean edo ikasi zuen sei hilabetez. Sei hilabete zeramatzala bere anaia zaharragoa, bost urte zituena, igorri ziguten. Ernea halakoa. Inteligentea hobeki esan. Ba honek bere anaiarekin lehian ote? hilabete buruan hizketan ikasi zuen, ziztu ikaragarrian hitz egiten zuen eta erdal sintaxia perfektoarekin. Hilabete batez ikasi zuen Larraungo mutikoak 10 urtez bezainbat. Hori bai, azentua hobea zuen Espaniakoak.
Zer nola egin zuen? Ba, buruan zeukan espainolari hitzez hitz euskal ordainak itsasi. Nonbait hori otu zitzaion eta ikasi, jakina. Euskalduna al zen? Ez, erdalduna zen!

Euzkaraz ez zekien larraundarra

Zer duzu buruan “Euzkaraz ez zekien larraundarra”-ri buruz

  • Ez da hilabete izango. Lekunberriko saltoki batera sartu eta bertako amatxi euskara ederrean bizilagun batekin eta ustez bere aizpa zenarekin. Erosketa egiten ari ginela hor azaltzen da bere biloba, 7 urte hor nonbait, “kaixo amatxi” -tik aurrera dena espainolez. Zer nahi duzu esatea, bihotzak krask egin zidan.
    Anekdota iduri lezake, baina azken bi urteetan Sara, Baigorri, Elizondo, Irurita, Igeldo, Asteasu, Alegia, Zumaia eta Lekeition entzun ditut haurrak erdara ahotan, “arnasguneetan”.

    Gaizki, oso gaizki goaz. Desagerpenerako bidean. Nago, zoritxarrez, euskaldunen gehiengo handia konturatu ere ez dela egiten. Bada garaia esnatzeko