Ameriketara joandako emakumeei gorazarre, Beran

Ameriketara joandako emakumeei gorazarre, Beran

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak urtero Nafarroako herri batean antolatzen duen besta eginen da heldu den larunbatean, urriaren 3an, Beran. 600 lagunetik goiti bilduko dituzte egun osoko ekitaldietan, batez ere Ipar Euskal Herritik eta Nafarroatik etorritakoak.

Aurten, gonbidatu gisa, Bizkaiko ordezkaritza bat egonen da Bortzirietako herrian. Goizeko 10:00etan hasita, eta 19:00ak bitarte, argazki-erakusketa, hamaiketakoa, meza, omenaldia, bazkaria eta musikaz beteriko programa osatu dute. Baztan-Bidasoatik artzain joandakoen argazkiekin erakusketa antolatu dute Berako kultur etxean, eta hurrengo bi asteburuetan, ortziraletik igandera, ikusi ahal izanen da.

Berako Kaule baserriko Manuel Altzuguren Ameriketan artzain.

 

Ehundaka gizon joan zen Euskal Herritik artzain lanetara, batez ere Ameriketako Estatu Batuetara. Ezagunak zaizkigu euren ibilerak eta kontakizunak, baina hain ezagunak ez direnak gizon haiekin joandako emakumeen bizipenak dira. Aurtengo bestan emakume horiei eginen diete gorazarre, “kultur-transmisioan berebiziko garrantzia izan zuten, gure kultura, hizkuntza, balioak beren seme-alabei eurek transmititu zizkieten”, azpimarratu du Xanti Altzuguren beratarrak, bestaren antolaketa arduradunak. Eta Ameriketan ez ezik, azkeneko urteotan artzainen lana zabaltzen eta ezagutzera ematen egindako lanean ere buru-belarri dabiltza emakumeak. Horien artean lanean aritutako Dolores Lazkano beratarrari omenaldia eginen diote larunbateko bestan.

Bakardadea, isolamendua, etxetik urrun egon beharra, eta ezagutzen ez zuten herrialde batean, eta bertako kultura eta hizkuntzan bizi behar izan zuten gizon-emakume horiek. Hainbat dokumental eta erreportajetan jaso da euren bizimoduaren berri. Horien artean nabarmentzen da Amerikanuak dokumental gordina.

Ameriketara joandako emakumeei gorazarre, Beran

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.

3 pentsamendu “Ameriketara joandako emakumeei gorazarre, Beran”-ri buruz

  • Orain arte Amerikanuei egin zaizkien omenaldiak GIZON-EMAKUMEEI izan dira. Baina oro har, miseriaren azpialde estremoenean bizi direna gizonak zirenez eta direnez ere gaur egun, gizonak gehiago ziren joan zirenak. Gogoratu etxegabe eta suizidio guztiak gizonek osatzen dutela. Migranteen gehiengoak ere. Agian gizonei egin beharko zitzaien omenaldi esklusibo bat.

    • Nik esango nuke orain arte gizonei egin zaiela omenaldia. Ez nahita, baina bai nahi gabe… Ia beti bezala. Izan ere, edonori galdetuta irudikatzeko bere garaian ameriketara joandako euskaldun bat, 20tik 19,8k gizonezkoa irudikatuko dute. Eta horretan eragina izango du, adibidez, etbn orain arte gaiaren inguruan egin diren elkarrizketa, saio, dokumental orotan gizonezkoa izatea ia sexu bakarra. Beraz , ongi etorria ekimenen honi ere.

      • Normala kontuan izanda familietan herentzia soilik seme batentzako zela, haiek Amerikara joaten ziren dirua lortzeko, eta gainera Amerikako herrialdeak gizonek egiten zuten lanpostu ugari eskaintzen zuten.