Altzükütarrak Xaia ostatuan
Altzükütarrak Xaia ostatuan –
Xiberoan beti izan dira kantari bikainak, punta-puntakoak, baita taldeak ere, A capella kantatuz maisuak izan dira beti, baita zenbait musika-tresnaren laguntzaz ere. Talde horietako bat dugu Altzükütarrak, ezaguna, ospetsua eta maitatua Xiberoa osoan.
1979an, Altzürükü herriko sei lagun, Dominika Epherre, Jean Etxart, Jean Etxegoihen, Pierra Jaragoihen, Jean-Philippe Prat eta Beñat Keheille, elkartu ziren eta taldea sortu zuten. Denek kantatzen zuten gitarraz eta akordeoiaz lagunduta. Batez ere, kantu herrikoiak abesten zituzten, baina baita sorkuntza berriagoak ere, Etxahun-Irurirenak eta Dominika Etxartenak, adibidez.
Orduz geroztik, herriz herri ibili ziren, ongi merezitako ospea lortuz. 1985 eta 1999 artean, bost disko eder plazaratu zituzten, eta 2022an, berriz, disko guztiak berrargitaratu zituzten. Beraz, gaur erraza da saltoki eta liburu eta disko azoketan atzematea.
2023an berrogeigarren urteurrena ospatu zuten apirilaren 30ean, jendez mukuru zen Mauleko Jai Alaian. Xiberotarrek horrela saritu zuten Altzükütarrak taldeak euskal kulturaren alde luzaz egindako lan handia eta aberatsa.
2024ko martxoaren 1ean, arratseko zortzietatik goiti, kontzertu bikaina eskaini zuten, leporaino jendez beteta zegoen Pausuko Xaia ostatuan. Jean Etxart, Jean-Louis Bergara, Dominika Epherre, Jean Etxegoihen, Mixel Garat, Jean-Philippe Prat, Pierra Joragoihen eta Beñat Keheille ederki aritu ziren kantari, bi orenez bertan zen jendea loriatuz.
Horra segidan, Argizagi ederra izeneko kantu herrikoi eta anonimoa, denon atseginez, airoski kantatu zutena:
- Argizagi ederra, argi egidazu: Oraino bide luzean joan beharra nuzu; Gaun huntan nahi nuke maitea kausitu. Haren bortharaino argi egidazu,
- Lotara ziradea, lozale pollita? Lotara ez bazira so’gin dazu leihora, eta egiaz mintza, oi! izar ederra, zur’ama othe denez oraino
- Etcheak eder du, bai, saihetsean labe; Zer ala zu ez zauke goardiarik gabe? Maitea, ni ez nauke egia erran gabe, noiztanka holakoak tronpatzen
- Kanpotik sarthu, eta barnera ondoan, maitearekin nindagon, oi! gustu onean; Amak, hautemanikan, oi, uste gabean gianetik jautsi zaukun kolera
- Zu zinela ez nuen gogoan phasatzen, niri heben berean afrontu egiten; Jenden erranez ez niz ez orai estonatzen, etsenplu dudanean nihaurek
- Orai banohako, adios erranik; Berriz jiteko ere ez esparantzarik. Kitatzen ez banuzu arras bihotzetik, zure ganako bidea hautseko dut
- Jendek erraiten dute hal’ez dena frango, izar xarmagarria, zur’et’enetako, gu ez girela gisan elgarrekilako: bi hok akort bagire, nori zer dohako?”
Hona hemen segidan, eta adibide gisa, kontzertuan abestu zuten Etxahun-Iruri-ren Bortüetako elhürra kantu zoragarriaren letra:
- Bortüetako elhürra osoki ari beita hurtzen, primaderako txoriak hasiz geroztik han khantatzen.
- Denbora ederrer bürüz artzainak gira phartitzen, nur gure ardi saldueki belhar phüntaren untsa txerkatzen.
- Bortüko bidia beita, bai segür! aski phenagarri, batx-batxa juraiten gira, oi denak, korajez betherik.
- Zunbat ixtoria khuntatüz, erriz batak bestiari. xahako bürü gorritik, drago zunbait üsü thiratürik.
Pilotarien Biltzarra, Argizagi ederra, Arrainak edder begia, Gaiaz edder da argizagia, Kattalina, Maialen Iruriko, Xibero xokoan, Bortüetako elhürra…, izan ziren kantatu zituzten abestietako batzuk, eder-ederrak denak, eta tarteka, publikoak lagundurik kantatuta. Bukatzeko Niko Etxarten Euskal Herrin rock&rollin izeneko kantu famatua, Euskal Herri osoan ezagutua dena. Kantu horrekin, publikoa zutitu eta taldearekin batera kantatzen segitu zuen. Hunkigarria, zinez! Eta horrela sentitu eta ulertu genuen gau magiko hartan Urruñako Pausu auzoko Xaia ostatura, Altzükütarrak taldearen kontzertuaz gozatzera, hurbildu ginen guztiok.