Aitor Azpiazuk, kritiken aurrean erantzun
0) SARRERAKOAK. Inondik inora ez nuen iskanbilarik sortu nahi. Ezta eztabaidarik ere. Niretzat erabat harrigarria izan da ondo ulertu ez didaten hitz batzuengatik sortu dena. Batez ere, kritikak, inolaz ere bideratua ez zegoenari erasan dio. Hamaika ikusteko jaio gara! Zein (eta nola) mintzatu diren ikusita, asko mindu ditudala esango nuke. Zalantza ezina da, kazetari-elkarrizketa ez dela gauzak azaltzeko, ezta hausnarketak egiteko formatu egokiena. Ez da lehen aldia hortaz jabetu naizena, baina kasurik nabariena izan da. Elkarrizketa etnografiko batean edota literatura etnografikoan, gaia xehatu egin liteke, arazo, korapilo eta ñabardura guztiak aipatuz, banan-bana. Kazetari-elkarrizketa batean berriz ez. Baina ez diot honi erru handirik bota nahi, nik nirea ondo azaldu behar dut-eta. Zalantzarik gabe, nire mugen jakitun naiz. Badakit nire prestakuntzak, nire adimenak eta nire ahalmenak zein muga dituen. Badakit, era berean, giza zientzietan “egia berdaderorik” ez dela, (eta baldin badago, neu ez naizela haren jabea). Baina gai honetan nire ikuspegia eman nahiko nuke, ondoko hamar puntuotan.
1) BARANDIARAN: ESKOLA (I). Nire lanetan Barandiaranez mintzo naizenean, batez ere bere bibliografia aberatsa erabiltzen dudanean, Barandiaran bakarra darabilkit: Barandiaran “antropologoa”[1]. Antropologian, gauza jakina denez, hainbat eskola izan dira: estrukturalismoa, funtzionalismoa, materialismo mota ezberdinak, difusionismoa… Non kokatu behar da Barandiaran bertan? Ba inon ez, Barandiaran ez zen izan, ez eskola baten sortzailea, ezta eskola baten partaidea. Barandiaran ez dugu hortaz, Lévi-Strauss edo Marvin Harris baten mailan jarri behar[2]. Ez, ez zuen gizakia eta bere kultura ulertzeko sistema teoriko-espekulatiborik sortu[3]. Barandiaranen eskolarik ez dagoela esaten dudanean hortik doa gaia. Barandiaranek ez badu eskolarik sortu, guk darabiltzagun kontzeptuen barnean behintzat, nola esan liteke eskola hori badagoenik? Horregatik diot: “Barandiaran ikertzaile handia izan zen, baina ez zuen lortu eskola bat sortzea”. Hurrengo puntuan ikusiko den bezala, hauxe eztabaidagarria da, noski.
2) BARANDIARAN: ESKOLA (II). BESTE KONTZEPTU BAT. Baldin eta “eskola” deitzen bazaio, irizpide jakin multzo bat darabilen jendea (galdetegiak…), edota denboran eta espazioan kointzidituz, ezaugarri amankomun batzuk dituzten jende multzoa, orduan bai, badugu eskola[4]. Hala ere, neuk ez daukat hau antropologia-eskolatzat. Nahi bada “etnografia-eskola” izango da, baina ez “antropologia-eskola”.
3) BARANDIARAN. JARRAITZAILEAK. Neure ustez, Barandiaranek “antropologia-eskola” bat sortu ez zuenez, bere ondorengoei “bere eskolakoak” baino “jarraitzaileak” esango diet nik. Eremu hau oso-oso zabala da. Ehundaka pertsona sartzen dira hemen[5]. Euskal Herrian XX mendean horrelako jarraitzaile talde zabalik ez da izan. Eta hemen era guztietako ikerleak daude. Punta-puntakoak eta hain onak ez direnak.
4) PUNTAKO JARRAITZAILEAK. Hemen sartuko ditugu ikerketa zorroztasunez, zehaztasunez eta etnografoari eskatzen zaion moduan egiten dutenak: material puruak jaso, eta era koherente eta garbian azaldu[6]. Nik jende honen aurka ez daukat ezertxo ere. Guztiz bestaldera, estimatu eta maitatu egiten ditut. Esate baterako, Juan Manuel Etxebarriaren lana asko baloratzen dut. Batez ere, “Gorbeia eta inguruko Etno-ipuin eta Esaundak” lana xehatzea suertatu zait. Ba lan hau izugarria da. Zoritxarrez eman zaiona baino askoz ere garrantzia handiagoa dauka. Hemendik esan beharrean nago Labayru erakundearen lan denak ez ditudala zehatz-mehatz ezagutzen, ezta gutxiago ere, baina irakurri izan diedana lan sendoa eta sakona iruditu zaidala. Etniker eta Atlas Geografikoa ere sail horretan sartzen ditut. Horregatik harritzen naiz, erabat gainera, jende asko (eta beste batzuk ere izango dira nonbait), minduta ikusteaz.
5) BESTE JARRAITZAILE BATZUK. Nik Barandiaranen “Mitologia vasca” irakurri eta gero, bere jarraitzaile zenbaiten (euren burua hala dela ozen esanaz aritzen dira-eta) lanak irakurtzeko zorte dudazkoa izan nuen. Hauek ez ziren serioak: batzuk, Barandiaran beraren lanen aipamena eginez, mitologia oso era berezietan interpretatu zuten[7]; beste batzuk, euskara oso gutxi ezagutuz, euskal inguruko jendeari galdetuz ibili ziren, nahiz eta, dakigun bezala, duela 40 bat urterarte “euskaldun elebakarrak” baziren gure artean; beste batzuk bibliografia gabeko lanak egin zituzten; beste batzuk, euskara jakinda ere, egin zituzten transkribapenak desegokiak izan ziren… Bai, izenak eta abizenak eman nitzake. Baina ez dut egingo: zeuek ere badakizue zein diren. Batzuk beren lanaren oihartzun handia izan dute. Beste batzuk, Caro Baroja (eta beste zenbaiten) kritika zorrotza (eta ia suntsigarria) izan dute lagun… Ba nik, “Mitologia Vasca” eta gero, jende honen lanarekin topo egin nuen, bete-betean. Eta niretzat eredu izan ziren, urte batzuetan, hauen akatsez konturatu arte[8]. Urteak galdu nituen lan hauekin: “Bere zenbait jarraitzaileren lanak, haren aldean, hutsaren hurrengo dira”. Barandiaranen transkribapenak, ia ehun geroago ere, hizkuntzalari batentzako ikerketa iturri egokiak dira. Hor dago, esate baterako, Ataunen jasotako material baliotsua[9]. Baina zer egin behar dugu, esate baterako, Goierriko euskara delakoan, kakotsen artean Beterriko euskara jartzen digunarekin? Nahiz-eta Barandiaranen jarraitzaile izan, beraiek egindakoa ezin da ontzat hartu. Baina hortan ados legoke Barandiaran, Labayruko jendea eta ia-ia mundu guztia. Badakit ez direla asko izan jarratzaile hauek. Baina izan duten oihartzuna handia izan da, nire inguruan behintzat, ezin uka hori. Nahiago nuke Barandiaranen lana eta gero beste autore handi batzuena ezagutu izan banu, zuzen-zuzenean, eta bitartekorik gabe: Mitxelena, Bahr, Evans Pritchard, Caro Baroja (berriro!), Boas, Azkue (bere metodologia gorabeherekin, baina beharrezkoa guztiz), Malinowski, Apalategi, Etxebarria bera, Marx-Nietzsche-Freud hirukotea eta beste asko eta asko… Baina hauek dira autoformazioaren zametako bat: norabide zuzena jakin arte ezin etsi…
6) BARANDIARAN. IRUDIA, HEROIA. Polemika txiki hau sortu bada, nire ustez, Barandiaran izena tartean zegoelako izan da. “Azkuek ez zuen eskolarik sortu” edota “Bahr-ek ez zuen eskolarik sortu” esan izango banu, ez zen ia inortxo ere altxatuko. Barandiaran kuttuna dugu, baita neuk ere. Nola ukatu bada? Baina beldur naiz Barandiaran mitifikatu ez ote dugun. Barandiaran pertsona eredugarria izan zen, edo behintzat hori ikusi dugu bere liburuetan, bera zuzenean ezagutu ez genuenok. Gauza on asko sinbolizatzen ditu: lana, gogoa, zuzentasuna, egokitasuna, Euskal Herriaren maitalea, euskara bultzatzailea, lehena-oraina-geroa… Normala da maitatua izatea. Euskal Herriak azken mendeetan izan dituen aldaketa denak ez dira bere onerako izan: euskarak atzerakada izan du, euskalkiak galtzen ari dira, herri honen kulturaren geroa ere ez dago gure esku, zoritxarrez… Hortaz, Barandiaran guzti horren alde aritu zen bigarren San Martin Txikia bailitzan. Euskal Herriak, euskaldunok, behar ditugu ereduak eta heroiak, Barandiaran bezalakoak… Baina kontuz!, hau ez da zientzia. Mitifikatzea ez da zientzia. Barandiaran, bere lana eta bizitzaren arabera baloratu behar da, bere testuinguruaren arabera; hala ere gizaki erraldoia da[10].
7) CARO BAROJA, NON? Zer esan Caro Barojaz? Asko estimatzen dudan pertsonaia berezi samarra iruditzen zait. Bere lan gehiena ezagutzen dut, nahiz eta gauzaren bat falta zaidan. Bide berri-berrien irekitzailea izan da, bai historiaren eremuan (batez ere), baina baita ere euskararen alorrean ere: hor da bere “Materiales” paregabeaBadakigu, bere burua Baradiaran zale amorratutzat jotzen zuela, (nola ez?), baina bere jakintza entziklopedikoak, gai alorren zabaltasunak (Euskal Herrikoak eta kanpokoak), bere talentuak, oso nortasun berezia ematen zioten. Bere formazioan Barandiaranen laguntza handia izan zela ezin kendu, baina beste parametro batzuetan dabilen pertsonaia da hau, nire ustez behintzat[11].
8) KOLDO ZUAZO ETA BERE “ESKOLA”. Garbi dago “eskola” azalpen honekin erratu naizela. Erabat gainera. Kontzeptu akatsa izan da. Zalantza gabe, bada hizkuntzalaritza mugimendu berri bat, Debagoena aldean sortua eta Gasteizko fakultatean indartua. Hauek eredu estandarizatu batean lan egiten dute. Norabide berean, oso berean, lan egiten duen jende multzo zabal samarra da[12]. Nola deituko diogu, bada?: “Gasteizko hizkuntzalaritza mugimendua?”; “euskal dialektologia berria”? Izenen kontua da. Zuazo ez beste jende askoren ekarpena eta partaidetza ere badela, ados. Baina nola izendatuko dugu?
9) IZENBURUA, KONTZEPTUA, KONPARAKETAK. Izenburua iruzur hutsa da. Egia da, oraingoz. Gipuzkoa hegoaldeko 20 bizigune ezberdinetan, (herri eta auzo), egindako ehundik gora elkarrizketa, eta grabazioetan diren ehundaka eta ehundaka ordu, ezin dira baserri bakar batetako monografikoan sartu. Akaso, jasota daukadan materialarekin hogeigarren “Gipuzkoako hegoaldeko euskara. U-n jasotako lexiko eta etnografia gaiak” ateratzen denean, geroak nahi beza, oraingo “iruzur hutsa”, “ez iruzurra” bihurtuko da, beharbada. Konparaketa… Nire lan eredua ezagutuko bazenu, ez zinateke hainbeste esatera ausartuko. Hainbat lexiko gai eta bestelako ezaugarri, auzoz-auzo, eta herriz-herri alderatzen ditut. Baina jarduna etxez-etxekoa denean, hitzez-hitzekoa, milaka eta milaka ordutako lana denean, eta ia desagertzear dauden izpiak berriz ere beste berriemaile batzuekin alderatzen direnean, konparaketak beste dimentsio bat hartzen du, eta lan oso-oso astunak bilakatzen dira, luze izateaz gain. Bai motel, “hiperkonparatibista” naiz, eta hitz bakoitzaren hedadura geografiko-tenporalak arduratzen nau, eta asko gainera. Eman denbora eta ikusiko duzue!
10) ONDORIOA. Ez naiz iskanbila bila jardun. Ematen du nahita aritu naizela sua pizten, akaso liburuari oihartzuna emateko. Ez da horrela izan. 400 ale atera zituen Legazpiko Burdinola erakundeak, horretarako neke handia hartuz, erakunde txikia da-eta. Gehienak, saldu dira. Gai minoritarioa da kulturarena, (bai, Euskal Herrian ere bai!), baina onarpen polita izan du liburuak. Hortaz, ez neukan zertan liburua bultzatu beharrik. Ez nau, hala ere, erabat ilundu denborale honek. Euskal kultura eta hizkuntzaren alde, jende saiatu asko eta asko ikusten ditut, eta horrek poza ematen dit. Handia gainera. Nahiago nuke zuetako bakoitzarekin, bostekoa luzatu eta solasaldi atsegin bat egin; oso-oso bereziki nire gabeziak hain zuzen ikusi dituen Juan Manuel Etxebarriarekin. Nik ere badut zer ikasia gauza hauetan, eta ez gutxi gainera. Zuetako edonork, liburuaren metodologia eta bestelako xehetasun bati buruzko kexa, iradokizuna, aipamena edo bestelakorik baleuka, esan lasai mesedez. Asko dut hobetzeko. Eskerrik asko. Geroarte!
Aitor Azpiazu Ugalde
[1] Barandiaran are interesgarriago egiten duen dualismoa dauka: batetik, antropologoa eta bestetik, arkeologoa. XX mendean, gai bat baino gehiago menderatu duten ikerle handiak izan dira gurean. Barandiaranen ondoan, hor ditugu Azkue edo Caro Baroja bera ere. Multidisziplinaritate hauek beraien lanen ondorioen sendogarri izan dira gehienetan, ikerketari balio erantsia emanez. [2] Horrek ez du, inondik inora, Barandiaranen baliorik gutxiesten. Inondik ere, garai eta testuinguru jakinetan egokiagoa izaten da materialak jasotzea (etnografia egitea), ondorioak lortzea baino (etnologia egitea). Hortaz, pentsa dezagun bere asmoetatik urrun samar zela sistema teoriko baten sorkuntza./ Edonola ere, sistema teorioko hauen eraikuntza aipatu beharreko gauza da. “-ismo” gehienen aitak, (eta baita ere antropologiakoak), pertsonai aipatuak izan dira oso. Baina teoria hauen eraikuntzak, ondo ateratzekotan (edo onartuak izatekotan), betiereko loria ematen duten bezala, (Lévi-Strauss frantziar estatuan), bestetan aldiz, gaizki ateratzekotan, funtsik gabeko sistemak ekarri ditzake (Alfred Lewis Kroeber eta bere “Configurations” lana, zeinetaz gero damutu zen)/ Interpretazioetan gehiegi ez sartzeko jokabidea, edozein moduz ere, euskal ikerketaren beste alorretara ere zabaldua zegoen, duela hamarkada batzuk: Kandido Izagirre lexiko-biltzaile saiatuak esan zuen beraien lana datu egokiak jasotzea zela, besterik gabe; interpretazioak atzetik etorriko zirela. [3] Hala ere, badakigu Barandiaran antropologia-eskola guzti hauen emaitza eta lanetara irekia egon zela, horrek eguneratze lana eskatuko bazion ere. [4] Eta gainera, Barandiaranen lana eta irakaspena hain denbora luzekoa izanda, “eskola” baino “eskolak” esan beharko genuke, belaunaldi ezberdinetako jendea gogoan hartuz. Eta gauza berbera bere arkeologia faseetan ere. [5] Eta bai, neu ere sartzen naiz bertan. Gure adineko jendeak, Barandiaran pertsonalki ezagutu ez zuten lehen edo bigarren belaunaldia osatzen dugula esango nuke. Eta oraingoz horrela ez bada ere, bere ekarpen eta lanaren transmisioa gerokoei, egunen batean, gure eskuetan egongo da: beste hamaika eginkizun bezala, noski. [6] Horretarako ezaguna bezain eredugarria da Caro Baroja jaunak, Larramendi, Azkue eta Barandiaran hirukoteaz esaten duena, “Mitologia vasca” liburuaren sarreran.. [7] Baita Caro Baroja berak ere ondo astindu hauetakoren bat. [8] A ze desengainuak: “Hau ez da interpretazioa, hau fantasia da”; “Hau ez da Goierrin jasotakoa: Beterriko euskara darabil-eta kakotsen artean”; “datu hau kontrastatu gabe dauka”… Ze tristura! Ze amorrua! [9] Jose Migel Azurmendiren “Ataungo euskara” lana duzue hor. [10] Handitasun hori, aldeak alde, Goethe edo Boas-enarekin alderatzen dut, ondoko belaunaldi bat baino gehiagori argi egiteko gai den erreferente bat bezala. Ez da gutxi.[11] Estiloz, talentuz eta kronologia aroz, Koldo Mitxelenaz askoz gertuagokoa da berau, ene ustez. [12] Liburu on asko egin dute: Urretxu eta Zumarragako euskara, Zegamako euskara, Zaldibiako euskara… Goierriko adibide batzuk aipatuz, badira gehiago-eta.