Ainara LeGardon: “Akatsak aukera berriak dira”

Ainara LeGardon: “Akatsak aukera berriak dira”Ainara LeGardon (Bilbo, 1976). Bi hamarkada baino gehiago daramatza honetan, Onion taldearekin hasieran eta bakarlari gisa 2003az geroztik. Honezkero beste hiru lan luzek daramate bere sinadura eta estudioan, agertoki gainean zein karteletan, izen handien alboan ikusi du berea –Joe Skyward, Shannon Wright, Thalia Zedek, Tara Jane O´Neil, Dayna Kurtz–. Estatu Batuetan editatutako bilduma batean parte hartu duen artista ez amerikar bakanetakoa da.

Musika egitea kasik hil ala biziko sentitzen duen horietakoa, konposatzea eta interpretatzea “terapia emozionala” dela dio, musikak bere arima elikatzen duela eta, zinez, brownie eta kanela-azenariozko magdalena zale amorratu honen unean uneko aldartea neurtzeko termometro baliagarriak dira bere kantak, beti ingelesezkoak. Euskal Herritik “nahi baino lehenago” alde egin zuen Salamancan Kimika ikasteko, handik Madrilera mugitu zen musikaren aldeko apostua sendotzera eta, hamalau urteren ostean, iazko udan bueltatu zen hona. Basaurin bizi da orain, eta bertako kafetegi batean batu gara.

 

Zer ekarri duzu Madrildik hainbeste urte eta gero?
Izugarrizko estresa, eta bizimoduz aldatzeko gogo bizia. Madrilen nagusi den etsai-giroak kasik uneoro erne ibiltzera behartzen zaitu, eta horrek sortzen duen higadura fisiko eta emozionala faktura pasatzen ari zait orain. Hiri horrek aspaldi utzi zion konposatzeko eta nire proiektuak ganoraz, zegokien denbora eta mimoa eskainita, garatzeko leku aproposa izateari. Sosegua galtzen duzunean, azkenerako, osotasuna, sendotasuna eta adorea ere joaten dira. Orain lasaiago bizi naiz, kolektibo baten parte sentiarazten nauen ingurune atsegin batean; hori oso garrantzitsua da.

Nola aurkitu duzu jaioterria? –Bilboko Errekalde auzoan hazi zen–.
Ba, begira, oraintxe bertan Larraskitu da, musika esperimentalari eta inprobisazioari dagokionez, Euskal Herri osoko gune aktiboenetakoa, eta horrek are bereziagoa bilakatu du itzulera. Ni hazi nintzen lekuan garatzen ari diren egileekin nire musika konpartitu ahal izatea hunkigarria da.

Eta ezer utzi al duzu Madrilen?
Lagun on batzuk; asko sumatzen dut haien falta. Maite ditudan horien artean daude maDam kolektibokoak, eta bereziki Alvaro Barriuso, nire bidelaguna Archipiel proiektuan. Onartu behar dut hiri handi hartan pasatu nituen azken bi urteek zentzurik eduki bazuten haiekin batera aurrera eramandako lan jarraituari esker izan zela. Madrilek asko lapurtzen dizu, baina egia da elkargune bat ere badela eta, lantzean behin, beste leku edo testuinguru batean ezagutuko ez zenuen norbaitekin egiten duzu topo bertan.

Orain hara itzuliko zara disko berria grabatzera. Zer duzu buruan?
Paco Jimenezek –ekoizlea– eta biok  hilabeteak daramatzagu diskoa osatuko duten kantak analizatzen eta errepasatzen. Ia denak We once wished (2011) atera zenetik ditut konposatuta eta, beraz, nahikoa denbora eduki dut letrak nahi adina berrikusteko, egitura ezberdinak probatzeko eta baita abestiren batekin aspertu eta zerrendatik ateratzeko ere! Hector Bardisa –bateria– eta Ruben Martinezekin –baxua– batera grabatzea da ideia; Hannot Mintegia –gitarra– ahal duenean batuko zaigu, agenda betea darabil eta.

Elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COM-en

Ainara LeGardon: “Akatsak aukera berriak dira”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.