Agur neguko eguzkitan lanera doan gizon bakartia

Agur neguko eguzkitan lanera doan gizon bakartia

Bere liburu zaharrak esku artean hartu, eta lehenengo hura, Egunetik egunera orduen gurpillean izenekoa bereizi dut, niretzat bere poema liburuen artean borobilena. Remigio Mendibururen azalaz gainera, Juan San Martinen hitzaurreak deitu didate arreta. Eta haiek irakurritakoan, poema honek, gaurko egunerako ezin egokiagoa. Profetikoa zirudien.

 

Ni ere hilko naiz…

Egun hartan, haizeak azkeneko arnasak

autsarekin batera astintzen dituanean,

dena kunplitua egongo da.

Eramango naute…

Eta lurraren babesean atseden luzez betirako itzaltzean,

ixillaren oiartzunean galduko da azkeneko hitza.

Motza da bidea…

Egunsentiko andrearen esku hotza sorbaldan laixter nabaitzen dut;

eudiak nere pausoak urratuko ditu azkeneko bidegurutzean…

Horregatik esaten dizuet “anaiak” eta zuen begietan erantzuna aurkituaz nahi dut bizi,

bein eta berriz, hitzez hitz eta ordutik ordura bizitzaren burruka galdua jokatuaz….

Ez beza iñork negarrik egin.

Bizi dezagun eriotza eta kanta dezagun bizitza,

illunabar arte, begirada lasaiez.

Motza da bidea.

 

Heriotzerako prestatzen eman zituen Lourdes Iriondo hil zenez geroko egunak, erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi zituen poeta tristeak. Egunsentiaren esku izoztuak liburuan ere, huraxe zuen gai bakar eta akabo: heldu zaio espero zuena. Atzo amaitu zuen bidearen motza. 66 urte zituen.

 

Soslaia

Lete Oiartzunen jaio zen 1944an. Zeruko Argia aldizkarian kolaboratzen hasi ondoren kultur giroan murgildu zen eta garai hartako beste sortzaile batzuk ezagutu zituen, tartean JosAnton Artze. Harekin eta Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo eta beste batzuekin batera Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetariko bat izan zen 60ko hamarkadan. Maiz kontatu zuenez, taldekideei laguntzearren hasi zen joaten emanaldietara, abesteko asmorik gabe. Harik eta egun batean kantatzerik ez zuen taldekide baten hutsunea bete behar izan zuen arte. Horrela hasi zen Leteren kantari ibilbidea.

Haren ostean singleak eta diskoak, baina bereziki jende askoren memorian geratuko ziren kantuak 1978ra arte. Orduan kantaldiak utzi zituen, “giro politikoak nazkatuta”. Jendeak, kontzertuak, kantuak entzuteko baino, sloganak bota eta politika egiteko baliatzen zituela-eta nazkatuta. 1991an itzuli zen kantagintzara eta 2001ean Berrehun urtez bertsotan lan mardula kaleratu zuen, kantu errimatuaren bilketa lan harrigarria.

Kulturari abeslari eta idazle bezala ez, politikari bezala ere heldu zion, 80ko hamarkadaren hastapenetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendari eta, gerora, Kultura Diputatu ere izan baitzen, harik eta gaixotasun batengatik, 1985ean, kargua utzi zuen arte.

Egunsentiaren esku izoztuak lanarekin Euskadi Saria irabazi zuen. Baina hori baino askoz gehiago izan zen.

Adierazpen batzuk

“Nire bizitzako erabaki askotan ez dut asmatu, portaeretan bereziki. Nire baitan anbizio intelektualak izan ditut, baina gauzatzerakoan bide erdian geratu naizen sentipena dut, porrotarena. Nahi izaten dugu asmatu, zuzen ibili zentzu etikoan asmatuz, baina askotan ez dugu lortzen. Baldarrak gara. Gizakia argitsua den neurrian, lanbrotsua ere bada”

“Gure literaturan «plaga» bat dago.

Ze “plaga”?

Gramatikoak, “euskerologoak”. Gure errian badirudi euskera’ren gaiñ bi edo iru gauza ikasi ditun edozeñek daukala euskeraz idazteko ta euskal literatura arteko gauzak juzgatzeko eskubidea. Ez dakit noiz arraio ikasi bear duten gramatika ta literatura bi gauza ezberdiñ dirala. Gramatika zienzia bat da. Literatura, berriz, esakizun bat, zerbait adierazteko premia. Orregatik da ain txarra gure literatura. Esateko gauz interesanterik ez duten pertsonak eskribitzen dutelako. Gure teatruak aspertu egiten gaitu. Bereala nabarmentzen da an esaten diran gauzak gezurrezkoak dirala.

“Iraganeko denboretan eta, batez ere, krisialdietan, askotan galdetzen nion neure buruari zergatik hasi ote nintzen abesten. Eta azkenean, beste arrazoi eta argudio guztiak arakatu ondoren, ondorio batera ailegatu nintzen: Lurdesengatik, haren eraginez eta bultzadaz hasi nintzela kantuan; haren xarma pertsonalak erakartzen ninduelako eta haren iritzi baikorrak beti suspertu izan ninduelako, baita neure buruarekiko unerik ukakorrenetan ere.”

Zu zergatik hasi zinen poesiak egiten? Poeta zarelako; poesiaren bitartez zerbait esan beharra dagola iduritzen zaizulako; edo denbora pasa? Noski, nere barruko kezka eta gorabera agirian jartzeko modurik zuzenena eta egokiena poesia iduritu zitzaidalako. Gaur poesia egiten dut; biar, agian, beste zerbait egingo dut: antzerkia, nobela edo ensaioa. Edo ez dut ezer egingo.”

Zure «Poeta hoiek» izeneko olerkian, poeta etxean gelditzen dela, begiak itxita, adierazten duzu. Zure ustez zein da poetaren joera? Poetak, bere lanez, idatzi bear du jakiña. Hortik aurrera badago gizalege bat, bai poeta baten edo baste edonoren posturak eta jokabidea juzgatzeko. Poesiak, irakurtzen ez bada, ez du deusetako balio. Hori denok dakigu. Irakurri ta ere, nere ustez, geienetan ez du batere influentzirik”

“Nik behar handi bat sentitzen dut mundu honetan maite izan ditudan haieknonbait, ez dakit non eta nola, berraurkitzeko; bereziki Lourdes [Lourdes Iriondo, emazte zena]. Ideia horretan gero eta sendoago nago, eta neure burua behar horretan estutzen dut, edo esperantza horretan bermatzen. Nire lagun sinestun batek dioen moduan, berraurkintzarik ez dago mundu honetako bizipenak ez badu geroan irauten. Beste lagun batek dio ez duela haragiaren piztueran sinesten; hori ere plausiblea da. Orduan, zer da iraungo duena? Espiritua? Eta non kokatuko da? Zer itxura hartuko du? Aurki gintezke haiekin? Denak galderak dira, erantzun zehatzik gabekoak. Batetik, urteak dira berraurkikuntzaren behar hori sentitzen dudala, eta azkeneko hiru urte hauetan, Lourdes joan zenez geroztik, behar izugarria sentitzen dut; bestela, zer zentzudu honek guztiak? Bestetik, ordea, badakit ezin dudala berraurkikuntzarenmodua ikuskatu. Hor bizi naiz.”

“Poesia otoitz bat da, batzuetan transzendentea, Jainkoari bideratua; eta beste batzuetan geure izateari eta geure iraganari egiten diogun otoitz minberatua, mingarria askotan. Liburu honetako pometan iraganera begiratu dudanean alde onak ikusi ditut, baina baita iluntasunak ere, penak eta batez ere kulpak; liburu honetan asko dago horretatik. Horretaz mintzatzen naizenean, balirudi barkamena eskatzen ari naizela, eta hori azken finean otoitza da.”

“Maitasun erabatekoa ez da plazer edo erotika hutsa –hortik ere baduen arren–, sufrimenduaren ondoren datorren zerbait baizik. Nik horrela sinesten dut. Bi pertsonaren arteko maitasunaz ari garela, niri maitasuna zer den definitzeko eskatuko balidate, nik honako hau esango nuke: “Elkarrekin asko sufritu ondoren bi pertsona erabateko eta betiko loturara eramaten dituena”. Bilakaera psikologiko eta moral konplikatu baten ondoren datorren maitasuna da, leialtasunaren berraurkitzea, solidaritatearen maitasuna, urradurarik gabeko maitasuna. Batzuek kontra egiten didate; esaten didate maitasunaren oso ikusmolde sublimatua eta sufritzailea dela hori. Baina nik horretan sinesten duteta hori bizi dut. Orain dela gutxi, bileratxo batean solasean ari ginela, lagunbatek honako hau esan zuen: “Maitasuna ez da 25 urteko neska gazte lirain bati maiteminduta gauzkala esatea. Maitasuna da zahartzen ari den 70 urteko emakume bati maite duzula eta berarekin bizi nahi duzula esatea”. Jendeak barre egin zuen hori entzundakoan, baina nik uste dut pentsaera sakona zela.”

“Nik uste dut eskubide osoa dudala gudu kantuetan dabiltzan horiei esateko gudu kantuen garaiak bukatu zirela, behintzat beraiek ulertzen dituzten moduan. Gainera, esaten dutenez, egiten ari diren hori gure izenean ari dira egiten. Eta gure izenean ari direla diotenez, nik poema hori idatzi beharra neukan –nahiz eta jakin poema horrek mina emango diola zenbaiti–, horiei ezetz esateko, ez direla Euskal Herriaren izenean ari, ez nire izenean behintzat, eta ezta beste askoren izenean ere, beren lanbroetan trabatuak baizik. Poema gogorra da, baina azken finean malenkonia handi bat du poema horrek ere, amaieran diodanarekin: “zer esan dezake hilotzak”. Honako hau esango banie bezala: “Zuen taldea sortu zenean nik 15 urte nituen. 65 urte kunplitzera noa.Beti istorio berdina ikusten dut: beti aldarrikapen berberak, beti ustezko estrategia izugarria, beti ekintza gogorrak. Eta… zertarako? Ni hiltzera noa. Zernahi duzue esatea? Pozik noala mundu honetatik zuek egin dituzuenak ikusi ondoren, eta zer lortu duzuen, alegia ezer ez? Ez, ez noa pozik. Bizitza ozpindu didazue, bizitza erremindu didazue. Ezin dizuet esan oso pozik noala. Esan behar dizuet egia. Eta azken batean, zer esan dezake hilotzak?”. Amaiera hori Luis Cernudaren poema batetik hartua da. Horixe esan nahi diet, ez nagoela ados. Ez nagoela ados eta gainera bakean hil nahiko nukeela, beste jende askok nahi izan duen bezala, eta ez dugula lortuko bakea, hor segituko duela istorio horrek. Gudu kantuetan ari dira izugarrizko guda gloriatsuan ari balira bezala, eta ez dira konturatzen beren burua iraintzen, laidotzen eta zikintzen ari direla. Ez dago glorifikaziorik.”

“Egia da Euskal Herriak bere manifestapen askotan eta izate modu askotan mintzen nauela, eta kosta egiten zaidala eramatea eta jasatea. Bainabeste alde batetik maite ere maite dut, eta pentsatu izan dut nik kritikatzen ditudan iluntasun, zakarkeria eta torpezia horiek nire baitan ere egon litezkeela. Azken bolada honetan zuhurragoa eta errukitsuagoa naiz. Beti izan dut nire kantuan eta nire poesian, kantuan batez ere, bai-eta-ez hori: “Ardo mindua edanaz historiaren tabernan” eta gauza horiek. Figura erretorikoak dira baina badute zerikusia errealitatearekin. Euskal Herriaren azken hamarkadetako bilakaera oso baikorra izan da arlo askotan, asko hobetu delako gure bizitza–ez bakarrik materialki, kulturalki ere bai–, baina gure adinekook ardo minduasko edan behar izan dugu, oso egoera gogorrak bizi behar izan ditugu, osozailak. Batasunaren, kidetasunaren, solidaritatearen aldeko aldarrikapenak ezagutu nituen nik 20 urte nituela, eta gero beti ikusi izan dut dena dela puskaketa, haustura, krisia. Hemen bi edo hiru ataletatik ez da atal berri batsortzen; batetik hiru sortzen dira, puskaketaren erruz. Horrek min handia emanizan dit, eta euskal gizartearekin mesfidati bizi izan naiz arlo askotan. Hemen jendeak baditu usadio onak, gizatasun handikoak, baina baita txarrak ere. Gorrotorik ez diot inoiz izan Euskal Herriari, baina deitorapen edo distantzia apur bat bai aldizka.”

“Nik sinesten dut inspirazioaren baitan, Zentzu ezberdinak ditu inspirazioak. Zerda inspiratua egotea? Inspiratua egotea da airean ibiltzea, ero-ero? Ez, ez da hori. Inspiratua egotea da hitzak nonbaitetik jasotzea, ez dakigu nondik. Gurebaitan leudekeen hitzak baina galduak, ezkutuan daudenak, normalki esaten ez ditugunak. Poesia idazten hasten garenean hitz horiek datozkigu. Nik esan izandut hitzak erabiltzen ditugula baina ez direla gureak, ezin ditugula gure ondare bihurtu. Nonbaitetik datozkigu. Batetik, gure herriaren kolektibotik eta historiatik datozkigu, hizkuntza eta hitzak jaso egin ditugu. Bestetik, nik sinesten dut arnasa edo inspirazio hori nonbaitetik datorrela, ez dela kasualitatea hitzek argitzen gaituztenean hala izatea eta hurrengoan iluntasunean egotea. Jendeak esaten du inspiraziorik ez dagoela, baina orain modan jarri da –Euskal Herrian idazle bat baino gehiago da horren adibide– honako hau adieraztea: “Nik ez dut poesia utzi, poesiak utzi nau”. Egia da hori. Poesiak utzi egiten gaitu. Nik bolada luzeak ematen ditut poesia idatzi gabe, eta bolada horietan, saiatuta ere, nik ez nuke lortuko lerro bakar bat ere idaztea; gero etortzen zait argigune bat, edo inpultso bat, behar bat, ez dakit zer den, eta orduan datozkit hitzak. Hori beti hala izan da.”

“Bai, neu ere sentitu izan naiz garaile une batzuetan; ez askotan. Kantaldi biribil baten ondoan jendeak maitasuna adierazten dizunean garaile sentitzen zara, Jainkoa bezala. Baina handik hiru minutura oholtzatik jaitsi, zigarro bat erre, tresnak biltzen hasi eta ez zara ezer. Bukatu da garaipena. Garaipena oso hauskorra eta denbora gutxikoa da. Horri buruz oso gauza polita esan zuen behin Miguel Indurain txirrindulariak. Laugarren edo bosgarren Tourra irabazi zuenean, galdetu zioten ea zer sentitu zuen Eliseo Zelaietako podiumean jendea txaloka eta komunikabide eta autoritate guztiak berari begira zituela; eta Indurainek erantzun zuen kosta egiten zitzaiola txalo haiek berarentzat zirela sinestea, txaloek irrist egiten ziotela iruditu zitzaiola, atzera begiratzeko gogoa sentitu zuela txaloak beste norbaitentzat balira bezala. Nik ere sentsazio berbera izan dut inoiz txaloak jasotzean, eta oso adierazpen inteligentea iruditu zitzaidan Indurainena. Garaipenaren momentua ezin da atxiki gainera, joan egiten da. Nobel saria ematen badizute ere, biharamunean ohetik jaiki eta zureaje, akats, kezka eta beldurrekin egingo duzu topo.”

Bereziki, interesgarria da, Juan Luis Zabalak Berriarako egin zion elkarrizketa  

Agur neguko eguzkitan lanera doan gizon bakartia
heriotza, Lete, literatura, poesia
Jon Benito

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude