“Agur jaunak” kantuaren nondik norakoak
Agur jaunak –
Kantu honen lehen arrastoa Manuel Lekuona pilotariaren kontakizun batetik datorkigu. Manuel Lekuona Errenterian bizi zen arren, oiartzuarra zen sortzez, Urkalle baserrikoa, eta hortik zetorkion denek ematen zioten ezizena. Badirudi, XIX. mendearen erdi aldean pilota partida bat jokatu zuela Donibane Garazi aldean eta baita irabazi ere. Partida bukatu ondoren, ostatu bateko kanpo aldeko terrazan bazkaldu zuen gainerako pilotari lagunekin, eta hor ari zela, mutil morrosko bat azaldu zitzaion bertan, eta txapela kendu ondoren, honako abestia kantatu zuen bertan bazkaltzen ari ziren guztien aurrean:
…
Agur jaunak! jaunak agur!
agur t´erdi!
Denak Jinkoak eginak gire,
zuek eta bai gu ere.
Agur jaunak, agur!
agur t´erdi!
hemen gire.
Agur jaunak!
…
Mutila Garazi aldeko hainbat pilotarik bidaltzen zuten Manuel Lekuonari pilota desafioa egiteko. Lekuonak eskainitako partidak onartu zituen, Donibane Garaziko frontoian jokatu eta irabazi egin omen zituen. Hori eginda, Oiartzun aldera itzuli zen, desafiorako mutilak erabili zuen kantua buruan jira-biraka zebilkiola.
Urte asko pasatu ondoren, 1892ko egun batean, Manuel Lekuona pilotari ohiak Lezoko Oarso-Ibai izeneko ostatuan lagun arteko giroan zegoela, lagunei gaztetan Donibane Garazin gertatu zitzaiona kontatu zien, eta baita mutil morroskoak desafiorako erabili zuen abestia kantatu ere. Ostatuan, adiskideen artean, bazegoen Antonio Peña-Goñi izeneko idazle, musika kritikari, piano-jole eta konposatzaile ospetsua zena. Honek kantuaren partitura egin zuen. Geroxeago, gutun baten bidez Felipe Pedrell adiskideari igorri zion, pianorako moldaturik, eta honek Bartzelonan argitaratzen zuen “La ilustración musical hispano americana” izeneko aldizkarian eta “Euskaldun lotoskaria” titulupean argitaratu zuen 1892ko azaroaren 30ean. Hurrengo urtean, 1893an hain zuzen, Etxeberria-Gimonek “Ecos de Vasconia” izeneko bilduman sartu zuen, 50. zenbakiarekin. Bilduma Peña- Goñiri eskainia zen.
Zenbait urte beranduago, Iñazio Perez-Arregi eta Aita Donostia edozein ekitaldirako agur moduko doinu egoki bat bilatzen ari ziren euskal kantu zaharren artean. “Euskaldun lotoskaria” hautatu zuten eta 1918ko agorrilaren 1ean, Loiolako San Iñazioren prozesioan jo zuten. Hurrengo hilabetean, Euskal Ikasketen kongresuan jo zuten, berriz ere, eta orduz geroztik ofizial bilakatu zen Euskal Herriko ekitaldi publiko guztietan.
Hauxe da ezagutzen dugun historia. Dena den, galdera ainitz gelditzen zaizkigu airean. Nork egin zuen? Noiztik erabiltzen zuten Garazi aldean? Pilota desafioetarako bakarrik erabiltzen al zuten? Gaur egun, horiek denak erantzunik gabeko galderak ditugu. Dakiguna zera da, “Agur Jaunak” kantu entzutetsua Garazi aldean sortu zela. Kantuaren baitan erabiltzen diren hitzek ere baxenafarra dela adierazten digute.
Kaixo, Joseba.
Urkalle edo Urtxalle zen pelotari hura? Ezjakintasunetik galdetzen dut, baina gaztelaniaz Urchalle ikusi izan dut idatzia, eta pentsatu izan dut euskaraz Urtxalle izango zela.
Kaixo adiskide.
Lekuonaren narrazioan Urkalle azaltzen da, baina egia erran behar badizut, ez dakit zehazki baserri hori non dagoen, eta zein den egiazki duen izena, Urkalle edo Urtxale. Baliteke biak zuzen izatea, hau da, horietako bat izen zaharraren aldaera izatea.
ze istorio ederra!
Manuel Francisco Lekuona Rezola zen “Urtxalle” (1828-1901), eta esan bezala jaiotako etxearen izenetik zuen goitizena, baina Urtxalle ez zen baserria, kaleko etxea baizik.
Oiartzungo berri ez dakit xeheki horretaz nik, baina Urtxalle izenak segitzen du oraino, dakidanetik, etxe zaharraren paramenaren lekuko… Etxe multzo edo Urbanizazio gisa edo holako. Ez dakit hori seguru…
Askotxo idatzi zuen hartaz Peña y Goñi donostiarrak. Eta beragandik jaso zuen Oiartzun-Errenteria aldeko pilotari buruzko informazio “zahar” gehiena Peña y Goñik.
Idazketaz, batere dudarik gabe “Urtxalle” beti.
“Urchalle” ageri da espainolez beti, eta “Urchalle” izenez agertu zen idazkitxo bat GURE HERRIA aldizkarian, Iparraldeko ohiko ortografia frantses-airean emana. “Haizbelar” sinatuta dago, berez, Jean Elizalde ‘Zerbitzari’ baizik ez izanki. Peña y Goñiren idatziaren parafrasia baino ez da, eta espainol ortografia kopiatu da. Ez, alegia, “Urxalle” transkribitzeko, baina “Urtxalle” hori ere.
Hurrengo baterako, hemen ez luzatzekotan, baina daukat “Agur Jaunak!”, hobeki zatekeela “xaxari kantu” bat. Horrela leku batzutan ematen zaion azalpen bitxiari erreparatuz gero: “vieja canción de caza”…
Balizko “chanson de chasse” batetik baldin bagenu hori, oso gaizki ulertze argigarria ere bagenuke “bitxikeria”: “chasse” ez bailitzateke “caza, ehiza” izango, baizik-eta pilota jokoko “xaxa, arraia”.
Horrela esatekotan, “Hemen gira, Jaunak!” eta “Huna arraia, Jaunak!”, dena “zaku berean”.
Mila esker, Javier, zure informazio zehatz eta baliosagatik.
Ez horregatik, eta mila esker zuri, pilotaren gorabehera “ez deportiboetaz” idazteagatik. Mila holako beharko genituzke ohiko monotoniatik irteteko.