Abian da CAF-Elhuyar sariketa. Igo trenera!
Abian da CAF-Elhuyar sariketa. Igo trenera! –
- Abian dira CAF-Elhuyar sariak. 2019ko otsailaren 14ra arte aurkez daitezke lanak.
- Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko gizarteratzea aitortzea eta bultzatzea dira sariketaren helburuak.
- 25. urteurrena ospatuko du sariketak.
25. urtez, abiatu da Caf-Elhuyar sariketa, zientziaren eta teknologiaren mundua gizarte osoarekin lotzeko asmoz. Hain zuzen, bi eremu horiek elkartzen dituen garraiobide gisa ere irudika daiteke sariketa, eta hortik dator aurtengo gonbidapena: Igo trenera!. Hauxe baita CAF-Elhuyar sariketaren xedea: zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.
Kategoria hauek ditu sariketak:
- Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat eskuratuko du.
- Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 eurorekin eta eskulturarekin saritzen da.
- Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasotzen du, baita eskultura ere.
Horrez gain, aurten ere NEIKER sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da eta beste sariekin bateragarria; alegia, lehen sektoreko lan onenak beste kategoria bateko onena ere baden kasuan bi sariak jasoko ditu.
cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean dago informazio guztia, eta 2019ko otsailaren 14ra bitartean aurkez daitezke lanak.