Abenduak 25, data problematikoa

Abenduak 25, data problematikoa –

Abenduaren 25a, data problematikoa. Izenburu hori darama Xabier Basurkoren Veinte estudios sobre el culto y la cultura liburuaren epigrafe batek. Gabon Gaua ospatzeko abenduaren 25a izatearen gainean ari zen Basurko, nola ez. Jakin, badakigu, eta horretaz ere aritua naiz jada aurreko nire artikulu batean, zer zela-eta hautate zen dat hau Jesusen jaiotza ospatzeko. Orain, labur-labur han adierazita hona ekarri baino ez: Gabonak, berez, ganoraz eta maila herrikoian XIII. mendera arte, Asisko San Frantziskoren ekimenez, ospatzen hasi ez baziren ere, IV. mendean, bake konstantinotarraren baitan, Jesusen jaiotza erlijio mailan garrantzizko mugarritzat jo zuten. Dena den, horrez gain, jai paganoa baino ez zen eguzkiaren neguko solstizioaren abenduaren 25eko ospakizuna, errotik birmoldatu beharra sentitu zuten, eta, hartara, kolpe bakar batez bi helburu iritsi; bateko, esanda moduan, Jesusen jaiotzarako egun bat hautatu, baina, besteko, eta hau ere garrantzi handikoa, Jesusen jaiotzaren ospakizunak itzal egien ziezaion ospakizun paganoari are berori desaktibatzeraino ere.

Orduan, esandako hori guztiori aintzat hartuta, argi dago abenduaren 25ean, ospatu bai, baina berez ez zela egun horretan jaio Jesue, edo ez zuen zertan. Basurkoren hitzekin esanda, ez dugu festa-ospakizuna zapuzteko ezein asmorik, hurrik eman ere; eta berak dioskun moduan, “goazen baina apal-apal historikoki datuak aurkeztera”. 25ean jaio izanaz inongo ziurtasunik ez baldin badugu, orduan zer esan genezake Itun Berriak luzatzen dizkigun datu apur horietan oinarriturik? Ebanjelioek ez dute inon esaten zer egunetan jaio zen Jesus, eta, horri dagokionean, ez dugu beste inongo iturritik. Pista ia bakarra San Lukas ebanjelioak ematen digu, zera dioskunean: “Baziren inguru hartan artzain batzuk, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen” (Lk 2,8). Adierazpen horri kontu eginez, Jesusen jaiotzaren kontakizun honek, alde-alde, zer urtarotan kokatzen duen berau esaten digu. Horren harira, Oscar Cullmanen (O.CULLMANN, “Navidad en la Iglesia antigua” en Estudios de teología bíblica, Studium, Madrid 1973, 32-33 orr.)  aburuz, Palestinan artzainak larreetan matxo-apiriletik azarora bitartean egon ohi ziren. Horren arabera, hortaz, jaiotza udaberri, uda, edota udazkenean koka liteke, ez baina neguan. Nolanahi ere den, teologikoki Lukasen ebanjelioko hasierako zati honek, Jesusen haurtzaroko kontakizunen baitakoa, ez du datu objektiborik ez historikorik emateko inongo helbururik, ebanjelioko beste zati batzuek egin asmo zuten bezala, eta hori bainoago, Jesus gizaki eta guretako bat bilakatu izana zentzuzko marko global batean kokatzea baino ez du bilatzen.

Darraigun baina Jesusen jaiotze-data kokatze aldera historian zehar egin izan diren ahalegin horietariko batzuk hona ekartzen. Kristau antzinatean zenbait eta zenbait espekulaziozko saiakera egin ziren berau zehazteko, horietariko asko harrigarriak oso, hala nola, martxoak 28, apirilak 19, edota maiatzak 20. Udaberrira aldeko hautua argia da.

Detu ziur eta onargarririk ezean, badago zerbait argi ere argi izan dezakeguna, eta zer eta honako hauxe dugu; kristauek ezin konta ahala espekulazio eta beste egin ahala izan bazuten, eta egin bazuten, zeraren seinale baino ez zen, alegia, Eliza ofizialak kontu honi batere garrantzirik ez ziola eman. Bestetik, eta esandako horrekin bat-bat eginez, badakigu liturgikoki lehenengo hiru mendeetako kristauek Pazkoa eta Pizkundea baino ez zituztela ospakizuna, berauek bere bi denbora-mailatan: Asteroko pazkoa igandero, eta urteroko Pazkoa igandeetan igande zuten Pazko-Igandea.

Gerora, eta lerro hauen hasierara bueltatuaz, jada esanda moduan, IV. mendean kontua bestelakotu zen eta behin betiko abenduaren 25a hautatu zuten. Besteak beste, Agustinek, Epifaniok eta Juan Crisóstomok direnak eta ez direnak egin zituzten data honek zin-zinetan oinarri historiko zutela defendatu nahian, ezin konta ahala argumentu tarteko.

Kontuak kontu, Bernard Botte-k (B.BOTTE, Los orígenes de la Navidad y la Epifanía, El futuro de la verdad 12, Taurus, Madrid 1963, p.86) dioen moduan, argumentu horiek guztiek gutxi-gutxieneko ezinbesteko sendotasuna falta dute. Horren aurrean zer esan eta hau gehituko nuke nik: 25ean ospa dezagun 25erako gorde nahi izan dugun hori eta, horrekin batera, badaezpada ere, bizi ditzagun urteko gainontzeko egun guztiak 25erako gorde nahi izan dugun hori ospatuz.

Abenduak 25, data problematikoa

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude