Abelino Agirre eta zapi gorriko neska
Abelino Agirre eta zapi gorriko neska –
Aurtengo abuztuaren azken igandean, famili bazkaria izan genuen Ataungo Ergoiena auzoan dagoen Urbitarte sagardotegian. Kupelen artean ibili ginen txotx egiten, betiko usadioari jarraituz. Halako batean gure artean zegoen 83 urteko izeba lekaimeak zortziko zahar bat kantatzeari ekin zion: “La del pañuelo rojo” izenekoa, hirurogeiko hamarkadan, Los Xey taldeak bazter guztietara zabaldu zuena. Hura kantatzen hasi, eta haur nintzela, hamaika aldiz entzundako kantua etorri zitzaidan gogora. Etxera itzuli nintzenean, nire baitan errepikan nuen aipatu abestiaren oihartzuna. Jakin-minez interneten begiratu eta Abelino Agirre bilbotarrak egina dela jakin nuen.
1.- Abelino Agirreren nondik norakoak
Abelino Agirre Lizaola Bilbon jaio zen 1838ko abuztuaren 10ean, eta haurra zenetik, musikarekiko zaletasun handia erakutsi zuen. Bilboko Santiago elizan haur kantari izan zen, eta gazte urteetan, Nikolas Ledesmarekin konposizioa eta harmonia ikasi zituen. Gerora, Madrilen eta Italiako Milan hiriko kontserbatorioetan musika ikasketak egin zituen.
Ikasketak bukatu zituenean, Bilbora itzuli zen eta orkestra bat zuzentzen ari izan zen luzaz, baita doinuak eta konposizioak egiten ere, horietako batzuk erlijiosoak zirenak. Meza bat egin zuen orkestraz lagunduta, eta Gasteizen egin zuten lehiaketa batean lehen saria eman zioten. 1864an konposatu zuen izeba lekaimeak kantatu zuen “La del pañuelo rojo” zortzikoa, ospe eta zabalpen handia lortuz. Oso letra erromantiko eta bukolikoa du, eta Rosario Zapater de Otal-ek egina da. Horratx:
Basta de dansa, y juego./ Muchachos basta ya./ La orasion de la tarde / muy pronto sonará. // Aunque la orasion suene / yo no me voy de aqui./ ¡No! la del pañuelo rojo/ loco me ha vuelto a mi.// Juntos rezar podremos / la orasion que yo sé / ¡Ay! ¡no me dejes solo! / ¡Ven! ¡yo te lo diré! // ¡Ah! ¡Aupa! Ya el campanero / La orasion va a tocar. / ¡Ay! Ene yo me muero / maitia, maitia ven acá.
Bi urte berantago, hau da, 1876an, Argentina aldera abiatu zen eta Buenos Airesen hartu zuen bizileku. Urte hartan Pietà per noi izeneko sinfonia idatzi eta plazaratu zuen eta Buenos Aireseko Opera Antzokian orkestra zuzendari gisa ari izan zen. Hiriburuaren probintziako Musika Eskolan irakasle izan zen eta denborarekin, Musika Kontserbatorio Nazionaleko zuzendaria izatera iritsi zen. Urte haietan sinfonia, zortziko eta sainete ugari plazaratu zituen argentinarren artean arrakasta handia erdietsiz.
Argentinako Mendoza hirian zendu zen 1901eko uztailaren 19an, hirurogeita hiru urte zituela.
2.- La del pañuelo rojo zortzikoaren kontuak
Arestian aipatu bezala, Abelino Agirrek zortziko hau 1864an konposatu zuen eta urte berean plazaratu zuen Rosario Zapater de Otal andereak egindako letra bukolikoarekin. 1870ean Parisen aurkeztu zuen, frantsesezko bertsio batekin. XX. mendearen hasieran, Ignazio Tabuyo konpositore errenteriarrak egindako bertsio berria publikatu zuten disko moduan, eta zabalkunde handia izan zuen Euskal Herri osoan barna. Horra hor Tabuyo maisuak egindako moldapen berriaren letra:
Aunque la orasion suene / yo no me voy de aqui./ La del pañuelo rojo/ loco me ha vuelto a mí.// Juntos rezar podremos / la orasion que yo sé / ¡Ay! ¡No me dejes solo / que yo me moriré! // ¡Ah! ¡Aupa! que el campanero / las orasiones ya va a tocar./ ¡Ene yo me muero! / maitia maitia ven acá.// Si luego el ariñ ariñ pudieramos bailar/ Aprietame la mano/ un poquito al pasar.// Yo te diré ¿me quieres?/ tú me diras… que sí / Nadie oirá lo que dices / al son del tamboril.
Gerora, hamaika interpretazio eta bertsio egin ziren arren, gure artean Los Xey talde mitikoa izan zen gehien zabaldu zuena. Hauek kantatzeko, beti Tabuyo maisuaren bertsioa erabili zuten, eta hauxe da nire barnean, haur garaietatik entzuten dudana.
Holako kantu ederra eta erdaraz abestu behar! Horrek ematen zidan barne-mina, eta horregatik honako euskal bertsioa egin diot. Badakit ez dela Tabuyoren bertsioa bezain ederra izanen, baina, ene irudikoz, euskaraz egoteak sinesgarritasun handiagoa ematen dio abestiak kontatzen digun pasadizo ederrari. Horratx, bada, “Zapi gorriko neska” euskal bertsioa:
Otoitza hasi arren / ni ez noa hemendik, / zapi gorriko neskak / zoratu nau ni. //
Otoitza egingo dugu / biok elkarrekin,/ ni bakarrik hilko naiz / nahiago zurekin. //
Gero dantza egitean / ukitu ene eskua / ta nik esango dizut: / ene maitetxua! //
Maite al nauzu? –diozu, / baietz diotsut nik / inork ez digu entzungo / txistu doinuarekin. //
Maite al nauzu? –diozu, / baietz diotsut nik / gu biok beti-beti / fandango ta arin-arin.