990 nobedade online eta Landakon, osasun-neurrietara egokitutako Azokak

990 nobedade online eta Landakon, osasun-neurrietara egokitutako Azokak –

Osasun-neurrietara egokitutako Durangoko Azokak 990 nobedade izango ditu Landako gunean eta online dendan.

Landako Gunera eta Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea azaroaren 29tik aurrera. 219 erakusmahai egongo dira Landakon, 990 nobedaderekin: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelakoak.

Azokako espazioetan diziplina askotariko kultur jarduerak egongo dira abenduaren 4tik 8ra: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak… Kulturzale guztiei arduraz jokatzeko deia egin die Durangoko Azokak, Azokako espazioen barruan eta Azokatik kanpo.

Online denda abenduaren 3tik 7ra egongo da martxan Azokako webgunean. Bertan Landakon salgai egongo diren nobedade guztiak eskuratu ahal izango dira.

990 nobedade online eta Landakon, osasun-neurrietara egokitutako AzokakKulturzaleek 990 nobedade izango dituzte eskura aurtengo Durangoko Azokan, Landako gunean egongo diren 219 erakusmahaietan eta Azokako online dendan. Hala iragarri dute gaur Gerediaga elkarteko eta Durangoko Azokako guneetako arduradunek, Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskolan antolatutako prentsaurrekoan. 

Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak nabarmendu duenez, “gure helburu nagusia aurtengo Azoka segurua izatea da. Bisitari eta partehartzaile guztiak eroso sentitzea nahi dugu, euskal kulturaz modu seguruan gozatzea eta guztion osasuna lehenestea”. 

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da Durangoko Azoka. Landako Gunera eta Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Landako Gunean 1200 bisitariko bost txanda sortuko dira egunero, ordu eta erdiko bisita egin ahal izateko. Azokako espazio guztietan maskara erabili beharko da uneoro, eta ezin izango da jan eta edan. Izen-emateak astelehenetik aurrera egin ahalko dira durangokoazoka.eus webgunean (Azokako sare sozialetan iragarriko da erreserba-sistema prest dagoenean) . “Osasun-neurri guztiak zorroztasunez beteko ditugu, eta gauza bera eskatu gura diegu kulturzale guztiei: arduraz eta erantzukizunez jokatzeko, bai Azoka barruan, baita Azokatik kanpo ere Durangoko herrigunean”.

Azokan eskura egongo den kultur eskaintzari dagokionez, edizio honetan 990 kultur nobedade aurkeztuko dira: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelakoak. Kultur lan horiek Landako Gunean egongo diren 219 erakusmahaietan (abenduaren 4tik 8ra) edo Azokako online dendan (abenduaren 3tik 7ra) eskuratu ahal izango dira. Gaztelurrutiaren hitzetan, “urte zaila eta konplikatua izan bada ere euskal sortzaileentzat, badirudi uzta oparoa utzi digutela”. Azokako katalogoa Durangoko Azokako webgunean kontsulta daiteke jada.

Guztira, 165 partehartzaile izango ditu Durangoko Azokako 56. edizioak: argitaletxeak, diskoetxeak, kultur elkarteak, erakundeak, banatzaileak… Horietatik 17 autoekoizleak izango dira, 10 Durangaldekoak eta 28 lehenengo aldiz stand bat jarriko dutenak. “Jabetzen gara Azokan erakusmahaia jarriko duten askok ahalegin handia egin behar izan dutela Durangora etortzeko. Erakutsi duten jarrera txalotzekoa eta eskertzekoa da”. 

Durangoko Azoka abenduaren 3tik 8ra antolatuko da aurten, baina aurreko egunetan hasiko da DA! PRO egitasmoa, sortzaileak eta kultur sektoreko profesionalak harremanetan jartzeko topagunea. Abenduaren 1etik 4ra arte, Durangoko espazio ezberdinetan, aurkezpen, mahainguru eta hitzaldiak antolatuko dira. 

Horrez gain, osasun-egoerak baldintzatuta, aurten ezin izango da Ikasle Goiza modu presentzialean antolatu. Horren ordez, Durangoko Azokak “portaDA!” erronka martxan jarri du Euskal Herriko ikastetxeentzat. Ikasleek euren sormena landu beharko dute euskarazko disko eta liburu baten azala erabilita. Bertan parte hartzeko epea azaroaren 30ean amaituko da.

Beñat Gaztelurrutiak gogoratu duenez, “ziur aski ez da izango guk nahi izango genukeen Azoka, beste behin ere osasun-egoerak baldintzatuta datorrelako, halabeharrez. Hala eta guztiz ere, baikortasunez eta arduraz erantzungo diogu egoerari, Durangoko Azoka kulturzale guztion topagune bihurtu dadin abenduaren 3tik 7ra online, eta 4tik 8ra aurrez aurre”.

.

Diziplina askotariko egitaraua

Abenduaren 4tik 8ra Durangoko gune ezberdinetan diziplina askotariko egitaraua antolatu du Durangoko Azokak. Edizio honetan bueltatuko dira Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Azoka Telebista eta Talaia izeneko gune berria, Areto Nagusiaren lekukoa hartuko duena. Guztietan ezinbestekoa izango da maskara erabiltzea uneoro, ezin izango da edan eta jan eta osasun-neurri guztiak bete beharko dira. Programazio osoa Durangoko Azokako webgunean kontsulta daiteke jada.

Szenatokia gunean arte eszenikoekin lotutako ikuskizun bat egongo da egunero, doako sarrerarekin, San Agustin kulturgunean. Bost ikuskizun, beraz, abenduaren 4tik 8ra arte, antzerkia, dantza eta poesia uztartuz: Jon Ander Urrestiren “Tribiz baserri galdua”, Zestoako Formol Laborategiaren “Album” antzezlana, Galder Perezek zuzendutako “Lurrun minez” lana, Bagara konpainiaren “Interakzioa” eta Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen “Högeitavat” emanaldia. 

Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, 35 film egongo dira ikusgai, Zugaza zinemetan: 12 film labur, 11 dokumental, hiru film luze, bi aurkezpen, lau estreinaldi eta hiru film haur eta gazteentzat. Inoiz baino parekideagoa izango da Irudienea, zuzendaritza eta protagonistetan emakumeak izango direlako nagusi, eta hainbat gai jorratuko dira bertan: memoria historikoa, pantailak euskaraz egoteko aldarria…  Iaz Sormen Beka irabazi zuen Bañolet websaila ere Irudienean aurkeztuko da, abenduaren 5ean.

Saguganbaran familientzako tailerrak, ipuin kontalariak, liburuen aurkezpenak, jolas tailerrak, ilustratzaileak, umeei egokitutako zeinu hizkuntza tailerrak, musika ikuskizunak  eta sormen tailerrak egongo dira, besteak beste. Saguganbara betiko gunean egongo da, Elkartegian, Landako parean, baina saio batzuk Landakoko Areto Nagusian ere antolatuko dira.

Kabi@, bere aldetik, Areto Nagusi barruan antolatuko da, eta programazioa hiru ataletan banatuta egongo da: “geruza digitalak” izeneko hitzaldi laburrak; sorkuntza digitalaren inguruko mahainguru bat; eta “txikientzako lantegia” izeneko jarduera. Programazioa ideia nagusi batekin lotuta egongo da: “eraldaketa digitalak balio dezake sortzaileak, sorkuntza lanak eta publikoa harremanetan jartzeko, eta, gainera, sorkuntzarako aukera ezberdinak zabal ditzake”.

Ahotseneak bi esparrutan oinarrituko du bere egitaraua eta egitekoa, urtero bezala: musika eta literatura, doinua eta letrak. Plateruena barruan antolatuko diren zuzeneko kontzertuetan talde sortu berri eta ibilbide luzeko musikariak tartekatuko dira. Kasu honetan, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, azaroaren 29tik aurrera. Literaturari dagokionez, espazio bitan antolatuko dira solasaldiak: Areto Nagusian eta Musika Eskolan. Bertan, eleberriak, poesia-liburuak, antzerki-bildumak, komikiak, itzulpenak… aurkeztuko dira, hainbat sortzaileren eskutik, besteak beste, Eider Rodriguez, Leire Vargas, Itziar Ugarte, Alaine Agirre, Lander Garro, Amaiur Epher, Alberto Barandiaran, Aritz Galarraga eta abar.

Euskarazko literaturaz harago, Durangoko Azokan beste argitalpen askok lekua daukate: dibulgazio liburuek, ikerketa lanek, euskal gaia lantzen duten argitalpenak… Horiek guztiak Talaia gunean batuko dira, espazio bitan: Landako guneko Areto Nagusian eta Musika Eskolan. Talaian gai oso anitzak lantzen dituzten liburu ugari aurkeztuko dira, eta hainbat mahainguru ere antolatuko dira: musika elektronikoaz, ilustrazioaren munduaz, gazte sortzaileen ikuspegiaz eta abar.

Azkenik, Azoka TBk ere Azokaren jarraipen zabala egingo du, urtero bezala. Azokako webgunean streaming kanal bi egongo dira, Plateruenan eta Areto Nagusian gertatzen ari dena zuzenean jarraitzeko. Gainera, Azoka TB eta EITBren arteko elkarlanari esker, Azoka TBk kulturaren plazaren bueltan gertatzen dena jasoko du, eguneroko saio batean. 

990 nobedade online eta Landakon 990 nobedade online eta Landakon

Durangaldea lan esparru duen elkartea gara, baina Euskal Herri osora zabaldu eta hedatzen diren ekimenak ere tarteka burutzen ditugu. Adibiderik, garbiena, Durangoko Azoka bera da. 1965. urtean sortu zen elkartea, eskualdetasuna aldarrikatzeko beharrizana ikusi zutelako eta gertuko ondare historikoa zein kulturala - galduta zegoena - berreskuratu eta zaindu beharra zegoela sinistuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude