46. Euskal Zine Bilera: Jarraitu zinearen lorratza

46. Euskal Zine Bilera: Jarraitu zinearen lorratza – 

  • Lekeitioko zine jaialdiak bere 46. edizioa ospatuko du urriaren 19tik 22ra, urte bat gehiagoz euskal ikus-entzunezkoen erakusleiho bilakatuz.
  • Lau eguneko luzera izango duen jaialdiak euskal zinemagintzaren alor desberdinak landuko ditu proiekzio, solasaldi eta tailerren bidez.

46. Euskal Zine Bilera: Jarraitu zinearen lorratzaZinearen lorratzak ekarri gaitu honaino. Euskal Zine Bilera ez zen bere 46. ekitaldiraino helduko norabidea eta ibilbidea erraztu eta bideratu zuten zinegileen oinatzak jarraituko ez balitu. Etorkizunera begira egotea bezain garrantzitsua da, noizbehinka, atzera begiratzea, eta bidea egin duten pausoetara erreparatzea. Erreferentzia-marka horien arabera, bide berriak zabaltzeko ardura hartuko dute belaunaldi gazteek, euskarazko zine-zidorrak zabalduko dizkiguten bidegile berriek. Izan ere, zinea lekuko bat da beti, eskutik eskura pasatzen doana. Istorio bat belarritik belarrira kontatzen den eran, eta pantaila bakoitzean desberdina bilakatzen den moduan. Hori dela eta, aurtengo Euskal Zine Bilerak bere ibilbidean zehar izandako lorratzak jarraitu nahi ditu eta etorkizunekoak sortu.

Urte betez gehiago, Ikusgarri zine aretoak bere ateak irekiko dizkio Lekeitioko Euskal Zine Bilerari, zehazki urriaren 19tik 22ra bitartean. Jaialdiak 4 eguneko iraupena izango du, eta egun horietan zehar euskal ikus-entzunezkoen proiekzioak, aktore eta zuzendariekin solasaldiak, tailerrak eta sorpresaren bat ere izango dugu. Ezin dugu ahaztu gurea euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena dela. Orain dela 46 urte, Lekeitioko lagun talde batek zinema jaialdi amateur hura martxan jarri zuenetik, lau hamarkadatik gora daramatza euskarazko ikus entzunezkoentzako topaleku izaten.

Lehiaketa eta epaimahaia

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen Sail Ofizialeko Lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Guztira 19 film izan dira lehiaketarako aukeratuak izan direnak. Irabazleak aukeratzearen arduradunak Alaitz Arenzana (Zinegoak festibaleko zuzendari artistikoa), Ramon Agirre (ibilbide luzeko euskal aktorea) eta Nerea Alberdi (konpositorea, orkestratzailea eta moldatzailea) izango dira, zalantzarik gabe, esperientzia handiko epaimahai anitza izango dugu.

Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Azkenik, 2001. urtetik aurrera jaiotako zinegile onenari ere saria emango zaio. 46. EZBko Sari Banaketa urriaren 21ean ospatuko da, 19:30etik aurrera Ikusgarri zine aretoan. Ana Goitia eta Jon Garatek aurkeztuta.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

  • Film onenaren saria – 3.000 €
  • Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
  • Gidoi onenaren saria – 1.600 €
  • Ikusleen saria – 750 €
  • Gazte 22 saria (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 750€

Kameratoia

Euskarazko ikus entzunezkoen rally-a Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den ekimena da. 18 eta 26 urte bitarteko zinegile gazteek 36 ordu besterik ez dituzte izango film bat sortu eta aurkezteko. Edizio honetan, arrakasta handia lortzen ari den Estibaliz Urresola zuzendaria (20.000 especies de abejas) eta iazko Euskal Zine Bilerako zuzendari onenaren saria irabazi zuen Aitzol Saratxaga zuzendaria (Lanbroa) izango dira epaileak. Honetaz gain, partaideek soinu masterclass-a izango dute Asier Renteria soinu ekoizlearen eskutik. Izen-ematea urriaren 18ra arte egongo da zabalik. Kameratoiaren sari banaketa: Urriak 22, 16:30, Ikusgarri zine aretoan. Egindako lanen emaitzak proiektatuko dira, Ugaitz Alegriak gidatutako ekitaldian.

Zoom: Klixka

Euskal Zine Bilerako ZOOM atalaren barnean eta Lekeitioko biztanleei zuzendutako programa pedagogiko bat sortzeko asmoz, Arropaineko Arraguaren Klixka programa abian jarri da aurten. Klixka, ikus-entzunezko artxibo baten produkzioaren esparrutik bideratzen da, sorkuntza garaikideko praktiketatik, analogikotik digitalera mugituz, eta alderantziz, ikus-entzunezko praktika eta esperientzia zabaldu eta elikatzeko helburuarekin. Aurten, Azkue Ikastolako DBH3ko ikasleek eta Iturriotz Institutuko Batxiler 2ko ikasleek parte-hartu dute eta artista gonbidatuak Zaloa Ipina, Inaki Rifaterra eta Peru Galbete izan dira. Programa pedagogikoan garatu diren ikus-entzunezko artxiboak erabiliz Klixka esperimentazio gunea diseinatu dugu, tailerretan garatutako esperientziak biltzen dituen ekimena, non tailerretako parte-hartzaileek zein herritar guztiek esperimentatu eta jolastu ahal izango duten. Klixka Esperimentazio Espazioa: Urriak 21, 12:00 – 14:00 eta 17:00 – 19:00, kultur Etxeko Eskolape aretoan.


46. Euskal Zine Bilera: Jarraitu zinearen lorratza

Euskal Zine Bilera euskara hutsez egiten den ikus entzunezko jaialdi zaharrena da Euskal Herrian. Euskarazko zinema SORTUz, Euskararen zinema PARTEKATUz, Euskal Zinemagintza SARETUz...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude